278 urteren ondoren, argitara

278 urteren ondoren, argitara

Imanol Saiz

Oiartzungo udal artxiboan bestelako bilaketa batzuetan ari zela, “altxor preziatu batekin” topo egin berri du Iago Irixoa historialariak; ustekabean, gainera. 1743an euskara hutsean idatzitako gutun bat aurkitu du, eta “ezusteko handia” hartu duela aitortu. “Zeharkako lan baten ondorioz egin dut aurkikuntza: artxibo batzuk digitalizatzen ari nintzela, gutunaren hasiera ikusi nuen bat-batean, eta euskaraz idatzita zegoen. Poz handia hartu dugu denok”, esan du historialariak. Iazko azaroan eman zuten aurkikuntzaren berri.

Orain dela 279 urte, herriko zirujau Oier Gerezieta hazpandarrak Jose Fagoaga herriko bikarioari Fontainebleutik (Frantzia) idatzitakoa da gutuna. Eskutitzean, Gerezietak mesede bat eskatzen dio bikarioari: Oiartzungo bailaratik kanpo joateko udalbatzak aurretik emana zion baimena luzatzeko kudeaketa egin zezala. “Euskara hutsean idatzitakoa da, eta horrek ematen dio balioa. Gaur-gaurkoz, horrelako adibide gutxi ditugu. Ez dira ohikoak. Horrek ere ematen dio garrantzia aurkikuntza honi”. Irixoak erantsi du mami edo idazkera aldetik ez duela aparteko ekarpenik egin. Testua lapurteraz idatzita dago, eta, pare bat hitz nahiko bereziak izan arren, orokorrean “erraz ulertzeko moduko testua” dela dio. “Letra argia da. Aditzen bat lapurterazko forman dauka, baina primeran ulertzen da bere horretan”.

Irixoak uste du gutun pribatu horrek “gauza dezente” uzten dituela agerian, ezaugarri linguistikoez gain. Alde batetik, Ipar Euskal Herrikoek joera handiagoa zutela euskaraz idazteko Hego Euskal Herrikoek baino; hori ondorioztatu du historialariak. “Dena den, gutun horri esker esan daiteke garai hartako korrespondentzia pribatua, bai Ipar Euskal Herrian eta bai Hego Euskal Herrian, euskaraz egiten zela”.

OIARTZUNGO AURKIKUNTZA

Bestetik, gutunak gezurtatu egiten du euskalki ezberdinetan mintzatzen ziren euskaldunek elkar ulertzen ez zutelako ustea. “Oiartzunen garai hartan nafarreraz hitz egiten zen; ez zen egungo euskalkia erabiltzen. Hor agerian geratzen da elkar ulertzeko garaian ez zutela inolako arazorik, ez behintzat Lapurdi eta Oiartzun inguru honen artean”. Horri lotuta, Irixoak ondorioztatu du Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak estuak zirela, nahiz eta bi estatutan banatuta egon: Frantzia eta Espainia.

Euskarari buruz ez ezik, gutunak garai hartako Oiartzun hiribilduari buruzko “informazio ugari” ere ematen duela nabarmendu du Irixoak, “gizarte antolaketari dagokionez, bereziki”. XVIII. mendean osasun zerbitzua udalak ematen zuela jakinarazi du, eta maiz Ipar Euskal Herrira jotzen zutela profesionalen bila. “Oiartzuni dagokionez, gutun honek agerian utzi du garai hartan Ipar Euskal Herritik ekartzen zituztela hainbat udal zerbitzu emateko profesionalak, baita bestelako hornidura asko ere”.

Kasualitaterik ez

Irixoak nabarmendu du aurkikuntza, ustekabekoa izan arren, ez dela kasualitatea izan. Izan ere, esan du udalak “konpromiso irmoa” duela euskararekin, “artxiboko udal agirien hustuketa euskara hutsean egiten ari baitira”. 1658tik —ordukoa da mantendu duten lehen agiri liburua— 1742ra artekoak hustu dituzte, eta 1937ra artekoak hustea da helburua. “Ehun urte baino gutxiago hustu ditugu orain arte. Liburu aberats mordoa dago artxiboan; ez da ohikoa udal agirien erregistroan horrelakoak topatzea”, erantsi du historialariak. Ziur da hemendik gutxira beste altxor batekin topo egingo duela.

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak ere “poz izugarria” hartu du azken aurkikuntzarekin. “Oiartzunek euskararekin izan duen harremanaren isla da hau. Oraindik ere gure herriaren ezaugarri garrantzitsu bat da hizkuntza”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.