“Borrokak merezi izan du”

“Borrokak merezi izan du”

Miren Garate

Astea hasteko, elkarretaratzea. Lau urte dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua astelehenetako protestak egiten hasi zenetik. Berrehun astelehen baino gehiago igaro dira ordutik, eta COVID-19aren pandemiak behartutako etenaldia eta udako eta gabon sasoiko aste bakanen batzuk kenduta, astero atera dira kalera. Igartzen dute “neke puntu natural bat”, baina diote jendea ez dagoela “etsitzeko prest”. Orain artekoaren balorazio bat eskatuta, azkar erantzun dute: “Borrokak merezi izan du”.

Bihar ez da astelehena, baina berriro aterako dira kalera, protesten hasieraren laugarren urteurrena baliatuz. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan antolatu dituzte mobilizazioak; horietako bi, Gipuzkoan, 12:00etan hasita biak: Alderdi Ederretik abiatuko da Donostiako manifestazioa, eta Unzaga plazatik Eibarkoa. Aurrez, ordea, aste osoa daramate pentsiodunek beren aldarrikapenak han eta hemen zabaltzen: Gizarte Segurantzaren Donostiako egoitzaren eta arreta emateko bulegoaren aurrera joan dira, Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen egoitzara…

PENTSIODUNAK

Nabarmentzekoa da astelehenaz geroztik itxialdia ari direla egiten hamar lagun, bihar arte. Donostiako Egia auzoko Txoko Internazionalistan muntatu dituzte kanpin dendak, eta han igarotzen dituzte gauak. “Larunbateko manifestaziorako aktibatzea nahi genuen, eta horregatik ari gara itxialdia egiten”, kontatu du Maritxu Serranok, parte hartu duten pentsiodunetako batek. Bost emakume eta bost gizon sartu ziren lehen egunean; horietatik bost egun guztietan dira egotekoak, eta txandaka beste bostak. “Oso ondo doa itxialdia, oso giro polita daukagu”, erantsi du Iñaki Elduaienek, itxialdia egiten ari diren beste pentsiodunetako batek.

Protestak hasi zituzteneko testuingurua gogora ekartzen hasita, PP zegoen orduan gobernuan Espainian, eta iragarri zuen pentsioak %0,25 igoko zituela, legeak finkatzen zuen gutxieneko kopurua, bosgarren urtez jarraian. Pentsiodunek esan zuten erosteko ahalmena galtzen denbora asko zeramatela eta aski zela. Bi jo daitezke haien eskaera nagusitzat: pentsioak gutxienez 1.080 eurokoak izatea eta KPIaren arabera eguneratzea urtero.

Lau urtera, PP beharrean, PSOE eta Unidas Podemos daude agintean Espainian. Baina horiek ere ez dituzte ase pentsiodunen eskaerak. “PPren gobernuarekin egin genuen bezala, PSOEren eta Podemosen gobernuari eta haren euskarri diren alderdiei eskatzen diegu gure oinarrizko aldarrikapenei erantzuteko. Horretarako, 2011ko, 2013ko eta 2021eko erreformen atal atzerakoienak indargabetu egin behar dira”, diote.

Lortu direnak eta ez direnak

Urte hauetako mobilizazioen harira, eragin bat izan dutela argi ikusten dute Serranok eta Elduaienek. “Lortu nahi genituen gairik potoloenak ez ditugu lortu, baina bai beste zenbait gauza, inportanteak direnak. Eta ez baginen kalean egon, horiek ere ez genituen lortuko”.

Erdietsitakoen zerrendan, besteak beste, honako hauek sartzen dituzte pentsiodunek: 2013ko pentsioen erreformako bi neurri indarrik gabe uztea —pentsioen balorizazio indizea aplikatzeari uztea eta iraunkortasun faktorearen indarraldia atzeratzea—; 2018an bertan, %1,7 igotzea pentsioak, eta ez %0,25, iragarri bezala; Gizarte Segurantzaren sistema publikoa “guztiz bideragarria” dela erakustea; 2019an bat-batean lanbide arteko gutxieneko soldata 736 eurotik 900 eurora igotzea —kopurua eguneratuz joan da ordutik—; “gastu desegokiak” Espainiako Estatuko aurrekontu orokorretara pasatzea…

Eskaera nagusiak, ordea, eskaera dira oraindik ere. Pentsioak gutxienez 1.080 eurorenak izatea ez dute lortu, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die osatzeko ordainsariak kopuru horretara iritsi arte. Horrez gain, Karlos Etxeberriak, aste honetako mobilizazioak koordinatzen aritu den pentsiodunetako batek, esan du aurtengo erronkarik handienetako bat “KPI erreala lortzea” izango dela.

