Bola jokoan trebatzeko beste bolatoki estali bat

Belauntzan bolatoki estalia inauguratu berri dute, eta txapelketa ofizialak jokatzeko aukera izango dute bertan. Gipuzkoako Federazioak uste du bola jokoa bultzatzeko beste pauso bat dela.

Imanol Garcia Landa

Abenduaren amaieratik, bola jokoan aritzeko gune berri bat dago Gipuzkoan, duela egun gutxi inauguratu baitzuten bolatoki estalia Belauntzan. Kirol azpiegitura berria egin dute, futbol zelai bat tartean, eta alde batean egin dute bolatokia. “Aurretik, estali gabekoa zegoen, udaletxearen ondoan, baina berritu beharra zegoen, eta horregatik txertatu dugu kirol azpiegitura berrian”, azaldu du Iñaki Telleria Belauntzako alkateak.

Garai batean, herriaren behealdeko bentaren ondoan bazegoen bolatoki bat, eta mugimendua izaten zen bertan. Ramon Lopetegi Belauntzako alkate izandakoak dioenez, han “beheko auzokoak” ibiltzen ziren gehienbat. “Eta zerrategian lan egiten zutenak. Gero uholdeak eraman zuen bolatoki hori, 1983an, eta orduan egin genuen udaletxearen albokoa”. Aitortu du lehen zaletasun handiagoa zegoela, eta, beste hainbat herritan gertatu den moduan, gazteek herritik alde egin ahala, ohitura galduz joan dela.

Horren jakitun, pixkanaka ohitura berreskuratzea da udalaren asmoa. Belauntza Berdintasuna eta Kirola taldea osatu dute, eta kirol minoritarioei eta emakumezko kirolariei bultzada bat eman nahi diete. Igande arratsaldeetan zenbait herritar biltzen hasi da jada bolatokian. “Giro polita izaten da, eta ea ohiturari eusten diogun”, esan du Telleriak.

BELAUNTZAKO BOLATOKI BERRIA

Herritar horien artean izaten dira Belauntzan bola jokoan lehiatzeko sortu duten emakumezkoen taldeko kideak. Bertako partaidea da Maider Lazkano, eta Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioko zuzendaritzako kidea ere bada. Bi helduk eta bi nerabek osatzen dute taldea, eta Taldekako Txapelketan parte hartu zuten azaroan. “Oso giro polita izaten da. Gainera, herriak ezagutzeko aukera izaten dugu, eta egunpasak egitekoa”, zehaztu du Lazkanok. Txapelketez gain, herrietan antolatzen dituzten tiraldietan ere hartzen dute parte. “Gustatuko litzaidake nesken talde gehiago sortzea, eta dagoen giro polit hori mantentzea”, esan du.

Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioa bere kirolak bultzatzeko lanean ari da, eta Belauntzako bolatoki berria beste pauso bat da bide horretan. Berritasun bat ere badu, gainera, federazioak proposatutakoa: bola jaurtitzean, ukitzen duen egurraren ordez, burdina jarri dute, mantenua errazteko. Ramon Iglesias ibartarrak, federazioko idazkariak, esan du ezberdindu egin behar direla bolatoki ofizialak eta ofizial ez direnak. “Estalitakoak dira ofizialak”, zehaztu du. “Belauntzakoak sabaia du, eta horrek bide ematen du lurra beti berdintsu mantentzeko. Kanpoko bolatokiak, euria eginez gero, lokaztu egin daitezke, eta tiraldiak ezin izaten dira egin, jokalari guztientzat baldintza berak behar direlako”.

Villabonakoa estali nahian

Txapelketa eta lehiaketa ofizialak, beraz, estalitako bolatokietan jokatzen dituzte. Tolosaldeko lehenengoa da Belauntzakoa, eta abian da Villabona-Amasakoa estaltzeko proiektua ere. Gipuzkoan, estalitako hamabost bat bolatoki daude, Goierrin, Donostialdean eta Hernani inguruan gehienak. Horietan jokatzen dituzte federazioaren txapelketak. Estali gabeko bolatoki gehiago ere badaude, eta herriko festetan egiten dituzten tiraldietan erabiltzen dituzte horiek.

Asteburuan ekingo diete txapelketei, eta ekainera arte ariko dira lehian. Udan, berriz, herriko festen txanda izango da —ikusi egin beharko da pandemia zertan den—, eta urrian hasiko dira taldekako lehiarekin.

Iglesiasek dio bola jokoak garai hobeak izan dituela, baina itxaropentsu dago: “Badatoz gazteak atzetik, eta espero dugu bultzada pixka bat ematea kirol honi”. Tiraldirik ez izatetik, aurten bost izatera pasatuko da Belauntzako bolatokia: bi, ofizialak. “Ea herritarrak eta ingurukoak animatzen diren”.