“Egiten ditudan piezak askotan ez ditut sartzen lanaren baremoan”

“Egiten ditudan piezak askotan ez ditut sartzen lanaren baremoan”

Jon Miranda

Ainezabal Haundi jaiotetxe ondoan eraikitako tailerretik begiratu dio Hernio mendiari Karlos Irazu Muñoak (Larraul, 1970). Hauspez etzanda dagoen ume bat irudikatu du hari begira, besoak aurrera zabalik dituela. Burura etortzen zaizkion irudi horiek oinarri hartuta ekiten dio sorkuntzari, egurrean.

Beti aritu izan al zara artisau ofizioan?

Ez. Sukaldari aritu nintzen hamar bat urtean. Gero, kooperante ere aritu nintzen Peru eta Bolivian urte batzuetan, eta, handik bueltan, Larraulgo Ostatuaren ardura hartu nuen beste lagun batekin. Han nenbilela hasi nintzen egurra lantzen; izango dira hogei urte baino gehiago. Tabernako lana utzi nuenetik nabil artisau.

Zeure kabuz ikasi al duzu ofizioa?

Bai. Margotzen beti aritu izan naiz, txiki-txikitatik. Askotan, maisuek errieta egiten zidaten koaderno guztiak margotuta edukitzen nituelako. Betidanik sentitu izan dut barruan neukan hori ateratzeko eta adierazteko beharra. Joera hori izan dut beti neure bizitzan. Pena dut margotzeko teknika horretan gehiago sakondu ez izana, baina bizitza honetan denetik ezin da egin, eta egiten dugunarekin konformatzen jakitea ere ez da gutxi.

Non ikasi zenituen egurraren lantzeko teknikak?

Hutsetik sekula ez da hasten. Azkenean, baserri batean jaioa izateak gauza asko erakusten dizkizu, eta horietako bat da erremintak erabiltzen jakitea; ez da tontakeria. Edozein lanetarako laguntza handia da; esate baterako, aitzurra, sega edota aizkora erabiltzen jakitea. Uste dut balioa eman behar zaiola horri.

Beti egurrarekin aritu izan zara?

Bai. Burdina ere erabili izan dut tarteka, baina egurrarekin ibiltzen naiz ia beti. Erremintak ere horretarako dauzkat. Aurrena, beti, arbolaren ipurdi zainetan ikusten nituen formak errespetatuta egiten nuen lan. Irudi hori sortzeko, sobratzen zena kentzeko jolas horretan ibiltzen nintzen. Orain, forma bat egitea erabaki eta egur zati bati asmo horrekin ekiten diot gehiago, nik buruan dudan irudi hori atera arte.

Zer egur erabiltzen duzu zeure lanetarako?

Bertako egurra. Hemen dagoena. Gaztaina, norteko haritza, pagoa, urkia… Egin beharreko lanaren arabera aukeratzen dut egurra. Basora gero eta gutxiago joaten naiz orain, bideak ez baitaude lehen bezala, eta ni neroni ere ez bainaiz ibiltzen lehen bezain arin. Kamioikada bat egur ekartzen dut normalean, eta handik aprobetxatzen dut nire lanetarako balio dezakeen guztia; zerrategira eramaten dut beste zati bat, egurra prestatzeko; eta gainerakoa, sutarako. Horrela moldatzen naiz. Dena den, lehendik hona gauzak asko aldatu dira, eta onerako, gutxi. Lehen, bere garaian botatzen zen arbola, eta orain kamioiari joatea komeni zaion garaian botatzen da. Horrek zerikusi handia izaten du gero egurraren mugimenduarekin edo pipiekin, adibidez.

Jaiotetxetik gertu, etxeko lurretan eraiki zenuen tailerra. Zuk zeuk eraikia da?

Teilatua izan ezik, familiakoen artean egin genuen dena. Baserriko lurretan egin genuen. 2013an hasi, eta pare bat urtean bukatu genuen. Beheko solairuan dut tailerra, eta piezak bukatuta ikus daitezke goian. Museoa ere ez da, ez zait gustatzen horrela esatea. Nire lantokia da, eta nik egindako lanak daude bertan. Tokia ikusi nahi duenarentzat zabalik daude ateak.

Egurrez egindako onddoak eta barraskiloak dira zure lanik ezagunenak, ezta?

