Musika beltzari keinuka

Musika beltzari keinuka

Unai Zubeldia

Hirugarren pausoa izango du Soraluzeko Blues Hotsak jaialdiak. Gaur hasi eta azaroaren 28ra arte, zazpi emanaldi eta argazki erakusketa bat izango dira herriko antzokian. “Ondo moldatu gara azkenerako”, aitortu du Ubane Usin Blues Hotsak jaialdiaren arduradunak —Errabal kultur elkartea da antolatzailea—. “Berrogeialdien, aforoen eta gainerakoen beldurrez ibili gara hilabeteotan, baina, arazoak arazo, aurrera egitea erabaki genuen uztailean”. Proiektua duela bi urte sortuta, iaz COVID-19aren pandemiak bete-betean harrapatu zuen jaialdia. “Hala moduz egin genuen iazkoa, baina ez genuen etsi, eta sarrera guztiak saldu genituen. Aurten ere, zorionez, Euskal Herrian dagoen blues jaialdirik onentsuena antolatzeko gai izango gara”.

Usinek azpimarratu du “kasualitatetik gutxi” daukala Blues Hotsak jaialdia Soraluzen antolatu izanak. “Gaztelupeko Hotsak zigilua daukagu herrian, eta musika beltzaren oso zaleak dira diskoetxe horretan. Horren eraginez, herrian bertan beti eduki izan dugu musika beltza entzuteko ohitura”.

Azken asteotan nabarmen gora egiten ari dira positibo kasuak. “Baina kulturgintzak eta aretoek erakutsi dute jada badakitela egoera berezi honi aurre egiten; jendeak maskara janzten du, eserlekua errespetatzen du… Publikoak demostratu du kultura ez dela arazoa”, ziurtatu du jaialdiaren antolatzaileak.

Blues Hotsak jaialdiaren bereizgarri moduan, Usinek azpimarratu du asko zaintzen dutela generoaren ikuspegia. “Oreka mantentzen saiatzen gara beti, eta, horren erakusgarri, emakumezkoen proiektuak dira aurtengo bost emanaldietatik hiru”. Film proiekzio bat —Janis Joplin: Little girl blue— eta Soraluzeko musika eskolako ikasle eta irakasleak osatutako taldearen saio bat dira beste bi emanaldiak. “Bestalde, aurten, jaialdia nazioartekoagoa izatea zen gure helburuetako bat, eta lortu dugula uste dut. AEBak, Ingalaterra, Afrika… Proiektu desberdin dezente lotu ditugu”.

Usinen hitzetan, Soraluzetik eta Soraluzerentzat egindakoa da jaialdia, bereziki. “Baina, kanpotarrei begira, gure webgunean saiatu gara afaltzeko eta lotarako tokiak ere eskaintzen; ahalegin hori ere egin dugu aurten”. Blues Hotsak jaialdiaren arduradunak aitortu du, aurrekontuari dagokionez, “arrisku handiak” hartzen dituztela urtero. “Geure kabuz antolatzen dugulako jaialdia. Baina argi daukagu programazio ona osatzea dela gure apustua”. Badakite jaialdia Eibarrera eramanda oihartzun handiagoa lortuko luketela ziurrenik. “Baina Soraluzen bertan mantendu nahi dugu, herrian sortutako proiektua delako”. 10 euro ordaindu beharko dira kontzertu bakoitza bertatik bertara ikusteko —berrehun lagunentzako tokia dauka Soraluzeko herriko antzokiak—; Alex Rodriguez Cruzen erakusketa ikusteko, berriz, ez da sarrerarik ordaindu beharko.

GAURTIK AZAROAREN 28RA

Argazki erakusketa

“Era guztietako musikaren zale amorratua naiz; musika beltzarena, soularena, jazzarena… eta, batez ere, bluesarena”. Alex Rodriguez Cruz argazkilari espainiarraren hitzak dira. Bluesaren zuzeneko mundua izena jarri dio gaurtik herriko antzokian ikusgai egongo den erakusketari. “Munduko edozein txokotara joanda ere, han egongo da Alex”, azaldu du Usinek. Egunero egongo da ikusgai erakusketa, 17:00etatik 20:00etara.

GAUR, OSTIRALA

Watermelon Slim Blues Band

William Homans kazetari, kamioilari, nekazari eta musikari estatubatuarraren ezizena da Watermelon Slim. “Mundu mailan garrantzi handia daukan blues musikaria da Watermelon Slim. Adinekoa da jada, eta Vietnamgo gerran egondakoa, besteak beste”, zehaztu du Usinek. “Hain zuzen ere, bere bizimoduaren berri ematen du bere emanaldian”. 1973an grabatu zuen bere lehen disko antibelizista: Merry Airbrak. 1999ra arte ez zuen kaleratu beste diskorik. Besteak beste, 2007an eta 2008an hamazazpi izendapen lortu zituen Blues Music Awards sarietarako, eta garaikur hori bi aldiz irabazi duen musikari bakarra da gaur egun. Gaur, 20:00etan hasiko da kontzertua.

