Txertoek ez dute ekarri barealdirik

Txertoek ez dute ekarri barealdirik

Miren Garate

Osasun larrialdian amaitu du urtea Gipuzkoak, aurreko hilabeteetan baino intzidentzia tasa handiagoekin, gainera. Birusaren hedapenaren inguruko estatistikak eta hari aurre egiteko hartutako neurriak izan dira hizketagai nagusiak aurten ere; alabaina, gai nagusi horren barruan, unean-unean aldatuz joan da arreta; abenduan, osasun ziurtagiriaren egokitasunaren gaineko eztabaida, 5 eta 11 urte bitarteko umeen txertaketaren hasiera eta Osakidetzak larritzat jotzen ez diren lehen mailako arretako kontsultak atzeratzea erabaki izana ari dira gehien agertzen lerroburuetan. Beste hainbat termino ere bolo-bolo ibili dira 2021ean: gorrian dauden herriak, herri mugakideak, telelana, antigeno probak, aztarnariak, konfinamenduak, aldaera berriak, negazionistak, COVID iraunkorra, edukierak, maskarak, ZIUetako okupazioa…

Taldearen immunitatea zen urte hasieran asko aipatzen zen helburuetako bat, herritar gehienak txertatzen zirenean kutsatzeak asko motelduko zirela iritzita. Iazko abenduan iritsi ziren lehen dosiak Gipuzkoara, eta artean herritar guztiak txertatzeko behar adina dosirik ez, eta egutegi mailakatu bat ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak: aurrena, zahar etxeetako egoiliar eta langileei, osasun arloko langileei eta 100 urtetik gorakoei jarri zieten txertoa; gero, adinean behera joan ziren, multzoka, eta zenbait kolektibori lehentasuna emanez. Abuzturako, 12 urtetik gorako edozeinek zuen txertoa jartzeko txanda hartzeko aukera.

Txertodromoak jarri zituzten Gipuzkoako zenbait puntutan zeregin masibo horretarako, eta irailaren 30era arte egon ziren martxan. Ordurako, hamar herritarretatik zortzi txertatuta zeuden. Urtea amaitzear den honetan, txertoa hartzerik nahi izan ez dutenez gain, 12 urtetik beherakoak falta dira beren dosiak hartzeko, nahiz eta hasita dauden haiei ere ematen. 60 urtetik gorakoei, osasun langileei eta immunoeskasia dutenei, berriz, dosi gehigarria hartzeko aukera eman diete jada. Agintarien arabera, txertaketak lortu du ospitaleratzeak eta heriotzak gutxitzea, txertatuta daudenek, oro har, errazago gainditzen dutelako infekzioa; alabaina, hainbesteko aurrerapausorik ez da ikusi kutsatze kopuruan, eta oldarraldi betean jarraitzen du birusak.

TABERNAK

Parentesi moduko bakar bat egon da aurten. Hobekuntza bat ikusirik, urriaren 5ean, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen osasun larrialdia, eta desegin egin zuen aholkularien Labi batzordea. Nahiz eta mantendu egin zuen leku itxietan maskara erabiltzeko obligazioa eta 5.000 lagun baino gehiagoko ekitaldietan edukiera %80koa izateko erabakia, gainerakoan indarrik gabe geratu ziren ordura arte zeuden neurri murriztaileak. Bazirudien bazetorrela halako normaltasun bat, baina, handik hiru hilabete baino gutxiagora, abenduaren 3an, berriro osasun larrialdia jarri zuen, egoera okertzen ari zela ikusita.

Zer baimenduta eta zer ez?

Txertaketak aurrera egin ahala, malgutuz joan dira murrizketa neurriak. Zabaldu dituzte ordutegiak eta edukierak, baina ez da erraza izan jakitea une bakoitzean zer zegoen baimenduta eta zer ez. Urte hasieran hartu zituzten neurririk gogorrenak. Etxeratze agindua indarrean egon zen zenbait astetan, eta 22:00etatik 06:00ak arte ezin zen kalean ibili, ez bazen sendagaiak erostera joateko, osasun zentrora joateko, lanetik etxera bueltatzeko edo baimenduta zegoen beste arrazoi bakarren baterako.

100.000 biztanleko 400 edo 500eko intzidentzia tasak zituzten herriak gorrian zeudela esaten zen, eta tabernek ezin izaten zuten ireki; era berean, eskola kirola debekatu egiten zen. Irekita egon direnetan ere, taberna barruan kontsumitzea debekatuta egon da hilabete batzuetan; terrazetan, berriz, mugatu egiten zen elkar zitekeen jende kopurua: batzuetan lau, besteetan sei, hurrena hamar… Ez bakarrik terrazetan, baita gainerako espazio publiko eta pribatuetan ere: etxeetan, adibidez, bizikideak bakarrik elkar zitezkeen aste batzuetan.

Ostalaritzarena izan da COVID-19ari aurre egiteko hartu diren neurrien aurrean gehien kexatu den kolektiboetako bat. Hala, sektoreko patronalek helegitea ere jarri zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, Eusko Jaurlaritzak eremu gorri izendatutako udalerrietan ostalaritza ixteko hartutako erabakiaren aurka, eta auzitegiek ostalariei eman zieten arrazoia.

Itxiera perimetralek ere eman dute zeresana. Lanerako baimenduta zeuden joan-etorriak, eta batzuetan ondoko herrira ere joan zitekeen jarduera sozioekonomikoetara; beste batzuetan, birusaren intzidentzia tasa altuegitzat jotzen zenean, hori ere ez. Kirola egiteko ere batzuetan zeharka zitezkeen herriko mugak; beste batzuetan, ez. Aste batzuetan maskararekin egin behar izan zen kirola. Elkarte gastronomikoak eta gazteen lokalak itxita egon ziren ekainera arte.

Era berean, ekitaldi asko antolatzeari uko egiten zaio oraindik ere, ziurgabetasunagatik; udan, bertan behera utzi zituzten herrietako jaiak, edo jarduera bakar batzuk besterik ez zuten egin; hasieran egitea aurreikusten zen arren, urte amaieran egitekoak ziren festak ere ez dituzte egingo azkenean.

Bestelako ondorio batzuk ere eragiten ari da pandemia. Aurten, esate baterako, adituek behin baino gehiagotan ohartarazi dute buru osasunari lotutako arazoak ugaritzen ari direla; batez ere, gazteenen artean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.