Galderaz beteriko urte bat aurrean

2022an amaituko ote da COVID-19aren pandemia? Garestitzen jarraituko al dute prezioek? Lortuko al dute akordiorik zahar etxeetan? Nork irabaziko du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa? Hurrengo hamabi hilabeteek emango dituzte horien eta gehiagoren gaineko erantzunak.

Miren Garate

Itxiera perimetralak, osasun larrialdia, COVID ziurtagiria, txertoak… Koronabirusarekin lotutako hitzak bolo-bolo ibili ziren aurreko urtean, eta pandemiaren amaiera badatorrela esaten duten hotsak ere hasita dauden arren, birusak, ziurrenik, zeresana emango du aurten ere. Haren bilakaeraren mende egongo dira beste gertaera asko ere, hala nola kultur eta kirol ekitaldiak. Besteak beste, aurten dira egitekoak Korrika, Euskaraldia eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.

Ekonomiaren arloan, inflazioa izango da erreparatu beharreko gaietako bat, prezioak asko garestitu baitira azken hilabeteetan; tartean, argindarrarena eta erregaiena. Herritarren poltsikoetan, enpresen martxan eta negoziazio kolektiboan horrek nola eragingo duen ikusi beharko da. Gainerakoan, Hezkuntza Legearen onarpena, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainaren ordezkoaren izendapena, jaiegun berri bat (irailaren 6a) eta abar daude iragarrita 2022rako. Udal eta foru hauteskunderik ez da tokatzen, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskunderik ere ez.

Dena den, ezin jakin zehatz-mehatz zer ekar dezakeen 2022. urteak. Aurreko biak izan dira horren adibide argiena, ikusi baita espero ez den zerbait etorri eta mundua hankaz gora jar dezakeela bat-batean.

A.

A-15 ETA N-1

Ibilgailu astunei, bidesaria

2022ko urte amaieran edo 2023ko hasieran jarri nahi dute indarrean A-15 eta N-1 errepideetan salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu astunentzako bidesaria. Gipuzkoako Batzar Nagusiek abenduaren hasieran onartu zuten foru arau berri bat, eta bi errepideen ibilbidea osatzen duten 76,352 kilometroak izango dira ordainpekoak. 3,5 tona baino gehiagoko pisua duten salgaien garraioko ibilgailuei eragingo die neurriak. 12 tona baino gutxiagoek 22 zentimo ordaindu beharko dituzte kilometroko, eta 12 tonatik gorakoek, 28 zentimo kilometroko.

B.

BASERRITARRAK

Larrialdi deia

Sektorea “larri” dagoela ohartarazten ari dira azken boladan baserritarrak. Panorama bereziki beltza da abeltzaintzan. Pentsua %30 garestitu da, eta gora egin dute argindarraren eta erregaien prezioek ere. Ondorioz, ekoizpen gastuak nabarmen igo zaizkie. Hego Euskal Herriko nekazaritza sindikatuek bat egin dute, eta protestak egiten ari dira beren egoeraren berri emateko. Besteak beste, banaketa kateek ekoizpen kostuen azpitik ekoiztera behartzen dituztela salatu dute, eta elikadura kateko legea aplikatzeko eskatzen dute, halako jokabideak desagerrarazteko.

C.

COVID-19A

Erabateko ziurgabetasuna

Omikron aldaerak kutsatzeetan eragindako abiadura ikusita, pandemiaren amaiera hurbiltzen ari dela esaten hasita daude aditu batzuk. Horrek ez du esan nahi koronabirusa desagertuko denik, baizik eta gaitza endemiko bihur daitekeela. Ikusi egin beharko da zer-nolako bilakaera izaten duen birusak. Bien bitartean, aire zabalean ere maskara derrigorrez erabiltzeko neurria indarrean dela hasi da 2022a. Zenbait lekutara sartu ahal izateko osasun ziurtagiria erakustea ere derrigorrezkoa da; urtarrilaren 28ra arte behintzat 01:00erako itxi beharko dituzte tabernak, eta indarrean egongo dira beste murrizketa batzuk ere. 5-12 urte arteko haurren txertaketarekin jarraituko dute, baita kolektibo jakin batzuei dosi indargarria ematen ere.

