Ramon Goikoetxea: “Anoetako estadio txikiko obra orain egitea txarra litzateke”

Ramon Goikoetxea: “Anoetako estadio txikiko obra orain egitea txarra litzateke”

Maria Ortega Zubiate

Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Atletismo Federazioaren arteko tirabirak “arnasa” hartu du aste honetan. Hala adierazi du Ramon Goikoetxea Gipuzkoako Atletismo Federazioko lehendakariak (Urnieta, 1959). Anoetako estadio txikiko obren proiektuaren aldaketak sortu zuen bien arteko haserrea, baina asteon “elkarrizketarako bidea” zabaldu dela adierazi du lehendakariak.

Prentsaurrekoa ematekoak zineten atzo, baina atzera egin duzue azkenean. Hizketarako borondatea nabaritu duzue?

Bai. Orain arte ez gara ados jarri erakundeekin; 2019an proiektu bat adostu genuen alde guztion artean, baina hori aldatu egin zuten gero. Haserre geunden, baina orain nabaritu dugu badagoela bidea urratzeko modua, badagoela erakundeekin batera proiektu bat sortzeko gogoa. Bide horretatik, proiektuak eta Gipuzkoako atletismoak, biek irabaziko dute.

Akordiorako keinuaren aurretik, plan berrian aldaketak izan direla esan izan duzue zuek…

Plan bakarra dago adostuta, baina orain esan dute plan hori onartzeko lizitazio bat jarri behar dutela martxan. Donostiako Udala denbora guztian ari da arreta estadio txikiaren edukieran jartzen. Guri horrek ez digu axola, gure helburua ez da hori; behar ditugun espazioak ahalbidetu ditzaten nahi dugu: teknifikazio gelak eta hirurogei metroko zuzengune bat. Zuzengune hori estalita geratu da orain, eta horren gainean sortu dute edukiera gehiago, baina guk ez dugu horretan jarri nahi arreta. Gimnasioa ere behar dugu. Egia da orain apur bat handitu dutela gimnasioa, baina are handiagoa behar dugu, zenbait ordutan ezin baita bertan entrenatu.

Udalaren plan berriarekin ez zaudete ados, beraz?

Udalak egin nahi duena da eraikin zahar bati zimur batzuk kendu, baina zaharra izango da aurrerantzean ere. Denok dakigu eraikin zahar baten mantentzea askoz garestiagoa dela berri batena baino. Hori ari gara exijitzen: ez dugula nahi gure beharrak beteko ez dituen eraikin bat. 25 urterako proiektu bat proposatu dugu, atletismoaren hazkundeari erantzungo diona; eta ziur gaude hala izango dela, klubak eta eskolak oso ondo ari baitira funtzionatzen.

Atletismoak indar handia al du Gipuzkoan?

Azpiegiturak beteta daude, zenbait ordutan federatuok ezin dugu sartu, gutxienez seiehun ikasle ari dira eskoletan… Gainera, aurreikusi dugu ikasle kopuruak gora egingo duela; beraz, egoera okerrera joango da. Eliteko kirolariak dira batzuk, Tokioko Olinpiar Jokoetan ibilitakoak; Teresa Errandonea eta Maria Vicente, esaterako. Harrobi garrantzitsua dago; Donostian bertan bi talde daude mailarik gorenean [Reala eta Donostiako Atletico], baina Tolosan eta Irunen ere badaude beste bi. Nik behin baino gehiagotan esan dut estadio hau ez dela Donostiarentzat bakarrik, Gipuzkoarentzat edo Euskal Herriarentzat dela; Gipuzkoako atletismoa erreferente da arlo askotan. Eta erreferentzialtasun hori mantentzeko eraikin bat eta azpiegitura batzuk behar ditugu.

Hasierako obra proiektua zergatik aldatu den badakizue?

Batetik, dirua dago. 14 milioi euroko aurrekontua zegoen obra guztirako; Realaren futbol estadioa, hockeyko zelaia eta atletismoko estadio txikia konpontzeko. Ez dakigu zer gertatu den, ez dugu ezeren agiririk. Ezkutuko arrazoiren bat egon behar da. Izan ere, guk bileretan esan izan dugu nahiago dugula itxarotea, obra ganoraz egiteko behar beste diru lortzeko, baina agintariek ez dute itxaron nahi; orain egin nahi dute obra. Nola ulertzen da hori? Esango nuke horretan ere badutela eragina datorren urteko [udal eta foru] hauteskundeek; orain arte ez dute presarik izan, baina orain ez dute itxaron nahi. Hala ere, ez dut nik uste udalak asko irabaziko duenik hauteskundeetara proiektu txar batekin joanez gero.

Nik egin izan ditut kudeaketa batzuk erakundeetan eta erantzuna beti izan da positiboa. Nik lortu badut, udalak nola ez du, bada, lortuko? Horregatik gaude haserre. Gu ez gaituzte kontuan hartu, eta gainontzeko erakundeekin ez dute pausorik eman: eta jakin badakigu 25 urteko plan batean milioi bat euro ez dela ezer. Hala ere, orain ikusi dugu badagoela asmoa guztion artean plan hau aurrera ateratzeko, eta baikorrago begiratzen diogu elkarlan horri.

Zer-nolako harremana duzue udalarekin?

Guk lagundu egin nahi diogu erabaki on bat hartzen. Itxaron behar bada, itxarongo dugu, ez dago arazorik. Nire ustez, hobe da hauteskundeetara proiektu on batekin joatea, bizkor-bizkor proiektu bat aurkeztea baino. Baina hasieran udaletik deitu ziguten, eta azaldu ziguten proiektua hau dela eta ez dagoela aldatzerik. Beste aukera bat litzateke egungo proiektua gerora handitzeko aukera ematea.

Zer uste duzu gertatuko dela azkenean?

Guztiek esaten didate ahazteko, egin egingo dutela, baina nire betebeharra da hori geldiarazten saiatzea. Hemen kontua ez da indarrik handien nork duen erakustea; gu ez gaude inoren aurka; erakundeak alboan behar ditugu. Baina Anoetako estadio txikiko obra orain egitea txarra litzateke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.