Bi artista handiren etxea, denena

Bi artista handiren etxea, denena

Imanol Saiz

Irungo Oteiza Basterretxea tailer etxea sorkuntzarako topagune garrantzitsu bilakatuko da berriro. Itxura hori dauka, behintzat. Irungo Udalak eraikina berreskuratzeko proiektua abiatu berri du, “lehengo tailer etxea berreskuratzeko eta abangoardia artistikoekin lotura izan dezakeen kultura zentro gisa egokitzeko”. Beraz, urte askoren ondoren, badirudi beste bizialdi bat izango duela Irunen Ficoba inguruan dagoen eraikin mitikoak.

Hamar urtez bertan aritu ziren, ukondoz ukondo, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea artistak; haien lantoki eta etxebizitza izan zen. 1956. urtean eraiki zuen bikoteak. Kubo itxura eman zion Basterretxeak, Luis Vallet arkitektoarekin Argentinan ikasitakoa praktikara eramanda. “Arkitektura aldetik, eraikin garrantzitsua da, bakarra”, dio artista hondarribiarraren biloba Telmo Basterretxea zinemagileak. 1970. urtean eraikina utzi egin zutela kontatu du, eta ordutik “askotariko negozioak” jaso dituela, urteen poderioz, egungo “utzikeria egoerara” iritsi arte. 2008an Irungo Udalak proiektua abiatzeko saiakera bat egin zuen, baina “krisi ekonomikoagatik” geldiarazi zuten. “Jabetzen gara Oteiza Basterretxea tailer etxeak zenbateko balio artistikoa eta historikoa duen eta nolako lotura duen hiriarekin; zerbait egin beharra geneukan”, esan du udalak.

Mugarte izena jarri dio udalak proiektuari, “artea, kultura eta muga sustatzeko eta artxibatzeko lana” egin nahi baitute egitasmo horrekin: bereziki, “arte garaikidea sortzeko eta zabaltzeko espazio bat” izan dadin.

Proiektua hasi aurretik, eraikinaren kanpoaldean olana bat jartzea izango da lehen urratsa, udalaren arabera “eraikinaren egungo irudia hobetzeko asmoz”. Lanak hasi aurretik, estruktura eta arkitektura aztertuko dute. Ez dute datarik zehaztu, baina jakinarazi dute zenbait azterlan egin dituztela dagoeneko.

Oraindik ere proiektuaz informazio gehiegi aurreratu ez arren, artista hondarribiarraren senideek gogoz jaso dute albistea, Telmo Basterretxearen arabera, “tamalez, urte gehiegitan geldirik” egon baita proiektua. “Nire aita hor jaio zen; nire txikitako etxea da. Poz handia eman digu albisteak; oso garrantzitsua da familiarentzat, eraikin berezia delako guretzat. Zenbat arratsalde pasatuko nituen hor aitonarekin!”, gogoratu du bilobak.

Kulturarako txokoa

Artistaren bilobak oroitzapen asko ditu eraikin horretan, aitonak “denerako” erabili baitzuen etxe hori. 1990eko hamarkadan gurasoek haien txotxongilo eta buruhandi tailerra hor ireki zutela adierazi du, eta osabak ikus-entzunezko produktorea bertan instalatu zuela. “Kulturarako txoko bat izan da urte luzez; aitonak betidanik izan zuen espazioak sorkuntzarako okupatzeko behar hori, bere beharretara eraldatzen zituen espazioak”.

Senideek argi dute, “oso toki sinbolikoa” izanik, erakusketa funtzioa bete behar duela eraikinak. Baina, bereziki, Oteizaren eta Basterretxearen lana aitortzeaz gain, beste erabilera horri eman dio garrantzia Basterretxea bilobak. “Aitonak beti esaten zuen bere nahia zela artista gazteei lekua uztea, hori aldarrikatzen zuen. Aspaldian topagune berezia izan zen, eta hori da gure nahia. Hark hala nahiko zukeen”. Bidasoa inguruan horrelako topagune gutxi daudela gaineratu du zinemagileak, eta, horregatik, etxea “benetako topagune bat” izatea nahi dute artistaren senideek, “irekia, guztiontzakoa eta edonork erabil dezakeena”.

Pozik dauden arren, senideek “hurbiletik” jarraituko dute proiektua, ezer gutxi baitakite udalaren asmoez. Prestasun osoa adierazi diote udalari, eta prest daude ideiak emateko ere. Hartu-eman zuzena izango dute, “benetan inguruko artistei laguntzeko erreminta izan dadin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.