D.

DELIRIUM TREMENS

30 urteren ostean, itzulera

Mutrikun sortu zen Delirium Tremens musika taldea, 1985ean, eta 1991ko azaroaren 30ean eman zuen azken kontzertua. Handik 30 urtera, oholtzetara itzuliko dela iragarri du taldeak. Maiatzaren 28an kontzertu handi bat eman nahi dute Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan, Des-kontrol eta McOnak taldeekin batera. Zortzi abestiz osatutako disko berri bat ateratzeko asmoa ere badute. Taldekideek kontatu dutenez, taldekide izan zuten Iñigo Muguruzari egindako omenalditik etorri da berriz ere oholtza gainera eta estudiora itzultzeko erabakia. Hil berri zen laguna omentzeko, Muguruzaren ibilbidearen parte izan ziren hamaika talde batu ziren Bilboko Kafe Antzokian 2019ko abenduaren 18an, eta Delirium Tremensekoek ere lau abesti jo zituzten.

E.

EPAIKETAK

Sexu erasoak, auzitara

Urtarrilaren 24an hasiko da Beasainen emakume bat legez kanpo atxiki, bortxatu eta hari lesioak eragitea leporatuta 2019an atxilotu zuten gizonezko baten aurkako epaiketa. Fiskaltzak 24 urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat. Kasu horretatik tiraka, gizonezko berberak 2012tik aurrera Gipuzkoan gutxienez beste lau sexu eraso egin zituela ere uste da, eta beste bi epaiketa ditu zain. Horietan, guztira 40 urteko espetxe zigorra eskatuko du fiskaltzak. Kote Cabezudo modaren arloko Donostiako argazkilaria, berriz, 2018tik dago espetxean. 153 sexu eraso egin izana leporatzen dio biktima gehienen abokatuak, horietatik 150 modelo berari eginak. Era berean, iruzurra egitea egotzi dio, intimitatearen kontrako delituak, osotasun moralaren kontrakoak, adingabeak galbidean jartzekoak: guztira, 194 delitu. Fiskalak 121 urteko kartzela eskatu zuen harentzat abenduan.

F.

FORU AURREKONTUAK

Inoizko diru gehien

EAJ eta PSE-EEren babesarekin onartu zituzten Gipuzkoako Batzar Nagusiek aurtengo aurrekontuak, abenduan; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen. 1.041,8 milioi euroko aurrekontua izango du Gipuzkoako Foru Aldundiak, iaz baino 59 milioi gehiagokoa (%6). Hain zuzen ere, inoiz izandako aurrekonturik handiena da. Markel Olano ahaldun nagusiak nabarmendu du lehen aldiz oposizioko talde guztiekin adostu dituztela zuzenketak. Haren esanetan, “anbizio handiko” aurrekontuak dira. Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak bestelako interpretazio bat egin du: “Ez diete ausardiaz eta egoerak eskatzen duen arduraz erantzuten gure lurraldeak dituen erronka nagusiei”.

G.

GOTZAINA

Munillaren ordezkoa

Amaitu da Jose Ignacio Munillaren aroa Donostian; elizgizona ia hamabi urtez izan da Gipuzkoako hiriburuko apezpikua, baina, Aita Santuak hala aginduta, Alacanteko (Herrialde Katalanak) gotzain bilakatu da. Urteotan “kontserbadoreegia” izatea egotzi diote Munillari. BERRIAk 2013an elkarrizketatu zuen; besteak beste, abortuaren aurka hitz egin zuen, baita sexu bereko pertsonen ezkontzen aurka ere. Vatikanoak ez du oraindik jakinarazi nor izango den Munillaren ordezkoa. Dirudienez, azken erabakia hartu bitartean ordezko bat jarriko dute.

H.

