“Hilekoak konnotazio oso negatiboa du”

“Hilekoak konnotazio oso negatiboa du”

M. Ortega Zubiate

Hilekoaren inguruan dagoen ezjakintasun eta estigmaren lanbroa oskarbitzen egiten du lan Ainhoa Aira pedagogo eta sexu hezitzaileak (Errenteria, 1998). Arremanitz kooperatibako kide da, eta sexu heziketako ikastaroak ematen ditu zenbait herri eta ikastetxetan. Oraindik ere hilekoa desestigmatizatzeko egiteko asko dagoela nabaritu du.

Zenbait udal hasi dira kopak banatzen. Zer deritzozu?

Egia esan, ez nuen horren berririk. Interesgarria iruditzen zait, ikusgarritasuna ematen laguntzen duelako, eta beti da garrantzitsua hilekoa existitzen dela adierazten duen edozein sinbolo; herri mailan zein eskoletan. Gainera, kopak bereziki interesgarriak iruditzen zaizkit: alde batetik, berrerabilgarriak direlako eta ez dutelako kimikorik; eta, bestetik, aluarekin eta hilekoarekin kontaktua izatera behartzen zaituelako. Autoezagutza errazten duen tresna dela uste dut.

Baina kopak banatzea, bera bakarrik, nahikoa da?

Ondo dago kopak banatzea, baina uste dut beste lanketa bat ere behar dela. Oraindik oinarrizko lana egiteko dagoela iruditzen zait. Gazteak etorri izan zaizkit kopa nola jarri galdetzera, eta konturatzen zara 13-14 urteko hilekodun pertsona batek ez duela bere alua ezagutzen, ezta zikloa ere, eta kopa erabili nahi duela; horrek ez du zentzurik, aurretik beste lanketa bat egin behar da.

Oraindik ezjakintasun handia dago hilekoaren inguruan?

Bai, zalantzarik gabe. Hilekoaren zikloaren inguruko informazioak hutsune asko ditu. Nerabeek, baina baita zenbait helduk ere, ez dakite odola nondik datorren, zein aldaketa dauden hormonalki eta fisikoki…

Tabua ere aipatzen dute askok.

Hilekoak konnotazio oso negatiboa du, minarekin lotzen da beti. Gainera, emakume identitatearekin estuki lotzen den zerbait da; gizonezkoek horrekiko informaziorik izan beharko ez balute bezala da, nahiz eta hilekoa duten seme-alabak izan. Baina herritar guztion ardura da honi buruzko informazioa izatea, eta hileko osasuntsu bat izatea zer den jakitea. Erika Irusta eta Enara Iruretagoiena, esaterako, sekulako lana egiten ari dira: behin eta berriz diote hilekoak ez lukeela minik eman beharko, eta horrela bada, hori aztertu egin behar dela. Mina izatea normalizatuta egotea hilekoak kulturalki duen esanahiarekin lotuta dago. Hilekoa dugunok zergatik sufritu behar dugu prozesu fisiologiko batekin?

Mota honetako ekimenek lagundu dezakete tabu hori apurtzen?

Bai, noski. Hilekoa eremu publikora eramango duen edozerk laguntzen du horretan; guztiz arlo pribatura mugatutako zerbait baita. Baina, lehen esan bezala, informazioak lagunduta joan behar duela uste dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.