“Munduko probarik onenetan ere ez dut ikusi hemen dagoen zaletasunik”

Eskatu gabe, baina gustura hartu ditu bizitzak parean jarri dizkion bideak. Mendi lasterketetan parte hartzetik horiei buruz idaztera pasatu zen, kazetari lana ogibide bihurtzeraino.

Imanol Garcia Landa

Tolosan “hamar bat urte” daramatza bizitzen Unai Ugartemendiak (Andoain, 1975). Aurretik, Alegian bizi izan zen hainbat urtean, baina “andoaindarra” dela esaten jarraitzen du berak. “Uste dut ez dudala irabazi bestelako titulurik, eta, oraingoz, oso harro nago andoaindar izateaz”. Kazetaritza ikasketarik egin ez arren, kazetari titulua irabazi du jada; azken urteotan mendiari lotutako kiroletan espezializatu da kazetari gisa, BERRIAn, besteak beste.

Noiz hasi zinen kazetaritza lanak egiten?

2010 inguruan, nahigabe; azken hamar urteotan horrela gertatu zaizkit gauzarik gehienak. Mendi lasterketetan ibilitakoa naiz betidanik, eta aukera etorri zitzaidan bere garaian martxan zegoen Euskatrail.com webgunearen bitartez. Igor Lopez zornotzarra zen egilea, uzteko asmoa zuela adierazi zuen, eta Joseba Usabiaga eta Jon Ubide lagun tolosarrekin hasi nintzen hura kudeatzen. Boluntario lana izan zen, eta han hasi zen nire kazetari ibilbidea.

Ordutik ez zara gelditu, eta zure ogibide bihurtu da kazetaritza.

Bai, hala da. Euskatrail.com-en arituta etorri zitzaidan Ternuako bloga idazteko gonbita, mendi lasterketetako euskal selekzioaren nondik norakoak-eta kontatzeko. Gero, handik etorri zen BERRIA egunkariko aukera, hortik telebistakoa [ETB 1eko Gailurra Xtreme saioan aritu zen, kamerari gisa]… Kate bat izan da dena. Ustekabean iritsi ziren denak, baina guztiak probatzeko aukera izan dut, eta gustura nago.

Mendiari buruzko orrien ardura hartu zenuen BERRIAn, eta hor jarraitzen duzu oraindik ere.

Bai. Oraindik ez gaituzte bota, eta hor jarraitzen dugu. 2015ean-edo hasi nintzen. Aurretik, Ainhoa Lendinezek egiten zuen lan hori, eta lehenago niretzako mundu honetan inspirazio iturri izan denak: Ramon Olasagastik. Elkarrizketa bat egiteko deitu zidaten, eta bukaeran galdetu zidaten ea hurrengo asterako zerbait idatziko nuen. Euskotrail.com-en ohituta geunden gauza laburrak idaztera, baina bi orrialde oso dira BERRIAn. Etxera joan eta gogoan dut berrehun hitz-edo idatzi nituela. Orduan pentsatu nuen ez nuela balioko horretan aritzeko, eta Ramon Olasagastiri deitu nion arratsalde horretan. Lasai egoteko esan zidan. “Gu ere horrela hasitakoak gara”, bota zidan, hilabete batzuetara konturatuko nintzela bi orrialde idaztea ez zela ezer. Bigarren hilabeterako asko lasaitu nintzen, gauzak ateratzen hasi ziren, eta hor konturatu nintzen kontaktuen agenda ona behar duela kazetariak, uneren batean norbaitek huts egiten badu, beste norbait hor izateko.

Mendiaren alorrean zer kirol sartzen dira, zehazki?

Eremu zabala da. Urtean zehar mendi lasterketak, mendi eskia, eskia, eskalada, mendi bizikleta, mendi duatloia… sartzen ditut. Euskal Herriak hori du ona: oso lurralde txikia da, baina sekulako kirolariak izan ditugu urteetan mendiari lotuta, munduko onenetako batzuk ere bai. Adibidez, zortzimilakoak igo dituztenak berrogei bat inguru izango dira, eta horietatik hiru euskal herritarrak dira: Juanito Oiartzabal, Alberto IƱurrategi eta Edurne Pasaban. Beste hainbeste daude hamar igo dituztenak: Alex Txikon, Juanjo San Sebastian… Geuregandik 100 kilometro eskasera ditugu guztiak, eta, alde horretatik, oso erraza da eurekin lan egitea.

Zer moduzkoa izan zen telebistako esperientzia?

