Serrasen omenezko Nazioarteko Mostra

Serrasen omenezko Nazioarteko Mostra

Iñigo Gaiton

Atzo zabaldu zituen ateak Zarauzko 29. Nazioarteko Mostrak. Urtero bezala, Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatu du erakusketa, eta, ohiko moduan, lau artistaren lanak bildu dituzte Sanz Enea kultur etxean. Hain zuzen ere, Cuauhtémod Campos mexikarraren, Mario Cea espainiarraren eta Leire Unzueta euskal herritarraren argazkiak daude ikusgai atzotik. Horiez gain, Ramon Serras zenaren argazkiek toki berezia dute aurten erakusketa aretoan. Laster urtebete beteko da Zarauzko argazkilaria hil zenetik, eta haren artxiboko argazkiak ere jarri dituzte Mostran, omenaldi modura.

Zarauzko Mostrak bide luzea du egina dagoeneko. “1980an sortu zen elkartea”, esanez hasi du azalpena Isabel Agirretxe Zarauzko Argazkizale Elkarteko presidenteak. “Eta hurrengo urtean jada bazkideen arteko lehiaketak, erakusketa kolektiboak eta lehiaketak antolatzen hasi ginen”. 1993an antolatu zuten I. Nazioarteko Mostra. Serrasek bere garaian hala erabakita, gaur egun elkarteak berak aukeratzen ditu parte hartuko duten artistak.

Agirretxeren hitzetan, “sona handiko argazkilarien lanak” erakutsi izan dituzte Mostran. “Erakusketen alorrean, elkartearentzat ekitaldi hau izaten da urteko ekimenik garrantzitsuena”. Urteotan guztiotan, ehundik gora artistarekin egin dute lan. Agirretxek ez du ezkutatu artisten eta obren maila altua mantentzeak duen lana: “Beti saiatzen gara irizpide batzuk betetzen. Bertako eta nazioarteko talentua uztartzen ahalegintzen gara beti, eta parekidetasuna ere kontuan izaten dugu artistak aukeratzean”.

RAMON SERRAS

Presidenteak azaldu du elkarteko kideek gustukoen dituzten argazkilariengana jotzen dutela, eta ezezkoak ere jaso izan dituztela onartu du: “Ez dugu izaten diru askorik eskaintzeko aukerarik, eta, tamalez, beti ez dugu lortzen nahi ditugun artista guztiak erakartzerik. Etortzen direnek, diruari baino gehiago, Zarauzko Mostran parte hartzeak ematen dien prestigioari ematen diote balioa. Izan ere, urtez urte, indartuz joan da gure erakusketa”.

Aniztasuna erakusketan

Aurten, estilo desberdinak jorratzen dituzten argazkilariak hautatzearen aldeko apustua egin du Zarauzko Argazkizale Elkarteak. Cuauhtémod Camposen portfoliotik erretratu koloretsuak jarri dituzte ikusgai. AEBetan bizi den artistak hamabost urteko ibilbidea du argazkilaritzan, eta “dramatiko eta moderno” gisa deskribatu du bere burua.

Mario Cearen argazkien kasuan, naturak du presentziarik handiena. Argazkilariak berak behin eta berriz azpimarratu duenez, saiakera berezia egiten du sorkuntza prozesua argazki kamerara mugatzeko eta edizio sistema informatikorik ez erabiltzeko. Unzuetari dagokionez, berriz, hasieran “bidaiatzearekin” lotzen zuen argazkilaritza, baina, gero, “terapia modura”, etxe inguruko basoei “egun euritsu eta lainotsuetan” argazkiak egiten hasi zen. Mostran jarri dituen argazkietan ikus daitekeenez, malenkoniaz gain, “kostaldeko ilunabarretako argi beroa” ere deskubritu du artistak.

Serrasen kasuan, “berezia” izango da bere argazki sorta. Agirretxeren hitzetan, hura da Zarautzek eman duen argazkilaririk ezagunena, eta Zarauzko Argazkizale Elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen; lehen presidentea ere bai, eta, geroago, Photomuseumen bultzatzaileetako bat. Agirretxek azaldu duenez, Serrasek “bultzada handia” eman zion herriko argazkilaritzari, “eta bere pasioa besteei transmititzen saiatu zen”.

Argazkilari gisa “lan perfektuaren bila” aritzen zela azpimarratu du elkarteko egungo presidenteak, eta bide horretan teknika eta gai desberdinak jorratu zituela. “Gure herria izan zen haren gai nagusietako bat: Zarautz”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.