Oraindik aitortu ez den lanaren kronika

Oraindik aitortu ez den lanaren kronika

Josu Artutxa Dorronsoro

Gizarteko zenbait esparrutan —hala nola lehen sektorean, ekonomian, soziologian, politikan eta kulturan ibilbide luzea egin duten—, bide urratzaileak izan diren eta kontatzeko gogoeta mamitsuak dituzten hamalau emakumeren testigantzak bildu ditu Arrate Fernandez zinemagile andoaindarrak, Gure Hots dokumentalean. Abenduan aurkeztu zuen lana, Durangoko Azokan, eta Tolosako Topic museoko aretoan eskainiko du gaur, 19:30ean. “Komunikatzeko ezinbesteko tresna da ahotsa. Ahots hitzetik dator hotsa, eta hotsa hitzetik hots. Hortaz, gure ahotsez hitz egiten du dokumentalak”, azaldu du zinema zuzendariak.

Pandemia garaian ekoiztu du lana Fernandezek. Grabatzen hasi aurretik, iritzi inkesta bat egin zuen: ingurukoei galdetu zien ea noren kontakizuna jasotzea nahi zuten, eta horrela osatu zuen elkarrizketatuen zerrenda. “Ia denak agertu ziren prest hasieratik, eta guretzat oso pozgarria izan zen hori. Nuen materialarekin, telesail bat ere egin nezakeen. Osasun egoerak baldintzatu du dinamika, baina denbora tarte laburrean eta lantalde tekniko txikiarekin egin arren, indartsua izan da”.

Hausnarketa batetik abiatu zen andoaindarra ikus-entzunezko lana osatzeko: “Euskal Herriko historian —azken hamarkadetan batez ere—, emakumeen ekarpena azpimarragarria izan da, baina gizartearentzat ikusezina da oraindik ere. Hutsunea handia da”. Hori dela eta, “premiazkoa” ikusten zuen ibilbide emankorreko emakumeen ahotsa jasotzea, “euren eskarmentutik diagnosia egin zezaten”.

Belaunaldi eta gizarte arlo desberdinetako elkarrizketatuak atzera begira jarri ditu Fernandezek. Guztiek izan dituzte hizpide Euskal Herria eta emakumeak, eta “iragana, oraina eta geroa lotzea” lortu dutela aitortu du zuzendariak. “Oso aberasgarria izan da haiek entzutea, guztiak biluzi baitira. Elkarren osagarri dira denen ikuspuntuak, eta, horiek harilkatuz, ondorio batzuk atera daitezke. Berdintasunaren alorrean azken berrogei urteotako bidearen kronika egiteaz gain, etorkizunari begirako argi izpiak proiektatzen dituzte”.

Norbanakotik kolektibora

Haurren eta helduen ipuin kontalaria da Leire Zinkunegi oriotarra, eta hura da Gure Hots dokumentaleko narratzailea. “Altxor eder bat da. Aurrera begira bakoitzak eskain dezakeenaz hausnartzera gonbidatzen du ikuslea: nola eraiki nahi dugu gizartea? Eta norantz joan nahi dugu?”, esan du.

Zinkunegiren iritziz, nork bere burua ahalduntzeko ariketa bat proposatzen du dokumentalak. “Freskoa da, indarberritzailea, ikuslea norbanakotik kolektiborako jauzia egitera animatzen duena. Askotan, arreta kanpoan soilik jartzeko arriskua izaten dugunez, feminismotik gizarte osoa ukitu eta eralda daitekeela sustatzen du. Gizartearen erdia gara, eta, desberdinak izanik ere, denok izan gaitezke protagonista berdintasunaren alorrean”.

Fernandezen arabera, “oso gizarte aurreratua” da gaur egungoa; baina, aldi berean, “ikasketa pedagogiko eta psikologiko sakonaren premia” dagoela nabarmendu du. “Elkarren artean lehian bizitzera zigortu gaituzte; frustrazioa besterik ez dakar giro erasokor eta gatazkatsu batean bizi beharrak. Hala ere, badago alternatiba bat, eta hori da dokumentalak zabaldu nahi duen mezua: elkar errespetatuz, denok eduki dezakegu gure presentzia; inor ez dadila izan zapaldua, ez dadila izan beste inor baino gehiago edo gutxiago”.

Zuzendaria itxaropentsu dago bere lanak izan dezakeen ibilbidearekin eta jaso dezakeen erantzunarekin. Orain, zinema aretoetan plazaratzea da erronka nagusia, eta, horietan estreinatu eta publikoak gozatzeko aukera edukitzeaz gain, badu beste amets bat ere: “Testigantza eman duten hamalau emakumeak bildu, eta horiekin aurkezpen publiko eder bat egitea”. Horietako bat, behintzat, Tolosako saioan izango da gaur: Maddi Zubeldia musikaria.

Leave a Reply

Your email address will not be published.