Doinu klasikoak, gaztetzen

Doinu klasikoak, gaztetzen

Josu Artutxa Dorronsoro

Tolosako herri kulturaren barruan, “funtsezko beste pieza bat” kaleratu du Bonberenea txarangak. Hainbat urtez lan berririk aurkeztu gabe egon ondoren, pandemia garairako “txertorik eraginkorrena” atera dutela diote bertako partaideek.

Izurritearen gorabeherak jarri diote izena diskoari; txarangaren ibilbidean zazpigarrena da, eta bere jatorria eta sustraiak erakusten ditu kolore zuriko diskoaren irudiarekin eta azalarekin. “Pandemiaren zuzeneko ondorio positibo baten aurrean gaude. Konfinamenduak eragindako gogoetak bere sustraiei heltzera eraman du txaranga”, azpimarratu du Iraia Otxoa Bonberenea txarangako kideak. “Lan honek argi erakusten du txarangaren jatorria, sustraiak lurpetik atera izan balitu bezala”.

Txarangak disko eta LP formatuko albuma aurkeztu zuen otsailaren 3an, hainbat estilotan “kozinatu” dituzten zortzi abestiz osatua. Euskal Herriko zein nazioarteko musikari nahiz talde “esanguratsuenetako” batzuen abestien moldaketak dira; besteak beste, Ruper Ordorika, Sorotan Bele, Negu Gorriak, Nirvana eta Sex Pistolsenak. Bihar aurkeztuko dute, Tolosako Bonberenea gaztetxean, 20:00etan; 8 euro balio du sarrerak. Diskoa, berriz, info@bonberenea.com helbidera idatziz edo 634-44 83 16 zenbakira deituta eros daiteke, 10 euroren truke; ohiko salmenta guneetan ere eskuragarri egongo da laster.

Bonbereneako estudioan grabatu dute diskoa, Karlos Osinaga Txap musikari, ekoizle eta soinu teknikariaren zuzendaritzapean. Gorka Otamendi, Zigor Sagarna eta Ander Agirrezabala musikari tolosarren laguntza izan dute zenbait kanturen ahotsetan eta moldaketetan. “Txertoaren albo-ondorioak eraginkorragoak dira, zenbat eta gehiago hartu, orduan eta beharrezkoagoa delako. Hartu lasai eta gozatu uneaz, horixe da gomendioa”, esan du Otxoak.

Sustraietatik, adar berriak

2013an sortu zuten Bonberenea txaranga. Ia hamarkada bakarrean, berrehun emanaldi baino gehiago eskaini ditu, eta 50 musikari baino gehiago igaro dira bertatik. Azken urteotan, baina, aldaketa nabarmena izan du; garai batean helduak zirenek utzi egin dute txaranga, eta orduko gazteak bihurtu dira oraingo “beterano”. “Hasieran, handia izan zen belaunaldi aldaketa, musikalki, batez ere. Gainera, jende falta ere nabaria zen. Txaranga handi bat zen gurea, eta gutxieneko musikari kopuru bat elkartzeko nahiko larri ibiltzen hasi ginen”, azaldu du Otxoak.

Aldaketa gauzatu zutenetik, Bonberenea txaranga “hazi” egin dela ziurtatu du, hala ere, Otxoak. “Egungoa bezalako egoera zail baten aurrean, gainera, belaunaldi berriak gaitasuna eta konpromisoa erakutsi du aurrera egiteko. Saio batzuetarako zein diskoaren grabaketa batzuetarako aurreko belaunaldietakoengana jotzen dugun arren, oraintxe osasuntsu dago txaranga”.

Kide berriek “gozatu” egiten dutela gaineratu dute. “Egindako lanaren eta esfortzuaren fruituak biltzen ditu diskoak; erronka gainditu dugu, eta oso pozik gaude. Talde sendoagoa gara, eta espero dugu aurrerantzean ere ilusio bera mantentzea”.

Euren habitat naturala “kalea” dela diote, nahiz eta azken bi urteotan “ezinezkoa” izan den kalean jotzea. Urtean zehar saio gutxi izaten ditu txarangak, eta, gainera, inauterietan ateratzen dira gehien kalera; hiru egunetan jotzen dute: ostegun gizenean, zaldunita egunean eta astelenitan. Aurten, baina, ezingo dute horrelakorik ospatu, bigarren urtez jarraian Tolosako Udalak bertan behera utzi baititu jai horiek. “Herriko festarik maitatuenak dira. Pena izugarria sentitzen dugu, urte osoan zain egon eta ezingo dugulako ospatu”, dio Otxoak.

Deialdi berezia inauterietan

Txaranga bat kalez kale aritzeak “jende kopuru handia” mugitu ohi duela aitortu du Bonbereneako kideak. “Tolosan, behintzat, ezinezkoa da txarangari atzetik saltoka ez jarraitzea. Hurrengo urtekoak gogo handiagoarekin ospatu beharko ditugu, azken bi urteotakoak berreskuratzeko”.

Hala ere, egun hauetan zenbait tolosarren artean bolo-bolo dabil deialdi bat: inauterietako bizpahiru une esanguratsuetan herritarren artean fanfarre bat osatu eta kalera aterako dira zenbait tolosar. Izan ere, inauterizale askorentzat eta Bonberenea txarangako kideentzat “ezinezkoa da txarangarik gabeko festak irudikatzea. Tolosan, inauterietako sinbolorik garrantzitsuenetako bat dira”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.