Haizeberritutako eskaera

Haizeberritutako eskaera

Miren Garate

Duela ia hamar urte, 2012ko urtarrilaren 14an, hil zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalari, idazle eta politikaria. Hura omentzeko hainbat ekitaldi egin zituzten hurrengo hilabeteetan, eta idazleek eskainitakoa izan zen haietako bat. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian elkartu ziren, Txillardegiren lehen hiru nobelen —Leturiaren egunkari ezkutua, Peru Leartzako eta Elsa Scheelen— irakurketa ozena egiteko. Eskaera bat ere atera zen ekitaldi hartatik: izenik ez duen Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegirena jartzekoa, hain zuzen ere. Haren heriotzaren hamargarren urteurrenaren harira, eskaerak indarra hartu du berriro, eta, 2012ko ekitaldi hartan parte hartu zuten idazle batzuen ekimenez, sinadura bilketa bat egiten ari dira.

Beñat Sarasola eskaeraren sustatzaileetako baten esanetan, “ikuspuntu kultural eta literariotik, inork ez du eztabaidatzen Txillardegiren garrantzia”. Horregatik, “alderdikeriak alde batera utzita”, Donostiako Udalak “detaile hori” izatea espero dutela esan du, Txillardegiren figurarekin egin dezaketen “gauza gutxienetako bat delako”.

'TXILLARDEGI UDAL LIBURUTEGIA'

Lehen proposamen hura Donostia Kultura enpresa publikoaren administrazio kontseilura iritsi zen, eta, 2013ko abenduaren 20an, bozketa egin zuten. Alabaina, ez zuen aurrera egin. EH Bildu zegoen orduan alkatetzan, eta udal gobernuaren babesa izan zuen egitasmoak. Oposizioan zeuden PSE-EE, PP eta EAJ alderdiek, ordea, kontra bozkatu zuten. Ezezko botoa arrazoitzeko, Txillardegi ETAren sortzaileetako bat izan zela aipatu zuten lehen bi alderdietako ordezkariek; EAJkoek, berriz, esan zuten adostasunik ez zuen izena zenez, ez zutela babestuko. “Giro politiko normalizatuago batean ea aukera dagoen Txillardegik Donostian bere liburutegia izateko, horretarako arrazoiak sobran baitaude”, esan du Sarasolak.

Koldo Mitxelenaren adibidea aipatu du. Hizkuntzalaria, idazlea, unibertsitateko irakaslea eta euskara batuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen hura ere. “Koldo Mitxelenak badu bere izeneko liburutegia, Donostian, eta uste dugu oso egokia dela euskara batuaren sorrerako bi erreferente nagusien izeneko liburutegiak kilometro bat baino gutxiagoko distantzian egotea”.

TXILLARDEGIRI_OMENALDIA

Lehen eskaera hura sinatu zuten idazle guztiei galdetu diete ea ikusmolde berari eusten dioten, eta guztiek erantzun dute ados daudela eskaerarekin. Kulturaren arloko beste esparru batzuetara ere zabaldu dute sinadura bilketa, eta, sare sozialetan izandako oihartzuna medio, bestelako herritar batzuek ere izenpetu dute proposamena. Sinadura kopuru “txukun” batera iristean, bide formalari ekin, eta Donostiako Udalarekin hartu-emanetan jartzeko asmoa dutela iragarri du Sarasolak.

Aitortza falta

Nahiz eta orain idazle talde batek hartu duen bere gain udal liburutegiari Txillardegiren izena jartzeko sinadura bilketa, Txillardegi Udal Liburutegia herri ekinaldiak ere lanean dihardu oraindik. “Oso begi onez ikusten dugu idazle horiek lekukoa hartu eta beste planteamendu bat egin izana, Txillardegi hil eta hamar urtera hasieran bezala baikeunden”, esan du Fito Rodriguez elkarteko lehendakariak.

Haren esanetan, Euskal Herrian askotan gertatu izan da gauzak “erabat trabatuta eta enkistatuta” geratzea. “Horietako bat bideratzeko aukera dugu: batez ere, euskal kulturarentzat izan daiteke onuragarria, baina eguneroko normal bat partekatzeko ekarpena ere izango litzateke”.