HEZKUNTZA LEGEA

Egoera bideratu nahian

Hasieran, 2023rako zegoen aurreikusita Hezkuntza Legearen onarpena, baina urtebete aurreratu du epea Eusko Jaurlaritzak: aurten onartu nahi du. Legebiltzarkideak lanean ari dira lege hori zein oinarriren gainean eraikiko duten adosteko. Bi arazo nagusiri heldu beharko diote: segregazioari eta euskararen normalizazioari. Horiez gain, ordea, badira ertz gehiago ere: digitalizazioa, zentroen titulartasuna, publikotasuna, kudeaketaren deszentralizazioa, zentroen autonomia falta, euskal curriculumaren mugak, burujabetza, ikasleak subjektu gisa hartuak izateko eskaera…

I.

INGURUMENA

Interes orokorra”

Abenduan onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Ingurumen Administrazioaren Legea. Lege horren arabera, gobernuak eskumena izango du proiektu bat “interes orokorrekoa” dela erabakitzeko, eta, hala egiten badu, udalek ezingo diote uko egin proiektu hori beren herrietan ezartzeari. Bat baino gehiago izan dira Eusko Jaurlaritzak proposatu eta udalek atzera bota izan dituzten proiektuak, ingurumenari kalte egingo ziotelakoan eta hirigintza planen aurka zihoazelakoan: Bergarako paper industriaren hondakinak kudeatzeko lantegia eta Azkoitian hondakin industrialak kudeatzeko lantegia dira bi adibide. Lege berriarekin, halakoak ez dira posible izango.

J.

JAIEGUN BERRIA

Irailak 6, egutegian gorriz

Igande batean egokituko da aurten abenduaren 25a; alegia, ez da lanegun bat. Horregatik, urteko lan egutegian beste jaiegun bat ezarri du Eusko Jaurlaritzak: irailaren 6a izango da, Juan Sebastian Elkano Getariako marinela buru zela munduari egindako lehen biraren bosgarren mendeurrena gogoratzeko. Hain zuzen ere, Elkano fundazioak egiaztatua du 1522ko irailaren 6ko data agertzen dela Elkanok Sanlucar de Barramedako portura (Cadiz, Espainia) iritsi zela jakinarazten duen oharrean. Irailaren 6az gain, jaiegunak izango dira ondorengo egun hauek ere: urtarrilaren 1a, urtarrilaren 6a, apirilaren 14a, apirilaren 15a, apirilaren 18a, uztailaren 25a, abuztuaren 15a, urriaren 12a , azaroaren 1a, abenduaren 6a eta abenduaren 8a.

K.

KORRIKA

Amaiera, Donostian

Martxoaren 31n abiatuko da 22. Korrika, Amurriotik (Araba); eta, 2.500 kilometro inguruko ibilaldia osatu ostean, apirilaren 10ean egingo ditu azken metroak, Donostian. Hitzekin izango du lelotzat, antolatzaileen esanetan, “euskara hitzetik ekintzetara eramateko unea delako”. Bi helburu nagusi izango ditu: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte aurtengo ekitaldian, 34 urteko ibilbidean euskararen transmisioaren alde egin duten lana eskertzeko. Korrika ez ezik, Euskaraldia ere izango da aurten. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra antolatuko dute, Hitzez ekiteko garaia hartuz lelotzat.

L.

LEHENGAIAK

Enpresen kezketako bat

Gipuzkoako hamar enpresatik zazpik esan dute azkeneko hilabeteotan arazoak izaten ari direla lehengaien hornikuntzarekin. Era askotako sektoreetan igarri dute material falta: eraikuntzan, autogintzan, paper enpresetan… Egoerak kezka eragiten du. Hala ere, Adegi patronalak esan du baikor dagoela, uste baitu hornikuntza krisia “koiunturala” izan daitekeela. Datozen hilabeteetan ikusi beharko da ea normaltasunera itzuliko den lehengaien merkatua.

M.

METROA

Zulatzeko baimena

Donostiako metroa egiten ari zirela, bi zulo agertu ziren 2020an Zubieta kalean, eta lanak gelditzea erabaki zuten orduan. Beste zulo bat agertu zen iazko maiatzean, 138 metro kubikokoa. Azaroan, ordea, Espainiako Gobernuko Kostaldeetako zuzendaritzak baimena eman zuen Kontxako hondartzaren azpiko lanei berrekiteko, eta horretan ariko dira aurten. Gaur egungo aurreikuspenen arabera, 2024 amaierarako egongo da bukatuta azpiegitura. Mirakontxa eta Easo arteko zatiaren aurrekontuak 33 milioi euroko gainkostua izan du orain arte.