BIHAR, LARUNBATA

Izo Fitzroy Banda

SORALUZEKO BLUES HOTSAK

“Izo Fitzroyk Europako jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu du iaz eta aurten, eta oso harrera ona izan du”, azaldu du Blues Hotsak jaialdiaren arduradunak. “Pare bat urte barru guretzat iritsezina izango dela uste dut, oso maila oneko musikaria baita jada”. Soul garaikidearen ahotsetako bat da Fitzroy, gospelaren, Motownaren eta rock klasikoaren eragin nabarmena daukana. 2017an kaleratu zuen lehen diskoa: Skyline. “Gordintasuna, interpretazioaren dinamikoa eta konposizioaren zintzoa” dira musikari britainiarraren ezaugarrietako hiru. Bihar izango da kontzertua, 20:00etan.

ETZI, IGANDEA

Eunice

Izatez, gasteiztarra da Mayka Edjole abeslaria, musikagilea eta DJa, “nahiz eta Madrilen bizi den aspaldian”, zehaztu du Usinek. Edjoleren taldeak aspalditik zeukan buruan Nina Simone artista eta aktibista ospetsuari buruzko lan bat egitea —Eunice zen Nina Simoneren lehen izena—. “Baina, pandemia betean, ez zuten pausoa ematen, eta guk egin genuen apustu hori. Enkargu moduan, laguntza emango geniela esan genien, eta gure jaialdian izango dute estreinaldia”, jakinarazi du Usinek. Nina Simoneri AEBetan nagusi zen arrazakeriak eragotzi zion umetatik gogotik saiatu zen piano klasikoko kontzertista handi bat izatea. Edjolek, Gabri Casanovak, Lucas de Mulderrek eta Javier Gomezek abeslari estatubatuarraren ibilbide luzeko genero eta estilo guztiak bildu dituzte lan berrian. Igandean, 20:00etan hasiko da kontzertua.

AZAROAK 25, OSTEGUNA

Janis Joplin: Little girl blue

Hiru eguneko atsedenaren ondoren, Amy Berg zuzendariak Janis Joplin abeslari estatubatuarrari buruz egindako dokumental batekin berrekingo diote, azaroaren 25ean, Eskoriatzako Blues Hotsak jaialdiari. “Emakume musikari baten bizitza gogorra islatzen du Litte girl blue dokumentalak”, argitu du jaialdiaren arduradunak. 21:00etan hasiko dira filma proiektatzen —106 minutuko iraupena du—; ingelesez eskainiko dute, gaztelaniazko azpitituluekin. “Euskaraz lortu nahian ari gara, baina ezinezkoa izan da oraingoz”, esan du Usinek.

AZAROAK 26, OSTIRALA

Niko Etxart & Hapa Hapa

“Euskal Herriko blues-rock soinuen aitzindariak” ere tokia izango du Blues Hotsak jaialdian: hurrengo ostiralean, 20:00etan. “Gogoa geneukan Niko Etxarten gisako bertako artista bat ekartzeko. Nazioartera begiratu dugu, baina beti egongo da bertakoentzako tokia”, ziurtatu du Usinek. Etxartek Odol Berri, Ximinorak eta Zazpi Gara taldeetan eman zituen lehen pausoak, eta 1976an sortu zuen Minxoriak taldea. 1990etik aurrera, Hapa Hapa taldearekin egin zuen bidea, eta, 68 urterekin, zuberotarrak sormen lanean murgilduta jarraitzen du oraindik ere.

AZAROAK 27, LARUNBATA

Koko-Jean & The Tonics

Bigarren asteburuan sartuta, soul, erritmo eta groove estiloen nahasketa proposatuko du Bartzelonako Koko-Jean & The Tonics taldeak. Koko-Jean Davis, Anton Jarl, Victor Puertas eta Dani Baraldes dira taldeko lau kideak. “Musikari handiak dira bakoitza bere aldetik, eta disko berria aurkeztuko dute, gainera. Oso gogotsu etorriko dira”. Iazko otsailean kaleratu zuten lehen lana, Hairwhip LH, eta joan den urrian aurkeztu zuten euren ibilbideko bigarrena, Shaken & Stirred, soul, blues eta rock-and-roll pintzelkadak biltzen dituen diskoa. Azaroaren 27an, 20:00etan hasiko da kontzertua.

AZAROAK 28, IGANDEA

Musika eskola – Konboak

Jaialdiaren azken kolpe gisa, “festa moduko bat” izango da azaroaren 28ko saioa: Soraluzeko musika eskolako ikasleek eta irakasleek sortutako ikuskizuna; 13:00etan hasiko da. “Iaz hasi ginen musika eskolako maisuak eta ikasle helduak elkartu eta saio berezi bat sortzen. Soraluzetarrentzako emanaldia izaten da, oso dibertigarria. Jaialdia amaitzeko modu polita izango da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.