Ama lurrak emandako perla

Ama lurrak emandako perla

Josu Artutxa Dorronsoro

Udazkenero, Tolosako Udalak Amalur jardunaldiak antolatzen ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Alberto Luengo biologo tolosarrak sortu zuen proiektua, 2006an, herritar gehiagorekin batera, eta berak zuzendu ditu orain arteko aldiak. Naturaz, antropologiaz eta bidaiez hitz egin, hausnartu eta emozioak partekatzeko topagunea da Amalur, eta bertako eta nazioarteko puntako hizlariak biltzen ditu.

Jardunaldiek hamabost urte bete dituzten honetan, liburu bat argitaratu berri du Luengok: Amalur: bidaia, natura eta antropologia. “Atzera begirako lan bat da, Amalur jardunaldien espiritua bikain laburtzen duena”, aitortu du egileak. Egitura sinpleko liburua dela azaldu du: “Irakurterraza izan zedin nahi nuen, irudi eta testu arinen bitartez irakurle guztiek erraz ulertzeko modukoa”.

Horretarako, Luengok “anekdotak eta une gogoangarriak” eraman ditu paperera, baita idatzi originalak ere. 2006az geroztik zuen gordeta lehena, Javier Reverterena. “Ordutik buruan nerabilen proiektu honen ideia, eta hau une egokia iruditu zait argitaratzeko, aukera ematen duelako orain arte jardunaldietatik igaro diren hizlariekin dugun harremana ez galtzeko”.

Harro bezain harrituta

Liburua osatzea “prozesu luzea” izan da biologoarentzat. “Ez da erraza izan guztia biltzea, baina merezi izan du. Denbora tarte handia eskaini behar izan diot, baina zortekoa izan naiz, une gozoak berriz bizitzeko aukera izan dudalako. Ohorea izan da, eta harro nago”.

Publikoarentzat ezezagunak izango diren pasarteak irakur daitezke liburuan. “Hitzaldietan kontatu ezin daitekeen hori izaten da askotan interes handiena pizten duena. Nire kasuan, ordea, ez naiz ausartu zenbait gertakari argitaratzera”, aitortu du Luengok. Egilearen ustez, herritarrak ez dira konturatzen nolako hizlariak igaro diren oholtzatik. “Tartean, beldur eszenikoa izan dutenak etorri dira. Bigarren urtean, adibidez, Reverteren managerrak, aurrez adostutako kontratuaz gain, perla beltzak [babarrunak] eskatu zituen hobari modura, nire harridurarako”. Hitzaldiak prestatu gabe iritsi izan direnekin ere gogoratu da Luengo: “Txundituta utzi izan nau beren inprobisatzeko ahalmenak”.

Izen handiko adituek Tolosara joateko gonbidapena onartzen dutenean ere harrotasuna sentitzen du Luengok. “Ez da plaza erosoa, bertako publikoa oso kritikoa baita, errespetu handia sortzen duena. Hala ere, beren lanak aurkezteko erakusleiho bikaina da, konfiantzarako bultzada ederra. Komunitate bat egonkortzea lortzen dugu urtero, eta, bertako atmosferari esker, berriz etortzeko gogoz itzultzen dira etxera”.

Hamabost ataletan banatuta dago liburua; hain justu, jardunaldien aldi bat biltzen du atal bakoitzak, bilakaera kontatuz. “Lehen urteetan, gogotsu eta umiltasunez antolatu genituen, batere esperientziarik gabe, baina espero gabeko zerbait heldu zitzaigun: publikoaren erantzun bikaina”. Hasieran ilusioa zena gerora ardura bilakatu zaiela esan du: “Gaur egun, gureak merezi duen tokia du Euskal Herrian naturari buruz egiten diren jardunaldien artean”.

Urteotan dozenaka hitzaldi entzun eta hamaika irakaspen jasotzeko, “lantalde handia” izan du ondoan tolosarrak. “Balorazioa oso positiboa da. Publikoaren eta hizlarien arteko zubi lanak egitea egokitzen zaigu, eta ikaragarri betetzen nau horrek; asko ikasten dut. Jardunaldiak posible egiten dituztenengatik ez balitz, ez nuke idatziko orri bat bera ere”.

Eskerrak publikoari

Luengok nabarmendu du herritarren erantzunik ezean Amalur “desagertu” egingo litzatekeela. “Publikoak bat egiten du jardunaldien helburuekin; entretenitu egiten da, barruak mugiarazten dizkiogu, eta gogoetarako aukera sortzen da. Duela hamabost urte ez genuen uste horren osasuntsu egongo ginenik. Orainaz gozatu behar dugu, ez baitakigu etorkizunak zer dakarren”.

Horregatik, “urtez urte haziz joatea” da Luengoren asmoa, baina badu kezka bat: publiko gaztea. “Entretenituegi bizi dira, eta herriko baloreaz jabetu behar dute. Errua ez da haiena, gizarte osoarena baizik. Hori dela eta, etorkizuneko ikasketetarako bokazioa sortzea da helburu pertsonaletako bat, hezkuntzan galtzen ari den ezaugarrietako bat baita”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.