Mugimenduan dago giltza

Mugimenduan dago giltza

Imanol Garcia Landa

Igande honetan eta astelehenean, Espainiako Judo Txapelketa jokatuko dute, Madrilen. Borrokako modalitatean, senior mailan, Gipuzkoako 11 judoka ariko dira lehian, eta Madrilen izango dira, gipuzkoarrak ez izan arren, Gipuzkoako klubekin lizentzia duten beste bi judoka ere. Horrez gain, kata modalitatean, Gipuzkoako hiru bikotek parte hartuko dute, horietako bik senior mailan eta beste batek junior mailan.

Tolosako Judo Klubekoak dira Madrilen izango diren judoka horietatik lau. Borroka modalitatean, senior mailan, lehen aldiz ariko dira Zuriñe Tardio leaburuarra (19 urte) eta Ruben Lekuona tolosarra (23 urte). Eskarmentu handiagoa dute Unai Saralegi tolosarrak (29 urte) eta Unai Regillaga amezketarrak (19 urte); senior mailan, kata modalitatean parte hartuko dute biek. Izan ere, aurten Nage no katako Munduko Txapelketan parte hartu dute lehen aldiz, eta 13. postua eskuratu dute. Europako Txapelketan, berriz, bigarren sailkatu ziren. Lorpen horiek direla medio, Gipuzkoarren Kirolak 2021 sarietarako izendatuta daude biak.

Saralegi eta Regillaga urrezko dominaren bila doaz Espainiako Txapelketara, baina badakite aurkari zailak izango dituztela. “Extremadurako bikote bat hirugarren postuan sailkatu zen Munduko Txapelketan; beraz, nahiko gogorra eta zaila izango da haiei irabaztea, urte asko daramatzatelako goi mailan, baina helburu horrekin goaz. Horrela jarraitzen badugu, egunen batean ezustekoa emango dugu”, esan du Saralegik. Europako eta Munduko txapelketetan lehiatu ostean, postu on bat lortzeko “nolabaiteko presio txiki bat” badaukatela gaineratu du Regillagak.

Kata modalitatean, Saralegik eta Regillagak mugimendu jakin batzuk egin behar izaten dituzte, judoko giltza jakin batzuk irudikatu. Epaileek puntuak ematen dituzte mugimenduen arabera eta horrela zehazten da sailkapena. Azken txapelketetan egindako lana aintzat hartuta, Saralegik eta Regillagak badakite bide onetik doazela. Urriaren bukaeran lehiatu ziren Munduko Txapelketan eta behin eta berriz aztertu dute zein giltzatan kendu zizkieten puntuak. “Bideoak aztertzen aritu gara, eta ikusi dugu konpontzeko moduko zer akats egin genituen; horiek konpontzen saiatu gara azken asteotan”, esan du Saralegik. “Entrenamenduak ez dira hain biziak izaten ari; lasai eta hotz begiratzen ari gara nola hobetu, eta uste dut horrela asmatzen ari garela txapelketa honetarako prestaketan”.

Iristea, “lorpena”

Hogei urte baino gehiago pasatu dira Tolosako Judo Klubeko judoka bat azkenekoz senior mailan Espainiako Txapelketan aritu zenetik. Tardiok eta Lekuonak lortu dute, eta Oskar Gibelalde klubeko arduradunaren ekarpena nabarmendu dute biek. “Madrilera joate hutsa lorpen handia da”.

Haien hitzetan, Espainiako Txapelketara iritsi arteko bidea ez da samurra izan. Lehenbizi, Gipuzkoako Txapelketan lortu behar zuten sailkapena —lehen postuan sailkatu ziren—. Ondoren, Euskadiko Txapelketan, Lekuona txapeldun izan zen, eta Tardio txapeldunorde. Ipar sektoreko lehiaketarako sailkatu ziren biak, Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko judoken aurka lehiatzeko, eta lehen postua lortu zuten biek; horri esker sailkatu ziren Espainiako Txapelketarako. “Ikusi dugu entrenamenduetako ahalegin guztiak emaitzak ematen dituela”, esan du Tardiok.

“Maila handia” izango dela jakitun den arren, Lekuona “ilusioz gainezka” doa. Baita Tardio ere: “Ipar sektoreko lehiaketa bukatu zenean, elkarri esan genion Madrilera gerra pixka bat ematera joango ginela. Egokitzen zaigun aurkaria egokituta ere, pozik geratuko gara; emaitza dena delakoa dela ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.