Euskal kostaldea ezagutzeko aukera izango da martxo amaierara arte

Euskal kostaldea ezagutzeko aukera izango da martxo amaierara arte

Unai Zubeldia

Gipuzkoako kostalde osoa museo batean sartuta. Horixe da Euskal Kostaldeko Museoen Sarea. Irailean hamar urte beteko ditu sare horrek, eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak jakinarazi duenez, “ospakizun eta hausnarketa garaia” izango da hurrengo udazkena. Kostaldeko ondarea zaintzeko premiaz ohartarazteaz gain, ondare hori herritarren eta turisten artean zabaltzea eta hedatzea ere bada Euskal Kostaldeko Museoen Sarearen helburuetako bat. Alde horretatik, urtero bezala, Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea ospatzen ari dira martxoan. Museo gehienek egokitu egiten dute eskaintza urteko hirugarren hilabetean, eta ez dute hutsik egin aurten ere. Bisita gidatuak, doako sarrerak, txangoak, tailerrak… Martxoaren 31ra arte aukera asko izango da Gipuzkoako kostaldeko museoetan.

COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez, “gogorrak” izan dira azken bi urteak, Aizpea Goenaga Irungo Oiasso museoko zuzendariaren hitzetan. “Ari gara geure onera etortzen, mugimendua nabari da, baina oso pixkanaka ari gara errekuperatzen”. Horren erakusgarri, Oiasso museoan, “urte normal batean”, 30.000 bisitari izaten dituzte. “Eta 18.000-19.000 izan genituen iaz; itxieraren urtea izan zen 2020a, eta ezjakintasunarena iazkoa, azkenera arte ezinezkoa zelako antolatuta geneukan hori egingo genuen edo ez jakitea. Erabateko eromena izan zen”.

Martxoan sartuta, Aingura litikoak Gipuzkoan aldi baterako erakusketa prestatu dute Oiasso museoan, eta martxo guztian ez da sarrerarik ordaindu beharko erakusketa hori ikusteko. “Inoiz ez dira erakutsi izan aingura litikoak, eta Gipuzkoako bederatzi ikus daitezke gurean”. Goenagaren hitzetan, “oso bereziak” dira aingura horiek. “Formak eta sinbologiak dauzkate, zuloak… Denborarekin burdinazko aingurak sortu zituzten arren, oso berandura arte egon izan dira harrizko aingurak, ia-ia gaur egunera arte, eta oso funtzio garrantzitsua bete izan dute gure kostaldean”. Martxoko lehen egun hauetan bisitan joan direnak “jakin-minez” atera direla esan du Oiasso museoko zuzendariak. “Gehienentzat ezusteko handia izaten ari da aingura litiko horiek ezagutzea”.

Irungo Oiasso museoak eguneroko eskaintza izango du martxoa amaitu bitartean; beste museo batzuetan, berriz, unean uneko eskaintzak izango dira. Getariako Balentziaga museoan, esaterako. Balenciaga. Kapelaren dotorezia aldi baterako erakusketara bisita gidatua egingo dute bihar, 11:15ean —maiatzaren 8ra arte egongo da ikusgai erakusketa hori—. Euskaraz egin zuten bisita joan den larunbatean eta gaztelaniaz izango da biharkoa. Zuriñe Abasolo Balentziaga museoko komunikazio arduradunak azaldu du “garai batean silueta osatzen zuen zatitzat” hartzen zela kapela. “Eta, horregatik, goi mailako jantzigintzako etxe gehienetan halakoak diseinatzeko, sortzeko eta saltzeko sail berezi bat egoten zen. Horren haritik, Balentziagarenak ziren desiratuenak”. 1885ean jaio zen Balentziaga eta 1972an hil zen.

BALENTZIAGA MUSEOA

Balenciaga. Kapelaren dotorezia erakusketa Balentziagaren Parisko eta Madrilgo goi mailako jantzigintzako kapelagintza etxeko sailetan 1930eko hamarkadaren amaieratik 1968an etxeak itxi arte sortutako kapela eta burukoei soilik eskainitako nazioarteko lehenengo erakusketa da. Abasolok jakinarazi duenez, urtean, normalean, 50.000 bisitari izaten dituzte Getariako Balentziaga museoan. “Bertakoak eta atzerrikoak”.

Donostian, hiru eskaintza

Donostian, bisita gidatu berezi bat daukate prest biharko, Aquariumean: Itsasoa —10:00etan, euskaraz; eta 11:30ean, gaztelaniaz—, eta San Telmo museoan, berriz, familia tailerra, 5 eta 8 urte arteko haurrentzat. Hurrengo larunbatean eta igandean Sardiñak Mara Mara familia tailerra izango dute San Telmo museoan, eta larunbatean Tromelineko memoria berreskuratzen erakusketarako bisita berezia egingo dute Euskal Itsas Museoan.

MATER MUSEOA

Pasaiara txangoa eginda, martxoa amaitu arte hiru saio berezi izango dira Mater untzi museo ekoaktiboan. Hurrengo larunbatean, Itsas hondakinen arrantza “ingurumen sentsibilizaziorako ekoaktibitatea” egingo dute, 11:00etatik 13:30era. “Itsasoaren kontserbazioan gizartea sentsibilizatzeko jarduera izango da”, Izaskun Suberbiola museoko zuzendariak zehaztu duenez. “Itsas hondakinen arrantza egiteko saiakera da, talde lanaren garrantzia azpimarratuta. Itsasoan hondakinak arrantza egitea zaila dela erakutsi nahi dugu, eta prebentzioa dela esku hartzerik onena”.

Hurrengo egunean, martxoaren 20an, Jaizkibelgo itsaslabarrak irteera egingo dute. “Jaizkibelgo itsaslabarren eraketa geologiko eta inguru miresgarriaz antzinako egurrezko atunontzi batetik gozatzeko aukera paregabea izango dute bertaratzen direnek”. Helduek 30 euro ordaindu beharko dituzte, eta 12 urtetik beherakoek, 15 euro.

Mutrikun, fosilak

Beste hainbat herritan bezala, Mutrikun ere badaukate eskaintza berezia martxorako, Nautilus museoan: familientzako fosil tailerra, martxoaren 20an eta 27an —azken hori beteta dago jada—. “Nautilus museoari lotuta, duela urtebete inauguratu genuen ikerketa eta didaktika gela bat”, hasi du azalpena Marta Amonarriz museoko koordinatzaileak. “Flysch beltzean aurkitutakoak dira Mutrikun dauzkagun fosilak, oso tamaina berezikoak, handiak. Mundu mailan ere oso bilduma berezia da”. 6 urtetik gorako haurrak dituztenentzat da eskaintza.

Leave a Reply

Your email address will not be published.