Modu bitxian iritsi zitzaidan aukera. Irratsaio batean sartzera nindoan, zuzenean, eta gogoan dut bezperan lagun batekijn aritu nintzela saio horri buruz. ETBtik deitu zidaten irratian zuzenean sartzeko bost minutu baino gutxiago falta zirela, saio bat egin behar zutela-eta azalduz. Orduari begiratu, eta lagunen bat harpa jotzen ari zitzaidala pentsatu nuen. Saio bat nuela eta geroago deitzeko esan nion. Bada, pertsona berak deitu zidan, esanez programa bat prestatzen ari zirela eta ea eurei laguntzeko prest nengoen. Produkzio lana izango zela, pertsonaiak bilatuz, eta sei edo zazpi saio izango zirela hasiera batean. Hilabete eta erdiko lana izan behar zuena lau urterako lana bilakatu zen gero. Zortea izan nuen, izugarrizko jendea ezagutu nuelako bertan, lankide onak. Hiru urtez Andoni Aizpururen erredaktore lanak egiten bukatu nuen, eta harekin zerbait ikasten zen egunero. Lagun handiak gara ordutik, eta maratoi batzuk egin ditugu elkarrekin.

Ba al duzu asmorik telebistako beste proiekturen batean parte hartzeko?

Beste programa batzuetan ere lan egiteko aukera izan dut azken urteotan, eta ezetz esan izan dut. Joan den irailean hasi nintzen beste saio baterako lanean. Hilabetez aritu nintzen, baina horretara bakarrik egotea eskatzen du telebistak, eta, beste eginbeharrik baduzu, ez da posible. Konturatu nintzen urtea larri pasatuko nuela, eta aurretik neuzkan konpromiso asko utzi egin beharko nituela; ez zuen merezi. Irratia probatu dut; bizpahiru urtez Radio Vitorian aritu nintzen, Euskadi Irratian ere bai beste urtebetez, eta zerbait aukeratu beharko banu, irratia aukeratuko nuke. Beste maila bat da, askoz interesgarriagoa.

Komunikazioaren beste alor bat ere ezagutu duzu: Euskal Herriko Mendi Federazioko prentsa arduraduna izan zara.

Hiru urte pasatu nituen bertan, aurreko lehendakariarekin. Iruditzen zait azken urteotan izugarrizko lana egin dutela Euskal Herriko Mendi Federazioan, baina uste dut beste mundu batetik datozela orain sartu diren agintari berriak. Ez zaie hainbeste interesatzen prentsan agertzea, eta zeharo beste leku batean kokatu direla uste dut. Lanketa handia egin genuen hiru urtean, mendia ez delako egunero agertzen prentsan. Mendiari buruzko prentsa agerraldi bat egiteko, norberak ibili beharra dauka jendearen atzetik, baina lortu genuen. Ea egunen batean berriro norbait hasten den lanketa horretan, merezi duela uste baitut.

Zer eman dizu urteotako kazetaritza ibilbideak?

Dena eman didala esango nuke. Azken urteotan ez dut izan lanera nindoan sentsaziorik ere. Kazetaritzak aukera eman dit jende ikaragarria ezagutzeko, inoiz esperoko ez nukeen jendea ezagutzeko. Gizakia ezagutzeko aukera izan dut, kirolaritik harago dagoen pertsona hori ezagutzekoa. Kontaktuen agenda asko betetzeko aukera ere eman dit, eta, gehienbat, lagun asko egitekoa.

Tolosaldeko 3 Tontorrak maratoiaren antolakuntza taldean ere bazabiltza. Sona handia lortu du proba horrek, ezta?

Handituz joan da proiektua. Lasterketa batekin hasi ginen lehenengo; 450 parte hartzaileren muga jarri genuen, baina lehenengo urtean bete egin zen jada. Distantzia txikiagoko proba bat antolatzeko beharra nabaritu genuen gero, Tolosaldekoentzat batez ere, baina izugarri jende pilak parte hartzen du. Bolumen handia hartu du; izugarrizko poza ematen du ia mila korrikalari ikusteak, baina ardura ere bai. Beti egoten dira zalantzak, baina oso gustura gaude orain arte egindako lanarekin. Jendeak harrera ona egin dio eta jarraitzeko asmoa dugu. Gerora gustatuko litzaiguke atzetik norbait egotea, erreleboa ematen joateko.

Nola ikusten duzu mendi lasterketen errealitatea?

