Jaien atariko “gustuko eromena”

Jaien atariko “gustuko eromena”

Unai Zubeldia

Inauteriak izan, izango dira azkenean, eta hori jada bada nahikoa albiste. Eusko Jaurlaritzak joan den astean, ostegunean, jakinarazi zuen amaitutzat jo duela osasun larrialdi egoera; larunbatean argitaratu zuen neurriak arintzea agindu zuen dekretua; eta astelehenean sartu zen indarrean, ostegun gizena baino hamar egun lehenago —otsailaren 24an lehertuko da festa—. Ondorioa? Inauterietarako inoizko prestaketa lanik bizienean murgilduta dabiltza herri eta herritar asko eta asko.

Horietako bat da Isitxo Larrañaga tolosarra. Tolosako karrozen elkarteko kidea da —Ero Etxe elkarteko kidea ere bada—, eta bilera bat amaitu eta hurrengoa hasi, horrela dabil azken egunotan. “Erotzekoa izaten ari da”, aitortu du. “Baina gustuko eromena da hau. Korrika eta presaka ari gara dena antolatzen, eta estu samar gabiltza, baina merezi du”. Larrañagak onartu du “beste modu batera” baina lehendik ere herritar asko “zerbait” prestatzen hasita zeudela. “Inauteriak ez dira udalarenak, herritik eta herriarentzat sortutakoak dira, eta inork ezin ditu utzi bertan behera; udalaren egitarauarekin edo egitaraurik gabe, baina beti izango dira inauteriak”. Dena den, debekurik gabe jaiak “askoz hobeto” ospatuko dituztela aitortu du.

Tolosako Udala astelehenean da inauterietarako egitarauaren berri ematekoa. “Baina %90ean beteko da, gutxienez”, ziurtatu du Larrañagak. “Denbora faltagatik, ezinezkoa izango da gauza batzuk egitea, baina saiatzen ari dira ahalik eta ekintzarik gehienak egin daitezen. Txarangak, xexenak, karroza batzuk… Denetik izango da; jendea mugitzen ari da”. Hori bai, Koldo Tarragona Sukalde txarangako zuzendariak oso zuhur hitz egin du: “Hurrengo urteko inauteriak prestatzen ari ginen gu jada, eta erabat tokiz kanpo gelditu gara azken albisteekin”. Aitortu du bera “txarangak ez ateratzearen alde” agertu zela inauteriak egingo zituztela esan ondoren Olatz Peon Tolosako alkatearekin egin zuten bileran. “Baina aurrera egitea erabaki dute, eta aurrera egingo dugu, noski. Hori bai, errespetu handia sortzen dit egoerak. Inauterietan erraldoitu egiten da Tolosa, eta ez dakit ba… Arduratuta jaso nuen baiezkoa”. Urrutira joan gabe, bihar bertan kaldereroetan ere kalez kale ibiliko da Sukalde txaranga, Tolosan.

TOLOSAKO SUKALDARI TXARANGA

Karrozen elkarteko kideak onartu du “salto, brinko, dantza eta poz pixka baten beharra” daukatela denek. “Zama handia daukagu jada pandemiaren kontuarekin, eta gorputza nolabait askatu beharra daukagu”. Duela bi urteko inauteriak “ozta-ozta” ospatu ondoren, iaz ez zen izan jairik ez Tolosan eta ez gainerako herrietan. “Eta jai hauek bereziki sakratuak dira guretzat, eraldatu egiten da herria”.

“Izugarrizko poza”

Joan den ostegunean Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera amaitutzat jo berritan jakinarazi zuen Tolosako Udalak aurten inauteriak ospatuko zituztela. “Eta izugarrizko pozarekin jaso genuen albistea, baina bilera bat geneukan lotuta udaleko ordezkariekin, eta kezka pixka bat bageneukan zer esango ote zuten”, dio Larrañagak. Erabateko baiezkoa jaso zuten alkatearen ahotik. “Makinaria guztia martxan jarri genuen, bat-batean”. Larrañagak badaki aurten karroza guztiak ez direla kalez kale ibiliko —27 daude karrozen elkartean—. “Erdiak-edo ea ateratzen diren, baina kaleko giro ederra egongo da, eta ondo pasatuko dugu”.