N.

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Zahar etxeak eta beste

Izango ote da greba orokorrik 2022an? ELAk eta LABek aipatu izan dute haren beharra azken hilabeteotan, baina bi sindikatuek desadostasunak dituzte hainbat puntutan. Badira korapilatuta dauden lan gatazka batzuk ere. Zahar etxeetakoa da aipagarrienetako bat: hiru urte baino gehiago daramatzate protestan, eta 255 greba egun egin dituzte dagoeneko langileek. “Gehiegizko” lan kargak dituztela salatzen dute, eta egoera “jasanezina” dela. Inflazioaren tasak ikusita, negoziazio kolektiboan ere urte gatazkatsua izan daiteke 2022a; izan ere, lan hitzarmen asko daude adostu gabe, eta inflazio handi hori oztopo bat gehiago izan daiteke itun berriak egiteko. Hego Euskal Herriko inflazioa %6,5 ingurukoa izango da urte arteko tasan, abenduan, eta langileen soldatek KPIaren igoera hori bezainbestekoa beharko lukete erosteko ahalmenik ez galtzeko.

O.

ONDAREA

Arte Ederrak arriskuan

SADE enpresa da Donostiako Arte Ederrak zinema areto historikoaren jabea, eta eraikinean apartamentu turistikoak egiteko asmoa dauka. Iazko irailean lortu zuen eraikinaren barruan esku hartzeko Donostiako Udalaren baimena. Ondarearen babeserako Ancora elkarteak urteak daramatza eraikina gehiago babesteko eskatzen, besteak beste eraikinaren barrualde guztia eraitsi eta soilik fatxada mantenduko dutela uste duelako. Horrez gain, Donostiako Aldamar kaleko 1 zenbakia duen eraikin “historikoa” bota nahi dutela ere salatu du elkarte horrek.

P.

PENTSIOAK

Aldaketak, indarrean

Urte berriarekin batera, pentsioei lotutako zenbait aldaketa sartu dira indarrean. Espainiako Gobernuaren 2011ko pentsioen erreformaren ondorioz, Gizarte Segurantza lehen aldiz hasiko da kotizatutako azken 25 urteak zenbatzen erretiroa hartzen dutenen pentsioa kalkulatzeko —2011ra arte azken hamabost urteak hartzen ziren kontuan, eta ordutik handituz joan da epea—. 2022ko beste berrikuntzetako bat erretiroa hartzeko legezko adinarekin lotuta dago: erretiro pentsioaren %100 jaso nahi duenak 66 urte eta bi hilabete izan beharko ditu. Borondatezko erretiro aurreratua legezko adina betetzeko bi urte falta direnean hartu ahal izango da: 2022an, 63 urtetik aurrera, 37 urte eta 6 hilabete baino gehiago kotizatu bada, eta hortik beherako kotizazioa dutenek, 64 urte eta 2 hilabetetik aurrera. Pentsioak aurreko urteko inflazioaren arabera eguneratzea ezartzen duen legea ere indarrean da dagoeneko. Sistema horrek ordezkatu egin du PPren gobernuak indarrean jarritakoa. Hark Gizarte Segurantzaren kontuen osasunarekin lotzen zuen pentsioen eguneratzea. Lau urte bete dira pentsionistek asteroko mobilizazioei ekin zietenetik, eta hilaren 15ean ere manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

R.

REALA ETA EIBAR

Gozotik eta gazitik

Eibar Espainiako Bigarren Mailara jaitsi zenez, gizonezkoen Lehen Mailan Gipuzkoako talde bakarra dago orain: Reala. Urtea bolada txarrean amaitu zuen, lau partida jarraian galduta, eta berdinketa batekin hasi du 2022a. Hala ere, sailkapenean goiko postuetan dago oraindik: zazpigarren. Europa ligan ere final-zortzirenen aurreko kanporaketarako sailkatu da. Leipzig Alemaniako taldearen aurka jokatuko du joaneko partida, otsailaren 15ean, Alemanian, eta itzulikoa, berriz, 22an, Donostian. Emakumezkoen ligan, Gipuzkoako bi talde ari dira maila gorenean. Garai gozoan dago Reala, bigarren baita sailkapen nagusian; Eibar, berriz, uneotan 13. dago sailkapenean.

