Energia sortzeko leiho berriak

Goiener taldeko Nafarkoop kooperatibak eguzki plakak instalatuko ditu Gipuzkoako bost eraikinetan, autokontsumoa bultzatu eta energia subiranotasunaren alde egiteko.

Olaia Gerendiain

Herritarrek oinarrizko ondasuna den energiarekiko kontrola berreskuratzea da Goiener irabazi asmorik gabeko kooperatibaren helburu nagusia. Bide horretan, kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatuz, “norbanakoak ahalduntzen” dihardute; hala azaldu du taldeko kide Alazne Arruti Bengoetxeak.

Goienerrek kontsumo kooperatiba gisa hasi zuen bidea, baina energia ekoizle bilakatzea zen azken helburua, eta hutsune hori betetzeko sortu zuen, hain zuzen, Nafarkoop, geroago. Goiener taldearen barruan kokatuta dagoen bigarren mailako kooperatiba bat da Nafarkoop, eta bertako langilea da Arruti. “Gure proiektu propioak eginez energia sortzea da Nafarkoopen helburua”, azaldu du.

Kooperatibaren ekimenez aurkezturiko ekinbideak borondatezko ekarpenen bitartez finantzatzen dituzte, gaur-gaurkoz: “Bazkideei proiektuak proposatu, diru bilketa egin, eta plan horiek aurrera eramateko behar duguna biltzean, gauzatu egiten dugu”.

Leiho izena du haien egitasmoetako bakoitzak, eta gaur egunera arteko laugarren proiektua da Gipuzkoako lau udalerritan lur hartu duena: subiranotasun energetikoa hezkuntzan txertatzeko baliatuko dute Errenteriako Orereta eta Oiartzo ikastetxeetan; Pasaia-Lezo Lizeoak Pasai Donibanen duen egoitzan; Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan; eta Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.

EGUZKI PLAKAK

Eraikinen hautua egiteko, etxegainen nolakotasuna hartu dute kontuan. “Teilatuaren espazioa da baldintza nagusietako bat, eta baita orientazioa eta itzalak saihesteko aukera izatea ere”. Epe laburreko asmoa da bost eraikinetan instalazio fotovoltaikoak jartzea, baina ez dute baztertzen etorkizunean beste teknologia batzuk ere erabili ahal izatea zentro horietan.

Bertatik bertara

Plaken instalazioa egiteaz gain, unean uneko energia sorkuntzaren berri emango duten pantailak ere jarriko dituzte eraikinen barrualdeetan. Arrutik “funtsezkotzat” jo du atal hori: “Ez da soilik plakak jartzea, baizik eta ulertzea plakak zergatik dauden hor eta zer ematen diguten”. Energiarekiko mendekotasuna txikitu daitekeela erakutsi nahi dute gaztarotik, autohornikuntza ezagutuz.

Zentroekin adostu dute hornikuntza horrek zenbateraino zuzkituko duen azpiegitura bakoitzaren behar energetikoa. Alde horretatik, Pasaiakoa da kasurik bereziena, kokalekuagatik plakak bi norabidetara begira jartzeaz gain —mendebalderantz eta ekialderantz—, sorkuntza —eta kontsumo— gune bana izango duen azpiegitura bakarra delako Pasaia-Lezo Lizeoa. Horrek esan nahi du kokagune bakarrean —ikastetxearen teilatuan— sortuko dela energia, eta eraikin horrek bere burua hornitu ahal izango duela. Beste lauretan “autokontsumo kolektiboa” egingo dutela jakinarazi du Arrutik; alegia, inguruan dagoen kontsumogune bat baino gehiago hornituko dute sorkuntza gune bakarretik.

Zabaltzeko aukera

Gerora, kontsumo kolektibo hori indartzea da asmoa. Oraingoz, zentro horietako energia euren titularpean dauden instalazioak hornitzeko soilik erabiliko dute, baina sistema prest utziko dute aurrerago inguruan bizi diren familiak ere hornitzeko modua emateko.

Gaur-gaurkoz, Andoaingoa da eraikitzeke dagoen bakarra, beste etxegainetako instalazioei “azken ukituak” besterik ez baitzaizkie falta. Lizeokoa “indibiduala” denez, hura da aurreratuen daukatena; “hilabete barru guztiz martxan” izango dela aurreikusi dute. Goienerrek eskuratuko du sortutako energia soberakina. “Azken batean, ikastetxeak ezingo du guztiz aprobetxatu energia, eta, batez ere udan, soberakin energetiko handia egongo da”, zehaztu du Arrutik.

Nafarkoopeko kideak ziurtatu du onuren artean CO2 isuriak murriztuko dituztela. “Aurrezki ekonomikoa, heziketa balioa eta horren kutsu soziala ere hor daude”. Haren hitzetan, “energia modu kolektiboan sortu eta kontsumitzea posible bada, geronek gure etxeetan sor dezakegu”. Energia berriztagarriekiko “utopia kutsu bat” badela uste du, eta halako proiektuek “sinesgarritasuna emateko” balio dutela.