Hezegunea baino gehiago

Hezegunea baino gehiago

Amaia Urbieta Arruti

Ohikoa da inguruko ibai eta erreketan etxetresna zaharrak, erosketetako orgak nahiz begi bistan geratzen ez diren beste hainbat objektu pilatuta egotea. Hori bera gertatzen da Zarauzko Iñurritza auzoan, izen bera daraman ibaia itsasoratzen den inguruan. Padura dago gune horretan, eta, hain ekosistema berezia izanik, Arkamurka Zarauzko natur elkartea aspalditik kezkatu izan du inguru horren zaintzak.

Duela hamabi urte inguru berreskuratu zuten Iñurritzako biotopoa, eta, Arkamurkako kide Eneko Azkueren arabera, azken boladan “utzita” sumatzen zuten. Kezka horretatik abiatuta sortu zuten duela bi urte Zarauzko Hezeguneen Eguna. “Herritarrak kontzientziatzea eta ingurua apur bat txukuntzea” zuten xede, eta helburu horrekin antolatu dute ekintza hori bera biharko, hirugarrenez.

ENEKO AZKUE

Azkuek azaldu duenez, errekak menditik behera ekarritakoaz gain, Urola eta Oria ibaietatik etorritakoa izaten da Iñurritzako paduretan pilatzen den zaborra. “Euri asko egiten duenean, ibai horietako ur zikinek Zarautzen egiten dute topo, eta, marea biziak baldin badaude, kanalaren barru-barruraino sartzen dira”. Oriaren kasua “nabarmena” izaten dela dio Azkuek: “Mendi aldetik Zarautzera begiratuz gero, itsaso urdina eta ekialdetik ur marroia zabaltzen ikusten da. Ur hori Igeldo aldera eta Mollarri aldera zabaltzen da, zaborra paduretan metatuz”. Horrelako kasuak urtean “birritan-edo” gertatzen dira, eta zakarra bertan geratzen da pilatuta, ura ez delako berriro ere maila horretara heltzen. “Eta eskerrak hala gertatzen den, horrela aukera edukitzen dugulako zakar hori jasotzeko, itsasora heldu ez dadin”, dio Azkuek. Hain zuzen, besteak beste horixe egingo dute bihar.

Zaindu beharreko gunea

Zaborra biltzeaz gain, Arkamurkako kideen asmoa da herritarrei gogoraraztea hezeguneak oro har eta padurak bereziki zer garrantzitsuak diren ingurumenaren orekarako. Azkuek nahiko luke haien ekintzek balio izatea herritarrak Iñurritzaren garrantziaz ohartzeko. “Azkenean, balioa eman behar diegu herrian geratzen diren padura eremu gutxi horiei, eta jendea ohartu dadin nahi dugu oso toki gutxitan topatzen den ekosistema hauskor bat daukagula etxe ondoan”.

Funtsean, ura metatuta dagoen gune oro da hezegunea, baina padurak oso bereziak dira, menditik datozen erreka urek itsasoko urarekin talka egin eta bi korronteak geratu egiten direlako bertan. Hala, errekan behera doazen lur pusketak dekantatu eta sedentatu egiten dira, eta lohia sortzen da. Paduretan soilik topa daitekeen lokatz fin eta berezia da lohia, eta hainbat animaliak elikagaia topatzen dute bertan. Horregatik, hegazti migratzaileentzat oso gune garrantzitsuak dira, “eta, ondo zaindu ezean, galtzera kondena daitezke”. Horra padurak zaintzeko beste arrazoi pisutsu bat: “Bertako landare eta espezieak hauskorrak dira oso, eta gizakiok beste espezierik ez balego bezala bizi gara, baina gure jardunarekin haien iraupena baldintzatzen dugu”, azaldu du Zarauzko natur taldeko kideak.

Iñurritza auzoan bezala, Gipuzkoako gainontzeko ibai nagusien ertzetan ere padurak daude izatez, baina ohikoa da paduren ordez hormigoizko hormak ikustea ubideen alboetan. “Gipuzkoa hain menditsua denez eta hainbesteko dentsitatea duenez, eraikitzeko eremu lauen beharra egon da, eta padurak aproposak dira horretarako, ordekan egoten direlako. Horregatik sufritu dute hainbeste ekosistema horiek”, azaldu du Azkuek.

Hark dioenez, izatez, urbanizatutako lurren azpian “dunak eta padura soilik” leudeke Zarautzen. Horregatik da horren laua. Padura eremuaren gehiengoa “galduta” dago egun, baina Iñurritzako, Iritako eta Astiko hezeguneek bertan diraute. Arkamurka elkarteak lanean jarraitzen du geratzen diren gune horiek babesteko presioan eta kontzientziazioan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.