Bai. Hasiera hartan, asko egiten nituen, eta oraindik ere horrekin lotzen nau jendeak. Azken batean, burutazioak dira sortzen ditudan irudiak, nire bizipenetan oinarritutakoak. Badago jarraitutasun bat. Naizen tokikoa naiz ni, baserrikoa, eta horren inguruko gauzak oso presente egon izan dira beti nire lanetan: belar metak, onddoak, txoriak, barazkiak, ezkurrak… Gorputzekin ere eduki izan dut bolada bat. Oso gai interesgarria da niretzat.

Transexualen gorputzak landu izan dituzu…

Gorputzak egiten ari nintzela, ume transexualen kasuak izan ziren hemen inguruan. Lehenago ere izango ziren horrelakoak, baina horrelaxe tokatu zitzaidan, eta, gai horri tiraka, gorputz transexualak lantzeari ekin nion; eskultura mordoxka bat egin nuen egurrean. Donostian erakutsi nituen, eta bitxia izan zen ikustea nola erreakzionatzen zuen jendeak. Oso ondo erakusten du gaur egun nola bizi dugun sexualitatea. Umeek, beti bezala, natural, eskulturara gerturatu eta tititik edo buztanetik heltzen zioten eskulturari. Bazeuden barre egiten zuten gurasoak, zerbait aipatzen zutenak ere bai… Baina bazeuden ikaratzen zirenak ere, eta umeei irudia ez ukitzeko esaten zietenak. Ondorioa da asko dugula ikasteko oraindik.

Emakume haurdun baten irudiarekin ere egin zenuen eskultura bat herriko eskolarentzat.

Bai. Emakume bat da, haurdun dagoena, eta ez du ez besorik, ez hankarik. Bidean izandako zailtasunak irudikatu nahi nituen horrekin, eta aldi berean adierazi nahi nuen umea hor dagoela, etorkizunaren promesa bezala, sabelean. Eta konplitu den gauza bat da: Larraulgo eskola bizirik dago. Ez dakit inork jakingo duen, baina egur bat dago eskultura horren azpian dagoen kaxoiaren barruan. Behin, artea bat ikusi nuen Hernioko erreka zulo batean, harri baten gainean. Goroldio mintz txiki-txiki baten gainean ateratakoa zen, eta neure artean pentsatu nuen: “Harri horren gainean hau atera bada, guk aterako diagu eskola aurrera”. Han aurkitutako egur pusketa bat ekarri nuen etxera, eta eskolarentzat eskultura egin nuenean, nolabait han sartu nahi izan nuen erreka zuloan ikusitako irudia. Eskultura horren azpiko kaxan dago. Uste dut inork ez zekiela orain arte.

Esana duzu baserriko bizimoduaren tankerako lana dela zurea. Zergatik diozu hori?

Egun guztia igarotzen dut lanaren bueltan, eta horrelakoa da baserriko lana ere. Gaur egun, asko hitz egiten da jasangarritasunaz eta bertako produktuez, baina hori dena lehen ere bazegoen baserrietako bizimoduan. Guraso zaharrak nola zaindu ere asmatzen zuten garai batean. Orain, balio berriak balira bezala saltzen zaizkigu, baina horietako asko bazeuden lehen ere. Baserriarekin batera galdu dira, eta ez dakit nola berreskuratuko ditugun. Gaur egungo munduan, inteligentzia falta ikaragarria ikusten dut nik. Politikak ere filosofiatik gehiago beharko luke. Zer bizimodu klase beharko genukeen hausnartu beharko genuke, baina begirada biharko egunean baino ez dugu jarria.

Erraza al da artisautzatik bizimodua ateratzea?

Ez, ez da erraza. Enpresa batean lan egiten baduzu, badakizu zer dagoen: nagusia gaiztoa eta norbera zintzoa. Hemen, ordea, inori ezin zaio kulparik bota. Neronek aukeratzen dut; nik egiten dut edo ez du inork egingo nire partez. Bizitzeko filosofia ere bada. Horrekin ez dut esan nahi nirea bizitza eredugarria denik, ezta gutxiago ere. Baina neronek aukeratu dut herrian bertan eta gustuko dudan lanean aritzea. Lotura handia dakar bizimodu honek, baina badu beste lan askok ez duten askatasun bat ere: inork ez dit agintzen. Egiten ditudan piezak askotan ez ditut sartzen lanaren baremoan; momentu bakoitzean egiteko gogoa daukadan hori egiten dut.