Iruditzen zait mendi lasterketek orain dela bi urte inguru jo zutela sabaia. Euskal Herrian herri gutxi izango dira mendi lasterketarik gabeak. Andoainen, esaterako, uste dut bost mendi lasterketa egiten direla. Lehen, agian, bai, baina orain ez dago hainbeste jende hainbeste lasterketak denbora askoan irauteko. Uste dut bi urte barru lasterketa asko ez dituztela antolatuko, eskatzen duen lanagatik, batetik, eta, antolatzen denbora asko igaro ondoren, lasterketa batzuetan 50 pertsonak parte hartzen dutelako, bestetik. Pandemiak baretu egin du pixka bat dena. Ondo antolatuta dauden eta zerbait berezia duten lasterketek aurrera egingo dute, baina uste dut ez antolatzeko hautua egingo dutela beste askok. Ez dut pesimista izan nahi, baina…

Argi dago, dena den, erakargarriak direla mendi lasterketak.

Zalantzarik gabe. Naturan egotea, isiltasun betean… Hori ezin da konparatu poligono batean edo errepidean korrika egitearekin. Oso ezberdina da. Badu erakargarritasun hori. Euskal Herrian ez dugu 1.500 metro baino altuagoko mendi askorik, baina herri bakoitzak badu tontor edo muino bat, eta horiek ezagutzeko aukera ematen dute mendi lasterketek. Mendiak berde-berde egoten dira normalean, mendi ederrak ditugu, eta zorte hori, behintzat, badugu.

Mendi altu-altuak ez, baina aldapak badaude, behintzat.

Bai, eta zaletasuna ere bai. Niri tokatu izan zait Europako lasterketa batzuetara joatea, eta, ez da euskaldunak garelako, baina munduko probarik onenetan ere ez dut ikusi hemen daukagun zaletasunik. Italian egon izan naiz, eta han mendi askotan ez da inor egoten. Hemen oso gutxitan gertatzen da hori.

Liburu bat ere idatzi duzu Iker Karrerarekin batera, Bidea ipar izenekoa, bere kirol ibilbidea jasoz. Zer bide egin du liburuak?

Biok espero ez genuena. Nire lehen liburua zen, Ikerrek ere aurretik ez zeukan horrelakorik eginda, eta ez genekien zer bilakaera izango zuen. Aurkezpena egin, salgai jarri eta kito, hori geneukan buruan. Baina urtebete pasatu da eta 25 bat aurkezpen egin ditugu dagoeneko. Ezustekoa izan da guretzat. Euskaraz publikatu zen lehenengo, iazko irailean, eta badirudi 1.500 ale baino gehiago saldu direla jadanik. Aurtengo martxoan aurkeztu genuen gaztelaniazko bertsioa, eta mila ale baino gehiago saldu dira. Nik ez dut ulertzen kopuruez, baina uste dut nahikoa badirela. Oso pozik gaude.

Zuretzat zer da mendia?

Kontraesan batzuk baditut mendiarekin. Andoaingo baserri batekoa naiz; mendia deitzen zaiona baserritik oso gertu genuen, baina ez daukat sentsaziorik gaztetan asko ibilitakoa naizenik. Gero, 18 urterekin-edo, lagun batzuekin hasi nintzen Pirinioetara joaten, eta uste dut han deskubritu nuela gehiago mendia. Oso leku erakargarria zela konturatu nintzen, altuerak ere erakartzen ninduen, eta oso gustura ibiltzen ginen. Gerora gehiago jorratu dudan eremua izan da hori. Zaila egiten zait mendia deskribatzea, baina uste dut bakea behar dudanean edo lasai egon behar dudanean joaten naizen lekua dela. Lasaitasuna, isiltasuna… Bakarrik joatea gustatzen zait askotan, baina gustukoago dut lagun batekin joatea.

Ikasketaz, berez, arotza zara. Nolatan?

Aita ere arotza izandakoa da. Gogoan dut 16 urte nituela haren ibilbide bera egin nahi nuela. Ez hainbeste ordu sartuta, astelehenean hasi eta larunbat askotan ere lanera joaten zelako. Zaletasun handia izan dut betidanik, eta erremintak-eta eskura eduki izan ditut beti, asko gustatzen zaidalako. Egun, astean arratsalde batean-edo elkartzen naiz lagun batekin, furgonetentzako altzari txiki batzuk egiteko. Niretzat horiek izaten dira asteko hiru ordurik lasaienak. Batere buruko minik ematen ez didan lanketa bat da eta gustuko dut oraindik.

Aurrera begira baduzu oraindik jorratu ez duzun proiekturen bat gauzatzeko gogorik?

Jorratu, asko jorratuko nituzke. Iker Karrerarekin egoten naiz orain, eta arriskutsua da hari gauzak pentsatzeko denbora uztea, beti dauzkalako proiektuak buruan. Bestela, komunikazioaren alorrean, ilusio handia egingo lidake irratian kirolari lotutako saio bat egiteak. Oso gustuko dut elkarrizketak egitea, eta horretarako oso komunikabide polita iruditzen zait irratia.