Artea bizi adierazpen

Artea bizi adierazpen

Josune Zarandona

Orain bi urteko abuztuan hil zen Patxi Epelde, Tolosan jaio eta Ordizian bizi zen artista. Orain arte Ordiziako Foruen kaleko bere estudioan gordeta egon dira bere lanak, baina, hezetasun arazoak tarteko, lan horiek lekuz aldatu behar izan ditu haren familiak. Hori baliatuta, Ordiziako Plaza Nagusian dagoen lokal batean erakusketa bat inprobisatu dute, hasierako helburua hori ez bazen ere. Hainbat astez egongo dira lanak ikusgai, baita salgai ere, hala nahi duenarentzat.

Artista “polifazetikoa, autodidakta, artega eta inkonformista” izan zen Epelde, besteren artean. “Artista zen, zentzu guztietan”, dio Amaia Epelde alabak. “Artearekiko artista sena bazuen, baina izaerari zegokionez ere artista zen, sozializatzeko orduan, pentsatzeko moduan… arlo guztietan”, gaineratu du. Baina ez zuen sinisten arteari buruzko estamentuetan. “Ez zuen gustuko artearen munduan gauzak nola egiten ziren. Kritikoa zen oso ezarrita zegoen sistemarekin”, oroitu du, berriz, Maite Lasak, Patxi Epelderen alargunak.

PATXI EPELDE

Biek azaldu dutenez, “gauza orok” pizten zion jakin-mina, eta horixe izan zuen bidelagun bere bizitza pertsonalean eta profesionalean. “Oso pertsona jantzia zen. Interesa zuen bizitzako alor askotan, eta oso gai ezberdinen inguruan informatuta egotea gustatzen zitzaion”, esan du alabak. Baina ez zitzaion gustatzen nabarmentzea. “Guk animatzen genuen arren, aita ez zen erakusketak antolatu zalea. Berak beretzat sortzen zuen, bere barruko hori ateratzeko”, gaineratu du.

Mediku izateko bidean

Ziur esaten ez dakien arren, arteak “betidanik” erakarri izan zuela uste du Lasak. Hiru urtez medikuntza ikasketak egin zituen, Iruñean. “Patxik medikuntza ikasketak egin zitzan nahi zuen haren aitak, ilusio hori zuen, eta horregatik hasi zen, nahiz eta bera arkitekturak gehiago erakarri”. Hiru urteren buruan, utzi egin zituen ikasketak. “Oso ikasle ona zen arren, argi ikusi zuen hura ez zela bere bidea”.

Haurra zela eskolan eskumuturra hautsi zuenekoa gogoratu du alabak. “Beasaingo mediku batengana eraman ninduten. Hark nire izena jakitean, Patxi Epelderen alaba ote nintzen galdetu zidan, eta baietz erantzun nion. Medikuntza elkarrekin ikasi zutela esan zidan. Klasean, denek apunteak hartzen zituzten bitartean, aitak koadernoan marrazkiak egiten zituela kontatu zidan”.

Hainbat lanetan ibili zen gero, baina alabak jaio aurretik, artetik bizi nahi zuela erabaki zuen. “Etxean gaiari buruz hitz egin genuen eta aurrera egitea erabaki genuen”, dio haren alargunak. Pintura, eskultura eta argazkigintza landu zituen profesionalki. “Lan asko egin zituen enkarguz, eta eskolak ere ematen zituen Ordiziako Barrena kultur etxean eta herriko eskoletan”. Musika ere oso gustuko zuen; horren erakusgarri, bere kasa hainbat instrumentu jotzen ere ikasi zuela esan du alabak. “Klarinetea, saxofoia, pianoa, gitarra… Tronboi bat ere erosi zuen, nahiz eta jotzen ez jakin”.

Aitaren obrari dagokionez, “bizitzako elementuekin jokatzea” gustatzen zitzaiola esan du alabak. Bere pinturetan, adibidez, horien zantzuak lan askotan atzeman daitezke: “Sua, gorritasunaren bitartez; itsasoa ere askotan irudikatzen zuen…”. Haren margolanetan ezaugarri komunik bada, kolorea da. “Kolore bizikoak dira margolan guztiak”. Koloreez gain, hondarra ere erabiltzen zuen pinturetan ehundura ezberdinak lortzeko. Artistaren alargunak dio oraindik ehun bat lekutako harea dutela gordeta estudioan. “Ezagun askok ekartzen zioten harea beren bidaietatik”, oroitu du. Irudi geometrikoak eta zenbakiak ere haren pintura lan askoren adierazgarri nagusi direla azpimarratu du.

Egurra ere oso gustuko zuen Epeldek. “Mendira joaten ginen bakoitzean, egurren batekin itzultzen ginen beti”, kontatu du Lasak. Izan ere, zuhaitzek “asko” erakartzen zutela kontatu du alabak. “Basozain ikastaro bat ere egin zuen, ez basozain izateko helburuarekin, zuhaitzen inguruan gehiago jakiteko asmoarekin baizik”. Argazkigintzari dagokionez, hasieran berak errebelatzen zituen argazkiak, etxean zuen gela ilun batean. Baina azken urteetan argazki digitalen munduan zaildu zen.

PATXI EPELDE

‘Amiantorenei’ eskultura

Epelderentzat altzairua ez zen lanerako ohiko materiala, baina material horrekin egina dago haren lanik ezagunenetako bat, Amiantorenei izeneko eskultura, hain zuzen. Beasaingo CAF enpresako langile batzordeak eskatuta egin zuen lan hori, 2009an, amiantoaren biktimei omenaldia egiteko helburuarekin. Giza neurrian egindako eskultura handia da, baina erakusketan, bere margo eta egurrezko eskulturez gain, Amiantorenei-ren tamaina txikiko erreplikak ere ikusgai jarri dituzte.

Ordiziako Plaza Nagusiko lokal batean prestatu duten erakusketa inprobisatua ikusteko komenigarria da aurretik ordua eskatzea, 672-30 00 23 edo 678-04 97 79 telefono zenbakietara deituta. “Interesa duenak, berriz, erakusketan bertan erosi ahal izango ditu Patxiren lanak”, azaldu dute artistaren alabak eta haren alargunak.

Epelde zenaren ehun bat pintura eta beste horrenbeste eskultura ditu gordeta familiak, eta “Patxiren mundu artistikoaren isla” direla guztiak ziurtatu dute ama-alabek. Epeldek bere lanak norberak interpretatzekoak direla esaten zuen beti. “Aitak ez zuen sortzen helburu jakin batekin, momentuan sentitzen zuena ateratzeko baizik”, esanez amaitu du alabak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.