Lasai ‘hikaratu’ ahal izateko espazio bat

Lasai ‘hikaratu’ ahal izateko espazio bat

Miren Garate

Soziolinguistika Klusterrak 2016an Usurbilen egindako kale neurketan, hitanoaren erabilerari ere erreparatu zioten ikerlariek lehen aldiz. Euskaraz ari zirenen artean, hamarretik hiru entzun zituzten hika, eta hika ari zirenen artean, %11,1 soilik ari ziren noka. Egoera hori irauli nahian, hitanoa suspertzeko erronkari heldu diote aurten herrian, eta Euskararen Eguneko egitaraua ere horren bueltan antolatu du Euskara Aholku Taldeak. Hikastea ari dira egiten egunotan, Hikaratu beldurrik gabe leloarekin. Patrikako liburuxka bat atera dute hitanoaren gaineko oinarrizko nozioekin, eta hikodromoa antolatuko dute gaur.

“Euskararen ondarea bakarrik ez, herriaren ondarea ere bada hitanoa, herri bakoitzean bere berezitasunak ditu, eta ikusita transmisioan eten hori egon dela, baliabideak jarri nahi izan ditugu”, esan du Ander Moron Usurbilgo Udaleko euskara teknikariak. Etxean hitanoa jasotzeko aukerarik izan ez duten zenbaitek esana zieten bazutela hikaren oinarriak ikasteko gogoa, eta ikastaroak antolatzea izan da lehen urratsa. Hiru egin dituzte orain arte, bi udaberrian eta aste honetan bertan amaitu dute hirugarrena. 35 herritar inguruk hartu dute parte. “Oso kopuru polita iruditzen zaigu”, dio Moronek.

Irakasle lanetan aritu da Rosa Zubeldia Usurbilgo AEK-Etumeta euskaltegian. Nokaren erabileran galera handiagoa ikusten dutenez, arreta berezia jarri diote, baina landu dute toka ere. Besteak beste, hitanoaren arau sozialak jorratu dituzte ikastaroetan, hau da, norekin egiten den eta norekin ez; morfosintaxi aldetik, berriz, noiz erabili behar den eta noiz ez aztertu dute. “Hor badago akats bat. Hika hasten garenean, iruditzen zaigu edozein aditzetan dagoela jartzea, eta akatsak diren formak sortzen dira. Ikastaroaren zatirik zailenetakoa atal hori izan da”, esan du Zubeldiak.

Hitanoa ez zaie arrotz-arrotza ikastarora joan direnei, Usurbilgo kaleetan entzuten baita hika. “Ikasleek aipatu dute beren gurasoek erabiltzen zutela, baina transmisio hori ez zaiela iritsi”. Hain zuzen ere, Zubeldiak nabarmendu du transmisio hori falta delako dagoela gainbeheran. “Orain ere, jakin arren, gurasoek ez dute erabiltzen seme-alabekin; edo erabilera zerbait sinbolikoa izaten da, esaldi jakin batzuetan erabiltzen dute”.

Binaka, bertsolarien gaiekin

Karmele Urdanpilletarekin batera, Patrikako Hitanoa liburuxka Usurbilgo hizkerara egokitzeaz ere arduratu da Zubeldia. “Oñatiko Ingo Xonau taldekoek sortutako liburuxka bat da, eta Durangon eta Oiartzunen ere egokitu zuten. Guri ere interesgarria iruditzen zitzaigun Usurbilera moldatzea”. Ikastaroan landu dituzten gaiak agertzen dira bertan; hau da, hitanoaren oinarrizko nozioak eta adizki erabilienen taulak jasotzen ditu. “Zerbait praktikoa egin nahi genuen”. Herritar guztiei banatuko die udalak.

Era berean, liburuxka eskura izango dute gaur egingo duten hikodromoan. Hikastea-ko azken ekitaldia izango da, eta 18:00etatik 19:15era bitartean, Askatasuna plazan, hika aritzeko espazio bat prestatuko dute. Hika menderatzen dutenak, hika hasiak direnak zein egin nahi dutenak bildu nahi dituzte, jai giroan. “Belaunaldiarteko zerbait izatea nahi dugu. Usurbilen, helduenek jaso dute etxean hitanoa, eta haiek ezagutzen dute ondoen bertako aldaera; gazteei transmisioa egin, eta elkar elikatzeko saio bat izan dadila”, esan du Moronek. Usurbildarrak ez ezik, beste herrietakoak ere gonbidatu dituzte parte hartzera.

Binaka jarriko dituzte partaideak, eta lau minutuan behin aldatuko dituzte bikoteak. Trantsizio horiek bertsoz eta musikaz lagundurik egingo dituzte; izan ere, Eli Pagola eta Agin Laburu bertsolariek jarriko dute elkarrizketetarako hizpidea. Eta Antton Aranburu eta Gari Otamendi musika jotzen hasten direnean, bikotea aldatu behar dela esan nahiko du. Jai kutsua emateko, Mikel eta Esti Markez aita-alaben kontzertua izango da jarraian. Hikaratu beldurrik gabe leloarekin bat egin, eta lasai joateko esan die Moronek beren mailaren inguruko kezkaren bat dutenei.

Hikastea gaur amaituko den arren, hitanoa suspertzen jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Usurbilgo udal euskara teknikariak. Lanketa berezi bat egin nahi dute gazteekin. “Hitanoa sustraitu dadin nahi dugu. Jendeak gustua har diezaiola erabilerari”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.