Natura, garapena… eta oreka?

Natura, garapena… eta oreka?

Unai Zubeldia

Ikusteko emanaldi bat da, entzutekoa, sentitzekoa… “Dantza proposamen bat baino gehiago sortu dugu oraingoan; ez gara gelditu dantza eskaintza hutsean”, zehaztu du Aiert Beobidek, Haatik dantza konpainiaren zuzendariak. 2011. urtean sortu zuten konpainia, eta 2012an taularatu zuten lehen lana: Errimak bi oinetan. “Urteurren ospakizun bat da, beraz, lan berri hau”. Haatik dantza konpainiak dantza garaikidea, zuzeneko musika eta hitza uztartu ditu Ur bizitan azken sorkuntza lanean. Etzi, igandean, izango dute jendaurreko entsegua, Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean, 19:00etan, eta martxoaren 11n estreinaldia, Tolosako Leidor antzokian, 20:30ean.

“Proiektu hau duela urte eta erdi hasi zen gorpuzten”, zehaztu du Beobidek. “Bere garaian, Donostiako Martutene auzoko landa eremu txiki batean bizi ziren nire anaiaren emaztea eta haren familia, Urumea ibaiaren ertzean. Eta aurretik ere beste baserri batean bizi izan ziren”. Beobidek azaldu duenez, familia hura kanporatu egin zuten bi baserri haietatik. “Lehenengo, uholdeen eraginez, Urumea ibaiaren birkanalizatzeagatik, eta, ondoren, Urumeako autobidea baserriaren gainetik pasatuko zelako”. Haatik konpainiako zuzendariak aitortu du familia hark “pena handiz” kontatu ziela istorio hori. “Eta hortik tiraka hasi ginen ideiak josten. Amaitzen ez den gai bat da: garapen ekonomikoaren izenean, posible al da naturaren eta garapenaren arteko oreka bat lortzea? Edo kondenatuta gaude dena suntsitzera?”.

AIERT BEOBIDE

Buruan zerabilen “zirriborroari” forma eman nahian, Koldo Izagirre idazlearengana jo zuen Beobidek. “Aholku eske joan ginen Koldorengana, gidoi moduko bat nork egin zezakeen galdetzera, baina berehala esan zigun berak egingo zuela, gaia oso gertu sentitzen zuelako, eta dantzarako ezer idatzi gabea zelako artean”. Haatik dantza konpainiako kideak “txundituta” gelditu ziren Izagirreren eskaintzarekin. Lanean hastearekin batera, bi zatitan egin zuten kontakizuna: Ur zen lehen zatia, abiapuntua. “Hogei minutuko bertsio bat da; irailean aurkeztu genuen Leioako [Bizkaia] Umore Azoka jaialdian. Oso modu ona zen lanean hasteko eta gauza batzuetan arreta jarriz joateko”. Ordurako bazekiten “desberdina” izango zela ondoren antzokietarako osatuko zuten pieza: Ur bizitan. “Baina abiapuntu interesgarria zen Ur lana”.

Eusko Jaurlaritzatik ere jaso zuten dantza lanak ekoizteko laguntza bat. “Eta aurrera egiteko seinale bat izan zen hura”. Hariak josi eta josi, Pascal Gaigne musikariarengana jo zuten segidan. “Beste erronka bat izan zen hura: soinu banda bat osorik sortu du ikuskizunerako”, esan du Beobidek. “Pandemiaren ondorioz iritsi zen itxialdiak hainbeste lotu gintuen, ezen dena askatzeko eta egiteko gogoa etorri baitzitzaigun bat-batean”. Etzitik aurrera, hiru musikari zuzenean ariko dira Ur bizitan ikuskizunean: Iñaki Dieguez akordeoilaria, Javi Perez pianista eta Manu Gaigne perkusio jotzailea. “Koordinazioari dagokionez, putzu beltz batean murgilduta gaude oraindik; entseguetan ikusi dugu gauza asko dauzkagula lotzeko eta hobetzeko, baina gauza izugarriak ikusten hasi gara jada”. Zuzendaria pozik dago musikarien eta dantzarien artean sortzen ari den klimarekin.

HAATIK DANTZA KONPAINIA

Dantzari hitzak jarrita

Sormen lanaren azken ukitu gisa, “eta Koldo Izagirreren proposamen bati helduta”, abestu eta errezitatu ere egingo dute dantzariek. “Beste bide bat ireki digu horrek”, aitortu du zuzendariak. Olatz Beobide, zuzendariaren arreba, aritu da hitzak ikuskizunean txertatzen. “Iaz hasi zen dantzariekin lanean; lotsak kendu, ahotsak entzutera ohitu, ahotsei kolorea eman… Oso polita zen ideia eta baita eszenaratzea ere”. Beobideren hitzetan, testuak ikusleei asko laguntzen die dantza garaikidea hobeto ulertzeko bideak aurkitzen. “Testuak batzuetan laguntzen du jakiten dantzariak etxeez, bizitzaz, makinez edo uraz hizketan ari diren”.

HAATIK DANTZA KONPAINIA

Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunea toki ezaguna da Haatik dantza konpainiarentzat. “Askotan lan egin izan dugu hartan”, argitu du Beobidek. “Ikuskizun honetarako, Gabon aurretik hasi ginen prestaketa lanetan, eta, azken urteotan, Sarobek aukera eskaini digu egonaldi finkoak egiteko”. Larunbatean egin zuten muntaketa lan guztia, eta igandean entsegua. “Aste osoan, gure bigarren etxe bihurtu da Sarobe”. Haatik konpainiako zuzendariak gogoratu du duela hamar urte ere Urnietan egin zutela Errimak bi oinetan ikuskizunaren lehen saioa. “Hamar urte geroago, toki berean gaude berriz”.

Bost dantzari taula gainean

Beobidek aitortu du horrelako proiektuetan dantzariak “azkenerako” uzten dituztela askotan. “Baina eurak dira benetako protagonistak”. Bost dantzari izango dira oholtzan Ur bizitan ikuskizunean: “Hor daude Amaiur Luluaga eta Irati Sorondo; bi horiek zortzi urte daramatzate jada gure konpainian. Heldutasun handia lortu dute, eta gure familiako kideak dira ia-ia”. Iñigo Etxeberria eta Jon Arsuaga ere oholtzan izango dira. “Errimak bi oinetan ikuskizunean, norbere nortasuna azaleratzeko aukera polita zeukan bakoitzak, baina askatasun hori pixka bat mugatuko diegu orain”. Libe Sukia da bost dantzari horietatik konpainian sartu den azkena. “Eta, ordezko moduan, Nagore Zabala eta Leire Romero dauzkagu. Nagorek lesio bat izan zuen duela bi urte, eta lesio horrekin bueltaka dabil oraindik”. Romero, berriz, “uda aurretik” hasi zen Haatik taldean. “Eta ikasten eta hazten ari da pixkanaka. Bixente Martinez musikariarekin ere badabil Leire, bere diskoarekin, biran”.

HAATIK DANTZA KONPAINIA

Pandemiak “ziurgabetasuna” sortu diela esan du Beobidek. “Askotan gelditu behar izan dugu prozesua, eta egoera horrek estresa sortzen du. Baina onartuta daukagu, eta aurrera egingo dugu”. Beobide ziur dago “oso ikuskizun potoloa eta ona” daukatela esku artean. “Eta gonbidatuta daude denak. Arteak merezi duelako, kulturak merezi duelako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.