A-15ean bertan nahi dute irtenbidea

A-15ean bertan nahi dute irtenbidea

Unai Zubeldia

“Guk ez genekien ezer”, salatu du Amaia Azkuek (EH Bildu), Berastegiko alkateak: “Beste behin ere, komunikabideen bidez jakin dugu dena; ustekabean iritsi zaigu erabakia”. Horrek sortu die harridura eta haserrea. “Ez dugu aukerarik izan iritzia emateko ere, eta horrelako erabakiak ezin dira hartu errealitatea gehiago aztertu gabe”. Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean, ostegunean, jakinarazi zuen 2021-2022rako Neguko Bidezaintza Plana, eta orduan azaldu zuen A-15 autobidea, Andoaindik Berastegiko lotunera artekoa, erabat itxiko dutela elurra egiteko arriskua 1. mailakoa edo handiagoa denean; alegia, Euskalmet euskal meteorologia agentziak 700 metrotik behera elurra egingo duela iragartzen duen bakoitzean. Azken urteotako datuak aintzat hartuta, gutxienez 10-12 aldiz ixteko arriskua egongo litzateke aurtengo neguan ere.

Kasu horretan, Berastegi eta Tolosa lotzen dituen GI-2130 errepidea hartu beharko dute ibilgailu arinek. Hamabi kilometro luze da errepide hori, eta tartean daude Elduain, Berrobi eta Ibarra. Oihana Amundarain (EH Bildu) Elduaingo alkatearen hitzetan, A-15a itxita “kaos handia” sor liteke GI-2130 errepidean. “Obrak tarteko A-15a tarteka itxi izan dutenean, bi ordu ere behar izan ditugu batzuetan Elduaindik Tolosara iristeko, pentsa!”.

Belabietako tunelean estaldura sendotzeko eta instalazioak egokitzeko egiten ari diren obrak daude aldundiaren erabaki horren atzean. “Baina goian, A-15 autobidean bertan aurkitu behar da irtenbidea, eta ez beherago”, adierazi du Azkuek. “Elurra kentzeko makinak egokitu, palak erabili, tuneletik kanpo eremua zabaldu… Ez dakit zein den irtenbiderik onena, baina tunelean ez da egongo elurrik, eta tunelean sartu beharrik ez dauka elurra kentzeko makinak”. Iritzi berekoa da Amundarain ere. “Zaila da irtenbidea, baina proposatu dutena ere ez da egokiena. Elurra kentzeko makina txikiagoak, palak… Ez dakit. Baina goian elurra badago, egoera txarrean egongo da gure errepidea ere”.

Irtenbide bila

Beren ezinegona azaltzeko “eta irtenbideren bat bilatzen saiatzeko”, Berastegiko, Elduaingo, Berrobiko eta Ibarrako alkateek bilera egingo dute gaur, 09:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako departamentuarekin, Donostian, aldundiaren egoitzan bertan. Olatz Peon (EAJ) Tolosako alkatea ez da izango bilera horretan. “Elurra egiten duenean, Tolosan ere nabarituko dugu autoen joan-etorri handiagoa”, onartu du Peonek. “Baina, edonola ere, aldundiak adierazi du era koordinatuan lan egingo dutela desbideraketak egiteko, eta A-15eko baliabideak gainerako errepideetara bideratuko dituztela elur egunetan. Aldundiak neurriak hartu ditu eragina ahalik eta txikiena izan dadin”.

Ez da iritzi berekoa Amundarain: “Salduta geldituko gara gu, ez gora eta ez behera, erdi-erdian baikaude. Oso gogorra izango da egoera, eta herritarrak guri etorriko zaizkigu kontu eske; ez dira joango aldundira”.

Bilera egin arte, zain

Igor Zapirain (EH Bildu) Ibarrako alkateak espero du “ondo pentsatu gabe hartutako erabakia” izan dela lehengo astekoa, eta aldundiak “pauso bat atzera” emango duela gaur. “Ibarran, herriaren erdi-erditik igarotzen da GI-2130 errepidea, eta guk ere asko nabarituko genuke autoen joan-etorria”. Baina larrialdi egoerekin dago bereziki arduratuta Zapirain. “Anbulantziak Tolosako Asuncion klinikara edo Donostiara ahalik eta azkarren joan beharko balu, ez litzateke iritsiko, inbutu antzeko bat sortzen delako beti Ibarran”.

David de Miguel (PSE-EE) Berrobiko alkateari Berastegiko alkateak deitu zion gaurko bileraren berri emanez. “Eta hantxe izango naiz ni ere”, ziurtatu du. “A-15ean edozein arazo dagoenean, Berrobin ere berehala nabaritzen dugu trafikoa ugaritu egiten dela, eta arazo dezente sor daitezke diputazioaren azken erabaki honekin”. Zapirainen moduan, nahiago du lehenik eta behin aldundiaren hitzak entzutea eta hartu beharreko erabakiak ondoren hartzea. “Oraingoz, ez dugu ezer erabaki Berrobin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.