Kategoriak lokatzetan

Leire Narbaiza

Musikaren gainean genbiltzan berbetan klasean. Batzuek reggaetona entzuten zutela esan zuten. Nik, ordea, erritmo errepikakor hori ezin nuela eraman komentatu nien. Orduan, batek galdetu zidan: “Zuri zein musika mota gustatzen zaizu, ba? Zuri euskal musika, fijo”. Euskal musika, euskara irakaslea estereotipo hutsa delako. Kategoria bakarra beste batzuen artean. Euskaraz egiten dena, berez, omen delako kategoria, zaku berean Benito Lertxundi, Amaia Zubiria eta Fermin Muguruza. Berdin-berdinak dira eta. Eta euskaldun militantea izanez gero, denak gustatu behar. Horrelakoetan konturatzen naiz zein urrun sentitzen gaituzten, kale eta espazio berberak okupatzen baditugu ere, galaxia desberdinetako planeta banatan bizi bagina lez. Izu eta atzerakada puntu bat ere ematen dit eurek (aurre)ikusten gaituzten moduan geure burua imajinatzeak, izpiritu aratz euskaldun hutseko sen eta arimadunak, esentzien zaintzaile zorrotz eta zurrunak. Xahu eta perfekziozaleak. Pixka bat Gerturik daukagu odola liburu zoroan Sagastizabalek profilatutako euskaldun purua bezala. Uf!

Baina gutako asko zortziko narrasekoak izan, basatzan txipli-txapla gustura gabiltzanak; lohitu, nahastu eta (ustezko) zikinkerietan disfrutatzen dugunak. Ezinbestean, gehiegitan jausi, zauritu eta lupetzaren zipriztinekin zikindu garelako. Esan liteke traketsak eta trauskilak garela, baldresak eta baldanak, gogoz zein buruz. Hala tokatu zaigu, eta asumitu egin dugu: osinetan sartzea plazera da. “Nabil, eta nabilelako nago hain zikin”, Lurdes Iriondok kantatu zuen lez.

Lokatzetan murgiltzea gustuko dugu. Eta Lokatza podcastak irabazi du Espainiako Ondas saria. Zelako poza jakitean! Gozatua direlako ekoitzitako zortzi atalak; gaiengatik ez ezik, bakoitza egindako eragatik ere bai. Buztin fina lokatzetakoena!

Orain gutxi Goya sariez eta euskaldunez jardun nuen hemen bertan, badirudi espezializatu egin naizela sarietan. Ez legoke gaizki, hemengo sortzaileen lana preziatzen den seinale litzatekeelako. Baina gero jakin nuen en lengua cooficial del Estado atalean saritu zutela, Estatuko hizkuntza koofizialean, alegia. Beraz, katalan, galego eta euskarazko guztien artean onena. Galderak metatu zitzaizkidan: koofiziala ez ote da gaztelania ere? Ko aurrizkiak ez ote du berdintasuna adierazten? Bestalde, zenbat kategoria daude beste hizkuntza ofizial —ko aurrizkia beti ahazten zaie!— horretan?

Ko aurrizkiaren misterioa ez dut argitu, baina Ondas premioek 26 kategoria dituzte podcastetan. 26! Fikzio, ez-fikzio, emakume aktore onena, gizon aktore onena… 26 arte. Koofizialok, ordea, bakar baten hiru hizkuntzak sartuta, epigrafe bakarra denondako. Kategoria bat gara.

Aurretik Lertxundi, Zubiria eta Muguruza aitatu ditut, ez alferrik. Duela 19 urte Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi ostean, eurak ere kategoria berean finalista izan zirelako Espainiako musika sarien banaketan. Kategoria bakarra: musica en euskera. Eta txistu-jotzea Muguruzarendako, Guardia Zibilak zarratutakoa gogoan izateagatik. Zurrunak gu omen gara, kategorikoak.

Kategorikotzat gauzkate, kategoria bakar batean sailkatzen bagaituzte ere ko aurrizkia ez dutenek. Baina kategorikoki esan nezake gurean kategoria askotako egileak daudela kategoriakoak direnak.

Zorionak, señorak!

Leave a Reply

Your email address will not be published.