Herriko plazak hondakinez husteko asmoz

Herriko plazak hondakinez husteko asmoz

Maria Ortega Zubiate

“Zenbat hondakin sortu duzu aste honetan?”: horixe galdetu die Debabarreneko Mankomunitateak herritarrei. Galdera erretorikoa da, kontzientzia hartzeko egina, baina erantzuna ere eman die: iaz, urte osoan, bostehun kilo hondakin pasatxo sortu zuen eskualdeko biztanle bakoitzak, “herriko plaza bi aldiz betetzeko beste”: 31.200 tona guztira. Datu hori “kezkagarria” dela iritzi dio Debabarreneko Mankomunitateak, eta, hain zuzen ere, hondakin kopurua murriztera bideratutako kanpaina bat jarri zuten martxan aurreko astean, herritarrei zuzendutako galdera hori abiapuntutzat hartuta.

Hondakinei buruzko kanpaina askok gaikako bilketa dute gai nagusitzat, eta Debabarreneko Mankomunitateak ere horretan jarri du arreta. Baina oraingo honetan hondakinen sorrera bera da kezkarako arrazoia; horren kontzientzia sortu nahi dute, arazoa ikusaraziz. “Ondo dago birziklatzea, baina sortutako hondakinak gehiegizkoak dira: 31.200 tona pasa urtero Debabarrenean; hori biderkatu Gipuzkoan, Euskal Herriko gainontzeko probintzietan, Europan… Hondakin kopuru hori murriztea da lehen neurria”, dio Igor Aldalur Debabarreneko Mankomunitateko Ingurumen teknikariak.

ZABORRAK DEBA

Datu handia da eman dutena, irudikatzeko zaila. Horregatik, gaiari ikusgaitasuna eman nahian, kopuru hori irudikatu nahi izan dute: Debabarreneko Mankomunitatea osatzen duten herrietako plazetako irudiak zabaldu dituzte, hondakinez lepo beteta daudela. “Herriko plazak bi aldiz betetzeko beste hondakin sortu dugu, eta hori irudikatu nahi izan dugu”, dio Iosu Arraiz Debabarreneko Mankomunitateko lehendakariak. Horregatik, kopuru hori jaistea dute asmoa: “Ez dugu ezarri hondakin kopuruaren jaitsierarako mugarririk, baina argi dago ahalik eta gehien murriztu behar dugula”.

Helburu jakin bat zehaztu gabe ere, mankomunitateko arduradunek azaldu dute lehendik ere bazituztela beste batzuk. Izan ere, ingurumen teknikariak esan bezala, 2011n erabaki zuten aurreko urteko hondakin kopurua %10 murriztu behar zutela. “Egia da ez dugula lortu murrizketa hori egikaritzea, baina kate horren azken aktoreak gara gu”. Aldalurrek gogorarazi du lege horrekin batera onartu zutela Ontzi Arinen Legea. “Eta ordutik asko hazi da horien kontsumoa. Hori mugatzea ez dago gure esku; gomendio xume batzuk baino ez dira gureak. Hondakinak murriztea lortzen ez badugu, ez ditzagun gehiago sortu, behintzat”.

Murrizteko bidean

Hain zuzen, hondakinak murriztea helburu, zazpi gomendio plazaratu dituzte banatu dituzten eskuorrietan. Batetik, erabilera bakarreko produktuak eta plastikoz bildutakoak saihestea eskatu dute. Horri lotuta, bigarren eskuko dendetara joateko eta apurtutako materiala konpontzeko edo horiei bigarren erabilera bat emateko aholkatu diete herritarrei. “Gaur egun, konpontzearen kultura galtzen ari dela uste dugu; zerbait apurtzen bazaigu, bota egiten dugu, eta kito. Baina gauza horiek konpontzen saiatu behar dugu”, esan du Aldalurrek. Horrekin zerikusia du, era berean, telazko poltsak erabiltzera animatzeak, “plastikozko poltsek sortzen duten inpaktuagatik”.

Azken bi gomendioak lotuago daude hondakin horien trataerarekin. Hondakinak gaika ondo biltzea eskatzen du lehenak. Eskualdean, hondakinen %55 biltzen dira gaika, Aldalurrek emandako datuaren arabera; kopuru hori, norekin alderatzen den, “altua edo baxua” izan daitekeela dio, baina %50eko mugarria ezarri zuten 2020rako, eta lege hori betetzen ari dira. “2030erako %60 murrizteko eskatzen digu legeak. Hori da hurrengo erronka, eta, hori baino gehiago lortzen badugu, ongi etorria izango da”. Azkenik, bertan ekoitzitako elikagaiak erosteko dei egin diete herritarrei, “hondakinez harago, ingurumen eragina murrizteko”.

Aurreko astean aritu ziren kanpaina hori herritarrengana hurbiltzen. Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barruan antolatu zuten, eta testuinguru hori erabili dute gaiari ikusgaitasuna emateko. Data ez da guztiz ausazkoa izan, urte sasoiak ere baldintzatu baitu neurri batean: “Urteko garai honetan, black friday edo ostiral beltza eta Gabonak bertan ditugunez, kontsumoa asko handitzen da. Kanpaina horregatik jarri dugu orain martxan, kontzientziatzeko”, azaldu du Arraizek.

Herritarrak, kezkaz

Debabarreneko Mankomunitateko lehendakariak uste du kontzientzia hori, neurri batean, lortu dutela. Herriz herri ibili ziren aurreko astean, eta, informazioa banatzeaz gain, herritarrekin harremana sendotzeko baliatu zuten aukera. Arraizek interesa sumatu zuen herritarren artean, eta “jende dezente” inguratu zitzaiela esan du. Alde horretatik, “balorazio positiboa” egin du, uste baitu herritarren parte hartzea “ezinbestekoa” dela: “Tokian tokiko administrazioek erregulatu behar dituzte hondakin kopurua murrizteko neurriak, baina gutako bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa da ingurumen aztarna murriztu ahal izateko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.