Erreleborik ikusten al duzu artisautzan?

Zenbat jendek nahi du horrelako bizimodua? Nahiago izaten ditugu soldatapeko lanak eta urtean hiru aldiz oporrak. Jakintzen transmisioan eten bat dagoela uste dut. Gaur egun, tristea da ikustea, baina zerrautsak eta kolak irabazi dio egurrari. Zerrautsa eta kola nahastu, kanpoan plastikoa jarri, eta egurra balitz bezala saltzen dute. Hura ez da mugitzen, ilargien gorabeherengatik ere igual-igual egoten da… Errazagoa eta praktikoagoa izango da, baina merezi al du? Horren aurrean, gure lanaren prozesua erakusten saiatu behar dugu guk. Tailer didaktikoak ere egin izan ditut, jendeak ikusteko nola egiten dugun lan. Motozerrarekin ere aritu izan naiz tokian bertan erakustaldiak egiten.

Inoiz antolatu al duzu erakusketarik?

Bai. Herrian bertan, bat baino gehiago. Bertako baratzeek ematen dituzten barazkiekin egin nuen erakusketa aurrena. Gero, gaueko animaliena etorri zen; gutxitan ikusten ditugunak, azkonarra, hontza, basurdea, azeria, satorra… tamaina handian egin nituen, eta plazan egon ziren jarrita. Bertako txoriekin egin nuen azken erakusketa, 2016an. Egur langintzan hasi nintzen garaian, antolatu izan nituen erakusketak Tolosan, Villabona-Amasan, Ordizian, Lasarte-Orian eta Hernanin. Horrelako tokietara, garbi esanda, jubilatuak bakarrik joaten dira, eta ez da ezer saltzen. Hori ikusita, azoketan hastea erabaki nuen.

Azokak al dira saltzeko bide bakarra?

Ez. Halako lanetan aritzen garenok, normalean, oso txarrak izaten gara salmentan. Hori da nire kasua. Azokak badira aterabide bat, eta ni gehienbat Donostialdean aritzen naiz ia urte osoan. Instagram kontua ere badaukat, eta, han ikusita, lanak erosi edo enkarguak egiten dizkit jendeak. Ezagutzen naute dagoeneko, eta asko etortzen zaizkit eskean. Kostatzen zaidana da dirutan nire lanei balioa ematea. Ez baita izaten pieza bakoitzarekin pasatzen duzun denbora bakarrik; gauza asko hartu behar dira kontuan.

Gabiltza elkarteko kidea ere bazara. Zer lan egiten duzue?

Azokak antolatzen ditugu gehienbat. Saiatzen gara gure lanari balioa ematen. Norberak lan egiten duenean, bere lanen saltzaile txarra izaten da, baina, kontrara, saltzaile ona berak egin ez dituen lanekin ibiltzen da, beti ez bada, gehienetan. Piezak erdi eginda ekartzen dituzte ustezko artisau askok, eta horiek saltzera dedikatzen dira gero. Joera hori nagusitzen ari da azkenaldian, eta ez artisautzan bakarrik, baita beste sektoreetan ere. Lan egitea baino merkeago ateratzen da beste nonbait erostea eta saltzea. Hori gertatzen da eskulanari ez zaiolako ematen beharrezko baliorik.

Sumatu al duzue azokek behera egin dutela osasun krisiagatik?

Alarma egoera egon zenean, geratuta egon zen kontua. Behin egoera hori pasatuta, Gabiltza elkartekook antolatzen ditugun azoka guztiak egin ditugu. Azokak ez dira murriztu, baina jendea bai. Beste guztiek bezalaxe sufritu dugu guk ere osasun krisia.

Musikarako zaletasuna ere piztu zaizu azkenaldian. Nolatan?

Saltsan nabil. Zeharo autodidakta naiz, baita musikan ere. Abesti batzuk sortu ditut; nireak dira hitzak eta melodiak. Egurrari kentzen zaion bezala, gauza bera gertatzen da notekin ere; bata bestearen ondoan jarriz sortzen ditut doinu berriak. Denok dauzkagu sentimenduak, bizipenak, burutazioak… Kaiolan sartuta edukiko dituzte batzuek, baina niri, behintzat, gustatzen zait kanpora ateratzea. Kantu hauek argia ikusiko dute, hemengo egurrek argia ikusi duten bezala.

Leave a Reply

Your email address will not be published.