Hil zenetik, hainbat omenaldi egin dizkiote Txillardegiri. AEK-k 21. Korrikan egin zion, eta Txillardegiren klika dokumentala ere atera zuen; euskara batuaren 50. urteurrenaren harira, Oñatiko Udalak Arantzazuko Milikua etxean hura omentzeko oroigarria jarri zuen; EHUk Donostiako campusean Txillardegi erakusketa aretoa sortu zuen, hogei urtean izan baitzen unibertsitate horretako irakasle; EHUk eta Soziolinguistika Klusterrak elkarrekin antolatzen duten ikerketa saria Txillardegi Hausnartu soziologia saria izendatu zuten; Jakin-ek haren idazlanak sarean jarri zituen…

TXILLARDEGI

Tokian-tokian, izan dira ekitaldi gehiago ere. Alabaina, Rodriguezen ustez, aitortza publikoa ez da izan merezi adinakoa. “Hasieran, uste nuen jendeak ez zekiela zer-nolako ekarpena egin zuen”. Bestelako iritzia du orain: “Konturatu naiz jendeak oso ondo ezagutzen duela Txillardegiren lana, eta horregatik baztertu nahi dutela. Orain dauden politikariak eta erreferentzia literarioak nanoak dira harekin konparatuta, eta ez dute ikusi nahi, oso gaizki geratuko liratekeelako”. Aipatu du Katalunian, esate baterako, Pompeu Fabrak bestelako aitortza bat izan duela. “Katalana batzeko lan izugarria egin zuen, eta, egun, haren izena duen unibertsitate bat dago. Txillardegirekin, bazterketa egon da; gainera, intentzio txarreko bazterketa, eta ezin dugu onartu, Txillardegi bera eta haren ekarpena ezagutzen dugulako”.

Udal liburutegiak Txillardegirentzat zer-nolako “garrantzia” izan zuen gogoratu du Rodriguezek. “Ordu asko eman zituen han, dokumentu zaharren bila”. Donostia ere haren literaturan asko agertzen zela nabarmendu du. “Batez ere, Haizeaz bestaldetik argitaratu zuenetik, Donostia etengabeko erreferentzia bat izan zen Txillardegiren lanetan. Harentzat, Donostia ez da geografia bakarrik; agertoki bat da, haren literatura guztian ikusten dugun erreferentzia bat, eta erreferentzia horiek udal liburutegitik ateratzen zituen gehienetan”.

Mahai inguruak eta sorpresa

Txillardegi Udal Liburutegia elkarteak urtero antolatzen ditu zenbait ekitaldi haren heriotzaren urteurrenaren harira, eta prest dute aurtengo egitaraua ere. San Telmo museoarekin elkarlanean, bi mahai inguru egingo dituzte: Txillardegik bere garaian Argia aldizkarian egindako kroniketan oinarritutako liburu bat aterako du Susa argitaletxeak, eta hura izango da lehen mahai inguruaren gaia, urtarrilaren 11n. Hauek izango dira parte hartzaileak: Koldo Izagirre —kronikak hautatu ditu—; Juan Luis Zabala —sarreraren egilea da—; Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria —han ohorezko bazkidea zen Txillardegi—, eta Gorka Bereziartua Argia-ko kazetaria. “Aipagarria da liburu hori narratiba sailean argitaratuko dutela, ez saiakeran; erakusten du narratiban ere bazuela estilo propio bat, ez pentsalari gisa bakarrik”, dio Rodriguezek.

Bigarren mahai inguruan, hizkuntzaren filosofiatik eta soziolinguistaren arlotik abiatuz aztertuko dute Txillardegi Alaitz Aizpuru Jakineko kideak eta Iñigo Urrutia EHUko irakasleak. Urtarrilaren 14an, heriotzaren 10. urteurrenean, ohiko omenaldia ere egingo du Txillardegi Udal Liburutegia elkarteak, Donostian, Antiguan, jendeak Txillardegi plaza izenez ezagutzen duen Gaskuina plazan —Txillardegi ageri den horma irudi bat dago han—. “Nahiko ekitaldi aktiboa eta hunkigarria ez ezik, emankorra ere izaten da; beti eman digu gauza berriren bat. Aurten ere emango dugu, baina sorpresa da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.