Txarangaren kasuan, egoera “are zailagoa” dela uste du Tarragonak. “Musikari asko behar izaten ditugu txaranga bakoitzean, eta ez da erraza izaten azken unean taldea osatzea”. Donostiatik, Errenteriatik, Hernanitik… jende asko joaten da Sukalde txarangara. “Eta hutsune asko izan ditugu aurten. Batek bidaia antolatuta zeukala jada; besteak, inauteririk ez zenez egongo, lan egin beharra daukala… Arazo asko izaten ari gara”. Tarragonak ez ditu behar musikari titularrak bakarrik. “Badaezpadakoak ere behar ditugu, edozein unetan irits daitezkeelako positibo kasu batzuk. Horregatik, oso estresagarriak ari dira izaten azken egunak. Baina, tira, tolosar batek inoiz ezin die esan ezetz inauteriei”.

Horren seinale, debeku garai betean, Whatsapp taldeak “sutan” zeudela onartu du Larrañagak. “Ezkutu samarrean, bola handi bat sortzen ari zen herrian, eta zuzenean alkatearengana joan beharra geneukala iruditu zitzaigun, inauteriak egin egingo zirela esateko. Ez genuen nahi inauterietan txaranga bat kalera atera eta, bat-batean, udaltzainekin edo ertzainekin liskarra sortzerik”. Herrian izaten ari ziren mugimenduen berri ematean, Peon alkatea “harrituta” gelditu zela jakinarazi du Larrañagak. “Ez zuen sinisten halako mugimendurik zegoenik”. Hasieran, karrozen elkarteak hitzeman zuen aurten karrozarik ez zutela aterako. “Baina gutxieneko batzuk lortu genituen, behintzat”. Azkenerako, beste bide bat hartu dute, ordea, inauteriek, egitarau ofizialarekin.

Joan den ostiraleko prentsaurrekoaren jarraipen gisa, larunbatean Eusko Jaurlaritzak dekretu bat atera zuen 100.000 biztanleko laurehun kasutik gorako intzidentzia tasa daukaten herrietan jarduerak aldi baterako atzeratzeko edo bertan behera uzteko eskatuz. “Baina txiste bat da hori. Ez dago legerik ezer debekatu dezakeenik. Legerik gabe, ezer ezin dute utzi bertan behera. Neurriak hartu behar dira, bai, baina aurrera doaz inauteriak. Susto txiki bat izan zen larunbateko dekretua, baina guk ez genion kasu askorik egin”, esan du Larrañagak. Tolosarrei “gozatzeko” dei egin diete biek ala biek, baina “zuhurtzia eta errespetua” eskatu du Sukalde txarangako zuzendariak.

Donostia, Azpeitia, Irun…

Gipuzkoan, Tolosak dauka sonarik handiena inauterietan, baina beste hainbat herritan ere prestaketa lan betean murgilduta dabiltza jada. Donostian, esaterako, bi zatitan banatuta aterako dira konpartsak otsailaren 26an, larunbatean —astelehenean dira azalpenak ematekoak—. Hamabi konpartsa aterako dira Grosen eta beste hamabi Erdialdean; guneak trukatu egingo dituzte hurrengo egunean. Otsailaren 25ean aurkeztuko dituzte konpartsak, Illunben. Azpeitian ere, pandemiari aurre egiteko neurriak hartuta, baina inauterietako ohiko egitaraua izango dute aurten. Irunen, berriz, otsailaren 24an hasiko dira inauterietako ekitaldiak, Zanpantzar konpartsaren desfilearekin; otsailaren 28an amaituko dira festak, Zanpantzar erreta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.