Bidasoa, zulo beltza

Bidasoa, zulo beltza

Unai Zubeldia

“Mugako kontrolak gogortzen ari dira etengabe, pertsona migratzaileen mugimendua oztopatzeko. Ondorioz, beharrezkoak ez diren arriskuak hartzera derrigortzen dituzte migratzaile horiek”. Irungo Harrera Sarearen salaketa da hori, joan den azarokoa. Baina izan zitekeen abuztukoa, maiatzekoa edo apirilekoa ere. Lau kolpetan, lau migratzaile hil dira aurten Bidasoa ibaia zeharkatzen ari zirela edo ibaiaren inguruan, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan; urteko lehena, apirilaren 18an, Irunen, eta azaroaren 20an azkena, 38 urteko gizonezko bat, Endarlatsa inguruan, Irunen. “Erakundeena da arduraren zati bat”, salatu zuen orduan Irungo Harrera Sareak. “Horregatik, etorkinei harrera duina egin diezaieten exijitzen diegu erakundeei. Berehalako neurriak behar dira”.

Eta “harrera duin” horren atzean ez dago heriotzen ondorengo salaketa bakarrik. Urte guztian, baina bereziki urrian eta azaroan, Irungo Harrera Sareko kideek kritikatu zuten Gurutze Gorriak artatu gabe utzi zituela Irunera iritsi ziren hainbat migratzaile, eta etxe partikularretan hartu behar izan zituztela horietako asko, kale gorrian gelditu ez zitezen.

Migratzaileen auzia ez da Bidasoa ibaiaren inguruko herrietara bakarrik mugatu, gainera. Izan ere, apirilaren 21ean migratzaile gazte bat hilda aurkitu zuten Donostian, Eusko Jaurlaritzaren tutoretzapekoa den harrera etxe batean; 18 urteko mutil marokoar bat zen hildakoa. Jaurlaritzak bi egun geroago adierazi zuen gazteak bere buruaz beste egin zuen susmo guztiak zeuzkatela. Iazko abendutik bizi zen gaztea Donostiako etxe horretan, eta Zumarragako Ibaiondoko zentroan egon zen aurretik.

Alderdien salaketak

Gertakari horien berri izan ondoren, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren talde parlamentarioko bozeramaileak esan zuen “jazoera mingarriak eta oso larriak” zirela. “Gazte migratzaileak babesteko sistema indartzeko eta zabaltzeko beharra dago”. EH Bilduk ere erakundeei eskatu die “beste alde batera begiratzeari uzteko”, eta urte guztian Irunera heltzen diren migratzaileen egoerari “premiazko erantzun bat” emateko. “Gertatzen ari direnak ez dira kasu bakanak”.

Urtea “gogorra” izanda ere, Irungo Harrera Sareko kideek ziurtatu dute ez dutela etsiko: “Ez dugu normalizatuko pertsona errugabeen heriotza, ezta onartuko ere. Harrerarako eta bizitzarako lurraldea da gurea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.