Ugalderen aurpegi guztiak ikusgai

Ugalderen aurpegi guztiak ikusgai

Maria Ortega Zubiate

Martin Ugalde idazlea izan zen, kazetaria, politikaria; [Euskaldunon] Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakaria ere izan zen, sortzaileen taldekoa… Baina Martin Ugalde, edozeren gainetik, euskaltzale handi bat izan zen”, dio Joanmari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko ordezkariak. “Eta hori guztia bildu nahi izan dugu”. Hain zuzen ere, horixe egingo dute gaur Andoaingo Bastero kulturgunean estreinatuko duten erakusketan: Martin Ugalde Orradre. Jaiotzaren mendeurrena (Andoain, 1921Hondarribia, 2004).

JOANMARI_LARRARTE

Ugalderen bizitza eta ibilbidea bilduko ditu erakusketak, eta ertz asko landuko ditu, “poliedrikoa” baitzen Ugalde. “Kulturaren transmisioa egitea” zuen kezka andoaindarrak, eta egindako hori egungo gizartera helarazi nahi dute antolatzaileek. Erakusketako protagonistak bezala, antolatzaileek ere badute lehengoa ahaztuko den beldurra: “Gaur egungo mundu honetan, hain azkar doanez, askotan ahazten zaizkigu jendearen lana eta ekarpena; eta ez dugu kontuan hartzen gure aurrekoek zer lan egin zuten eta gu nondik gatozen”, azaldu du Larrartek. Eta, hain zuzen ere, hori da erakusketaren helburua: “Horretarako aprobetxatu nahi genuen urteurrena; alde batetik, Martin Ugalderen figura ezagutarazteko, eta, beste alde batetik, hark egindako ekarpen hori jendaurrean jartzeko”.

MARTIN UGALDEREN OMENEZKO ERAKUSKETA

“Eragile desberdin askoren artean” egin dute lanketa hori. Erakusketa antolatzeko ekimena Martin Ugalde kultur parkearena izan bazen ere, beste zenbait gizarte eragile eta administraziorekin elkarlanean aritu dira. Lehenik eta behin, haren familiaren onespena lortu nahi izan zuten, eta, gero, “Ugalderekin harreman zuzena” izan zuten eragileak bildu zituzten: Jakin eta Elkar fundazioak, BERRIA eta Euskal Idazleen Elkartea. Administrazioek ere hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, zein Andoaingo eta Hondarribiko udalek. Parte hartze zabal horrekin pozik azaldu da Larrarte: “Martin beti izan zen indarrak batzearen aldekoa, eta hori islatu nahi genuen guk erakusketarekin: lortu dugu hura gogoratuko duen mendeurrena egitea eta erakusketaren egiletzan aniztasun hori biltzea, izaera ezberdineko eragileek parte hartu dugulako”.

Panel ugarik osatzen dute erakusketaren oinarria; Ugalderen biografia eta haren ibilbideko arlo nagusiak bistaratuko dituzte. Testu batzuk ere badaude panel horietan; batetik, euskaltzaleak egindakoa gogorarazten dutenak, eta, bestetik, haren testuak. Kontakizun horiek irudikatzeko hainbat argazki ere egongo dira ikusgai Andoainen.

MARTIN UGALDEREN OMENEZKO ERAKUSKETA

Baina besterik ere izango du erakusketak, sustatzaileek bertarako preseski berreskuratu baitituzte Ugaldek argitaratutako zenbait liburu eta tresna: elkarrizketak egiteko erabiltzen zuen grabagailua, esaterako. Andoaingo Udalak eta Ugalderen sendiak utzitakoak dira objektu eta artxibo horiek. Ikus-entzunezkoak ere izango dira erakusketa aretoan: “Era berean, bideo bat ere badago, eta bi zati ditu: batetik, bere garaian EITBk egindako elkarrizketa bat, eta, bestetik, Martin Ugalde, bihotza golkoan dokumentala. Andoaingo euskaltzalearen lanari buruz Jone Amonarrizek eta Igor Agirrek egindako bideo labur bat da azken hori.

Aurten estreinatu duten erakusketa ez da hutsetik hasitakoa, Andoaingo Udalak 1997an antolatutako beste bat baitu oinarrian. “1997an Andoaingo Udalak omenaldi bat egin zion Ugalderi, eta erakusketa bat egin zuen horren harira; bertan, panel batzuetan bildu zuen bere ibilbidea. Martin Ugalde kultur parkea egin genuenean, panel horietaz gogoratu ginen, eta Andoaingo Udalak eman egin zizkigun parkean jartzeko”. 2002az geroztik, Martin Ugalde kultur parkean egon da euskaltzalearen bizitza jasotzen duen panel sorta hori, eta horiexek baliatu dituzte erakusketarako, eguneratuta eta objektu berriak gehituta.

MARTIN UGALDEREN OMENEZKO ERAKUSKETA

Jaioterrian, kutsu berezia

Andoainera, jaioterrira, heldu berri da Ugalderen bizitza eta obra irudikatzen dituen erakusketa, eta horrek badu zentzu berezi bat. Izan ere, azaroaren 11n, hurrengo ostegunean, ehun urte beteko dira Ugalde jaio zela. Hondarribian hasi zuen ibilbidea erakusketak, aurtengo udaberrian —euskaltzaleak bertan igaro zituen bere bizitzako azken urteak—. “Erantzun ona izan zuen, jende ugari joan zen ikustera; ezagutzen zutenak batzuk, eta oraindik ezagutzen ez zutenak besteak”, esan du Larrartek. Antolatzaileen asmoa zen Hondarribian hasi eta bere jaioterrian bukatzea erakusketaren ibilbidea, baina interes handia piztu du bidean, eta Donostian eta Bilbon ere egon da ikusgai.

Andoainen, noski, badu kutsu berezi bat erakusketak. “Euskal Herriko gizon bat da Martin”, adierazi du Larrartek. “Euskal Herri osoari egin dio ekarpena, baina Andoainen jaioa da, eta oso gogoko zuen bere herria”. Ugalde Andoainen bertan gogoratzea “oso garrantzitsua” dela uste du Larrartek, “bertako memoria delako”. Gainera, hark herriarekin lotura handia izan zuela ziurtatu du kultur parkeko ordezkariak: “Garai batean Laborde Hermanos fabrika zegoen gaur egun Martin Ugalde kultur parkea dagoen gunean, eta Ugaldek behin baino gehiagotan lan egin izan zuen fabrikan bertan. Oso lotura estua izan zuen bere herriarekin, eta horregatik diot oso garrantzitsua dela erakusketa hori Andoainen egotea”.

Ez hori soilik, euskaltzalearen liburutegia eta artxiboa bera Andoaingo Udalaren esku utzi zituen Ugalderen familiak. “Andoainen dago Martinen ondarea”, laburbildu du Larrartek. Eta horrela jarraituko duela gaineratu du, Bastero kulturguneko erakusketa bukatzen denean Martin Ugalde kultur parkean jarriko dituztelako, berriz ere, erakusketan erabilitako panelak. Ugalderen izena eta izana gogoratzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.