Pentsiodunek salatzen dute “tranpa” egin duela Espainiako Gobernuak pentsioak eguneratzeko moduan, KPIaren urteko igoeraren batez bestekoa hartu duelako kontuan, eta ez KPI erreala, 2011ko erreformaren aurretik egiten zen bezala. “Horrek %3ko galera ekartzen digu eros ahalmenean. Eta ez guk bakarrik: langileek eta hiritar gehientsuenek ere arazoak izango dituzte horrekin”. Iaz Espainian hasitako pentsioen erreforman bigarren neurri sorta bat ere badago, aurten onartu beharrekoa. “Hor ere indar berezia jarriko dugu”, iragarri du Etxeberriak. Gainerakoan, etorkizuneko pentsioei begira, lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, genero arrakala ezabatzea, 40 urte kotizatuta dituztenei erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea eta abar dira pentsiodunen eskaerak.

Etxeberriak aipatutako helburuen bueltan lan egiteaz gain, saiatzen dira unean-unean ikusten dituzten arazoei heltzen ere. Lehen arreta indartzeko eskatu dute azken boladan. “Protestekin hasi ginenean, osasun egoera bestelakoa zen. Badakigu oso zaila dela pandemia bat kudeatzea, baina pandemia hasi aurretik, 2019an, askotan eskatu genuen osasun arloan ikusten genituen hutsuneak betetzeko, eta ez ziren bete. Begira orain nola gauden”, gogoratu du Elduaienek.

Digitalizazioarena da adinekoen artean ezinegona sortzen duen beste kontuetako bat. Ia ezinbesteko bihurtu da Internetera jotzea COVID pasaportea lortzeko, diru transferentziak egiteko, tramite administratiboetarako… Batzuk oso gaizki pasatzen ari direla kontatu du Elduaienek, halakoak egiteko ezagutzarik ez dutelako. “Baditugu ezagunak, lagunak, senideak, baina norbera gauzak egiteko gai izatea gustatzen zaigu. Onartzen dugu digitalizazioaren errealitatea hor dagoela, baina tenpusak ere garrantzitsuak dira, eta guk aurrez aurreko arreta aldarrikatuko dugu indar guztiz”. Iaz, banketxeen aurrean egin zituzten mobilizazioak, bulegoak ez ixteko eta arreta presentziala berma zezaten eskatzeko, eta iragarri dute antzeko dinamikak aktibatuko dituztela aurten ere.

Astero kalean, 23 herritan

Osasun egoerak ez du gehiegi laguntzen, baina Etxeberriak azaldu du indartsu dagoela pentsiodunen mugimendua. “Lau urte asko da, eta higadura bat ekartzen du horrek. Pandemia ere hor dago, denbora asko egon ginen etxean sartuta, baina 2020ko ekainean berrekin genien mobilizazioei, eta borroka mantendu dugu; inportantea iruditzen zait hori. Langileekin eta gazteekin saretzen ere ari gara…”.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak dituen datuen arabera, Gipuzkoako 23 herritan antolatzen dituzte elkarretaratzeak astelehenetan. Horietako ordezkari batzuk Donostian izan ziren asteartean, biharko manifestazioak aurkezteko egindako agerraldian. Oñatitik joan zen Xabier Oregi, herriko beste pentsiodun batzuekin batera. Kontatu du Whatsapp bidez antolatu zirela herrian. “Pentsiodunen mugimendua, berez, duela bederatzi urte sortu zen, baina duela lau urte, jendea hain haserre zegoenez, astelehenero elkartzen hasi ginen”.

Hasieran, 150 lagun biltzen ziren. Pandemia tarteko, gorabehera batzuk igarri dituzte, baina oraindik ere astero 80-90 pertsona joaten direla esan du. “Tinko mantentzen da jendea”. Gazterik elkartzen ote zaien galdetuta, babesa beti adierazten dietela esan du, eta hirietan egin ohi diren mobilizazio handietara ere joan ohi direla bakanen batzuk. “Iaz, bizikleta martxa egin genuen, eta institutura joan ginen protestaren berri ematera. 30 gazte etortzea lortu genuen”. Asteroko protestetan, ordea, ez da ohikoa pentsiodunak ez direnak ikustea. “Oso urrun ikusten dute borroka hau, eta ulertzen dugu, gazteek ere arazo mordoa dituztelako. Esperantza handirik ere ez dute. Haiekin berba egiten duzu, eta batzuek esaten dizute: ‘Baina guk erretiroa hartzean egongo da dirurik?'”.

Arrasaten ere eusten diote asteroko elkarretaratzeari. Pentsio publikoen etorkizunari buruzko kezka ez ezik, beste kezka batzuk ere aipatzen ditu jendeak mobilizazio horietan. “Agerian geratu dira beste gabezia batzuk ere: zaintzarena, zahar etxeetakoarena… Zahar etxeetan ere pribatizazioaren mamua dago, horiek negozio bihurtuta arriskuan jartzen da kalitatea, eta guk zerbitzu publikoa izatea eskatzen dugu”, azaldu du Juanito Saizarrek, Arrasateko pentsiodunen mugimenduko kideak. Azken batean, uste du bizitzeko eredu bat, sistema bat, dagoela arriskuan. “Ahal den heinean, bultza egin behar dugu, borrokatu beharra ikusten dugu. Askotan esan izan dugu gure artean mitinak ematea alferrik dela. Gu konbentzituta gaude; etortzen ez diren horiek konbentzitu behar ditugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.