Ekinagatik omenduak

Ekinagatik omenduak

Eneritz Maiz Etxarri

22. Korrikak Amurriotik (Araba) Donostiara arteko bidea egingo du aurten, martxoaren 31tik apirilaren 10era. Hitzekin izango da Korrikaren aurtengo leloa, eta, ohi bezala, hitzekin osatu dute aurtengo abestia, eta hitzekin jolasten dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ere. Hitzekin jolastu, hitzekin mezuak zabaldu eta euskarazko hitzekin 34 urteko ibilbidea osatu. Hori kontuan hartuta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko ditu aurten Korrikak.

Gaur bertan omenduko dituzte hiru pailazoak, Tolosan, Gure Zirkuaren karpan, zirkuaren ohiko emanaldi baten barruan. 1987ko abenduaren 24an sortu zuten pailazo talde hori, Lasarte-Orian —Takolo, Pirritx eta Porrotx ziren hasiera hartan—, eta bide oparoa egin dute ordutik.

“Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 34 urte daramatzate euskaraz lan egiten eta euskalgintzan eragiten”, esan du Xabier Artola Malangre Korrikaren Gipuzkoako arduradunak. “Helduengandik haurrengana eta haurrengandik helduengana transmisioa ahalbidetzen dute, eta oso garrantzitsua da hori”, azpimarratu du Artolak, eta adierazi du ibilbide horregatik hiru pailazoek omenduak izatea merezi dutela.

“Pailazoak, normalean, zirkuaren munduarekin lotzen ditugu; malabaristen eta funanbulisten arlo berean sartzen ditugu”, dio Korrikaren Gipuzkoako arduradunak. “Baina egia da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ez dutela aparteko loturarik zirkuarekin”. Hala eta guztiz ere, zirkuan sartuko dituzte gaur. “Erakundeetako ohiko omenaldi formal bat egin beharrean, aldarera igo eta txalo zaparrada bat eta oroigarri bat eman beharrean, euren giroko zerbaitetan txertatzea politagoa izango zela iruditu zitzaigun”.

“Omenaldi ofiziala izango da, baina formalidade horretatik aterata”, zehaztu du Artolak. “Pailazoak izanda, haiengana hurbiltzeko edo haiei ere keinu bat egiteko aukera polita zela iruditu zitzaigun Gure Zirkuarekin elkarlanean omenaldia egitea, eta halaxe egingo dugu”. Kasik hilabete bat da sarrerak salgai jarri zituztela, eta gogorarazi du guztiak “40 minutuan” saldu zituztela. Gizarteko gainerako esparru gehienetan bezala, pandemiak baldintzatu egin du omenaldia, eta sarrera kopuru mugatua izango dute gaur.

Ohiko ibilbidea, prest

Omenaldiak omenaldi, Artolak esan du Korrika aipatzean gehienei lasterketa bera etortzen zaiela gogora: “11 egunez, gau eta egun, egiten dugun hori datorkigu denoi burura. Baina, hortik harago, Korrikak badu Korrika kulturala ere, badu omendu bat, badu Korrika txikia ere…”, adierazi du. Eta omenaldia bera ere “mugarria” da Korrikarentzat. “Guretzat oso garrantzitsua da ekitaldi hori”.

“Pandemia ez da atsegina izaten ari”, aitortu du Artolak. “Gizarteko beste hainbat alorretan gertatu den antzera, guk ere pairatu dugu egungo egoera: iaz atzeratu egin behar izan genuen Korrika, eta horri nola aurre egin aztertzen aritu ginen gero”. Azkenean aurrera egin arren, orain ere “berriro kirioak dantzan” dauzkatela aitortu du, baina prest daude “egoera bakoitzari modu ezberdinean aurre egiteko”.

Besterik ezin izan du aurreratu Korrikaren Gipuzkoako arduradunak. “Baina %99an ziurtatuko nuke Korrika egin egingo dugula”. Nolako Korrika? “Erakundeek esango digute hori”. Unean uneko murrizketetara edo egoerara egokitu beharko dute aurtengo ekitaldia. “Hori ez dago gure esku, baina egoera jakin bakoitzera moldatzen saiatuko gara gu”. Ahal dutena egingo dutela adierazi du Artolak, “ahalik eta Korrikarik ohikoena egiteko asmoarekin, noski”. Dagoeneko prest daukate 11 egunez etenik gabe Korrika egiteko ibilbidea.

Urtebeteko itxaronaldia “luze” egin zaiela kontatu du Korrikako Gipuzkoako arduradunak, baina “oso gogotsu” daudela azpimarratu du. “Eguna iristeko irrikan gaude”. Ingurukoak “motibatuta” sentitzen dituzte, eta jendeak “grina” duela nabarmendu du. “Euskara ahalik eta jende gehienarengana iristea eta jendea euskarara biltzea”, hori dute asmoen artean. “Badirudi Korrikatik Korrikara eragile gehiago batzen zaizkigula, eta guretzat oso pozgarria da hori”.

Laguntzeko moduak

Bi helburu nagusi ditu Korrikak: bata, euskara sustatzea, eta bestea, AEK, nazio osoko erakundea, diruz laguntzea: “Guretzat bigarren helburu hori da bereziki garrantzitsua”.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, joan den ikasturtean, HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak diru laguntza hitzarmen berria proposatu zien euskaltegiei, eta irakasleen lan baldintzak hobetzeko hitzarmena sinatu zuten. “Alde horretatik, goraka doaz diru laguntzak, eta pozik gaude, nahiz eta zer hobetua baden oraindik. Izan ere, Nafarroan, esaterako, eskasak dira diru laguntzak, eta baita Iparraldean ere”, azpimarratu du Artolak. “Kontua ez da gure lan baldintzak hobetzea; guk uste dugu ez dela logikoa, gure hizkuntza izanik, euskara ikasteagatik ordaindu behar izatea”. Doakotasunaren aldeko borrokan jarraitzen dute AEK-ko arduradunek, eta horixe eskatu diete erakunde publikoei.

Artolak nazio ikuspegian jarri du azpimarra: “Euskal Herriko AEK-ko euskaltegi guztien jarduna indartzeko erabiliko dugu Korrikan bilduko dugun diru guztia”. Alde horretatik, gogora ekarri du Korrika laguntzeko hainbat modu daudela: “Korrika laguntzaile izan daitezke herritarrak, saltokiak eskura dituzte, kilometroak eros daitezke…”. Horrez gain, herriz herriko batzordeetan parte hartzeko deia egin du Artolak: “Hitzekin da aurtengo leloa: hitza eta ekin. Hitzekin egiten dugu hizkuntza, baina gizarteak ekintzara pasatu behar du, eta benetan euskara sustatu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.