S.

SAN SEBASTIAN EGUNA

Danborrada, airean

Esther Ferrer artistak jasoko du 2022ko Donostiako Urrezko Danborra, arte garaikidean egiten ari den ibilbideagatik. Baina San Sebastian Egunean egingo al da danborradarik Donostian? Aurki dira erabakitzekoak. Beste herrietan? Inauterietan izango al da mozorroturik kalera ateratzeko aukerarik? Udazkeneko garai batzuetan baikortasuna zen nagusi, eta bazirudien berriz ere festak antolatu ahal izango zirela. Osasun egoeragatik, abenduan egin ohi direnak bertan behera utzi zituzten, ordea, eta urte hasierakoekin zer gertatuko den ez dago argi. Gaur egun indarrean dauden neurrien arabera, urtarrilaren 28ra arte ezin dira zortziehun lagun baino gehiago elkartu aire zabaleko ekitaldietan.

T.

TXAPELKETA

Finala, Iruñean

Urteko kultur ekitaldi nagusietako bat izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Berrikuntza batekin dator, gainera: azken finalak Barakaldoko BEC erakustazokan izan dira, eta Iruñean izango da azken saio hori aurten, Nafarroa Arenan, abenduaren 18an. Bertsozale Elkarteak jada jakinarazi du irailaren 24an hasiko dela txapelketa, Getxon (Bizkaia), baina gainerako saioak non izango diren ez du esan oraindik. Bertso Egunari dagokionez, urtarrilean egin beharrean, udaberrian egingo dute aurten, eta ekitaldi horren gaineko xehetasunak ere aurrerago emango dituzte.

U.

URTARRILAK 8

Protestak, herrietan

COVID-19aren hedapenaren ondorioz, euskal presoen eskubideen alde bihar Bilbon egitekoa zen urteroko manifestazioa bertan behera uztea erabaki du Sare plataformak, bigarren urtez jarraian. 80.000 eta 100.000 pertsona artean elkartzen ditu mobilizazioak, eta egungo egoeran halako zerbait antolatzeari “arduragabekeria” iritzi dio. Aldarri eguna herrietara zabalduko dute, eta “ehunka mobilizazio” egingo dituzte Euskal Herriko herrietan, guztiak aldi berean hasita: 17:00etan.

X.

HAMARGARREN URTEURRENA

Txillardegi gogoan

2012ko urtarrilaren 14an hil zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalari, idazle eta pentsalaria. Haren heriotzaren hamargarren urteurrena gogoratzeko, ekitaldi sorta bat antolatu dute: Txillardegiren hizkuntza politikaren oinarriak eta bere gaurkotasuna hitzaldia urtarrilaren 11n, Kronikak liburuaren aurkezpena urtarrilaren 13an, Txillardegi: euskalgintza eta Txillardegi: intelektuala eta gizartea liburuen aurkezpena urtarrilaren 18an… Dena den, bada azken urteotan indarra hartuz joan den beste egitasmo bat ere: herritar talde batek bultzatuta, Donostiako udal liburutegiari Txillardegi Liburutegia izena jartzeko eskaera. Urteurrenarekin bat eginez, aurten lortu nahi dute helburu hori egitasmoaren sustatzaileek.

Z.

ZINEMALDIA

70 urteak ospatzen

Donostiako Zinemaldiak 70 urte beteko ditu aurten, eta, urteurren hori baliatuz, haren ibilbidearen errepasoa egingo dute Nosferatu zikloan. Zinemaren historiaren azken 70 urteetan ezinbestekoak izan diren pelikulak eta zinemagileak izango ditu ardatz. Zikloaren barruan, urtarriletik abendura bitartean, berrogei film ikusteko aukera egongo da, eta horietako gehienak Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zirenak eta zinemagileen lehen lanak izango dira. Aurtengo Zinemaldiaren datak ere zehaztuta daude: irailaren 16tik 24ra izango da.