Sare bat, inklusio osoa helburu

Sare bat, inklusio osoa helburu

Maria Ortega Zubiate

Latinoamerikako 3.000 migratzaile inguru daude Debagoienean, baina ez dute elkar ezagutzen. Horretaz jabetu ziren Arrasaten sortu berri duten Amerika elkarteko kideak, eta elkartea babesgune bihurtu nahi izan dute; komunitatea eratu, beren jatorrizko herrietatik urrun dauden horiek elkartzeko toki bat izan dezaten. Izan ere, Daniela Castro elkarteko presidenteak dioenez, nagusien zaintzan ari diren emakumeak dira kolektiboko kide gehienak; alegia, “erdi esklabotzako” baldintzetan bizi dira gehienak, eta ez hori soilik: Euskal Herrian inklusiorik ez dela gauzatzen ondorioztatu dute, Castroren hitzetan. Egoera horri irtenbide bat emateko asmoz eratu dute elkartea; “lan duina” aldarrikatzeko, “baina baita kulturen arteko harremanak indartzeko ere”.

“Gure ustez, inklusioak ekonomikoa, soziala eta kulturala izan behar du”, laburbildu du Castrok. Elkarteko kideek jasaten dituzten oztopo eta trabak gizartearen gainontzeko sektoreetan ere badaudela esan du; “dela lan prekaritatean, dela eskolako jazarpenean, dela gizarte sareen faltan”. Argi dute eurak arrisku horiekiko “are zaurgarriagoak” direla, “gizarte bazterkeriarako arriskuan” daudelako. Are gehiago, Espainiako Estatuko legedia aintzat hartuta, erregularizazioa lortu artean “inolako paperik gabe” igaro behar izaten dituzten “hiru urte irregular horiek” kalte nabarmenak sortzen dizkietela ziurtatu du Castrok.

Horixe dute, hain zuzen ere, jardute eremu nagusietako bat. Lan duina lortzeko asmotan, elkarteak aholkularitza juridikoa eta psikologikoa eskainiko die migratzaileei, beren eskubideen berri izan dezaten eta lan baldintza duinak izan ditzaten. Formakuntza ikastaroak ere eskainiko dizkie, lana lortzeko orduan baliagarri izango zaizkienak.

Badute luzera begirako bestelako helbururik ere: kooperatiba bultzatu nahi dute elkarteko kideen artean. “Gure elkartean, lan propioa bultzatzea dugu helburu; Debagoienean gaude, eta tokiko kooperatiben espiritua berreskura dezakegula uste dugu”, azaldu du Castrok.

Kultur aniztasuna

Lan esparrua baino askoz gehiago da, ordea, Amerika elkartea. Kulturen arteko hartu-emanak ere sortu nahi dituzte, inklusiorako tresna izan nahi dutelako. “Jatorri ezberdinetako taldeen artean harremanik ez dagoela ikusi dugu; ez Arrasaten eta ez beste edonon”. Horretarako, Euskal Herrian hizkuntzak berebiziko garrantzia duela jakitun, euskarara hurbiltzeko saiakera bat ere egin nahi dute, eta hainbat ikastaro jarriko dituzte martxan. Kultur aniztasunean heztearen garrantzia ere azpimarratu dute elkarteko kideek, ikastetxeetan jatorriarengatik izandako bazterkeria kasuak badaudela baitiote. “Horretan ere eragin nahi dugu gure elkartetik: eskola publikoetan duten inklusioa hobetzen lagundu nahi dugu; sexu heziketa duten bezala arraza heziketa ere izan dezaten nahi dugu, jazarpen kasu asko baitaude eskoletan”, esan du Castrok.

Beste kulturei begira egoteaz gain, barrura begirako lanketa bat egingo dute elkartean, euren sustraien berri emateko. Izan ere, migratzaile askok seme-alabak jada Euskal Herrian izaten dituzte, eta horrek errorik gabe egoteko sentsazioa sortzen duela dio Castrok. “Etxetik ez dute jaso euskal kulturarik, baina, era berean, ez dute ezagutu gurasoen jatorrizko herrialdea”. Horretan ere eragin nahi dute: “Nora goazen jakiteko, ezinbestekoa da nondik gatozen jakitea. Sustrai horiek ezagutarazi nahi dizkiegu gure seme-alabei”.

Elkartea migratzaileei begirakoa den arren, ateak edonorentzat zabalik dituztela azpimarratu du Castrok: “Elkarte euskolatinoa da gurea; inklusioa du helburu. Gurekin identifikatuta sentitzen den edonork har dezake parte”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.