Digitalizazioranzko urratsak

Digitalizazioranzko urratsak

Aritz Mutiozabal

Urola Kostako Udal Elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu berri du eskualdeko lanbide heziketako lau ikastetxerekin —Zarauzko Aiala ostalaritza eskolarekin, Oteitza lizeo politeknikoarekin, Monte Albertia ikastetxearekin eta Zumaiako herri eskolarekin—, “Urola Kostan adimen artifizialaren ekosistema sendo eta indartsu bat ehuntzeko”. Garabide horretarako, zentro bakoitzak 5.000 euroko laguntza jasoko du Urola Kostako Udal Elkartearen eskutik, eta Skootik enpresa izango dute gidari eta aholkulari adimen artifizialaren esparruan murgiltzeko orduan.

“Lankidetza honekin adimen artifizialaren egunerokotasunari heldu nahi diogu gehienbat”, hasi du azalpena Skootik enpresako arduradun Unai Martinezek. “Lan pedagogiko inportantea egiten dute arlo horretan; izan ere, gure ustez, eraldaketa digitala exekutatu baino lehen, inportantea da kultura digitalean sakontzea”. Karta joko baten bidez, sor daitezkeen berrogei problematika inguru aurkeztuko dituzte, eta lanbide heziketako zentroak saiatuko dira problematika horiek beren arloan islatzen. “Karta adierazgarrienak” aukeratutakoan, digitalizatu egingo dituzte, app baten bidez, eta horiek hodei konputaziora igoko dituzte; bertan koadrante batzuetan antolatuko dituzte, aldagai batzuen arabera.

“Garrantzitsuak diren aldagai batzuk zehaztuko ditugu, ikusteko hezkuntza zentro horiek zer egoeratan dauden digitalizazio prozesuari dagokionez”, adierazi du Skootik enpresako arduradunak. “Heldutasun digitalaren indize moduko bat” sortuko dute, eta hortik aurrera ikusiko dute zein izango den ikastetxe bakoitzaren adimen artifizial adierazgarriena eta inpaktu gehien izan dezakeena. Hori detektatuta, txosten bat jasoko dute zentroek, eta bertan adieraziko zaizkie denborarekin eman beharreko pauso teknologikoak, adimen artifizial hori errealitate bihurtzeko.

Hori izango da lehendabiziko pausoa, eta dinamika hori lau ikastetxeekin batera egingo dute. Gainera, Urola Kostako Udal Elkartearen perspektiba hartuko dute kontuan: hau da, ez da lau zentroentzako aholkularitza lan hutsa izango, “baizik eta eskualde osoa kontuan hartzen duen ekosistema kolektibo bat”.

Bigarren zatian, berriz, zentro bakoitzeko datuen auditoretza egingo dute. “Gauza bat da haiek antolaketa gisa zer irudikatzen duten, datu asko izan baititzakete, baina horretaz baliatzen jakin behar da gero. Datu horiek ongi antolatuta egon behar dute, argi jasota, eta balio erantsia izan behar dute adimen artifiziala aplikatu ahal izateko”, esan du Martinezek. Zentro bakoitzaren datu ekosistema zer egoeratan dagoen ikusiko dute fase horretan, aurreko adimen artifizialak baliagarriak diren ala ez jakiteko.

Ikastetxeen ikuspuntua

Oteitza lizeo politeknikoan lehendik ere hasita daude lanean adimen artifizialaren esparruan. Urola Kostako Udal Elkarteak egin zien Gizatech proiektuan parte hartzeko proposamena, aurreko ikasturtean, eta urtebetez aritu ziren horretan buru-belarri. “Lehen pauso gisa, irakasleak formatzen hasi ginen, eta, ondoren, lanbide heziketan erabiltzen ditugun eduki batzuk sortu genituen”, kontatu du lizeoko zuzendari Ion Gurrutxagak. Hitzartu duten lankidetza berriari “interesgarria” iritzi dio: “Batik bat, aurreko urteko ibilbideari segida eman ahal izango diogulako. Guretzat oso inportantea eta estrategikoa da ikasturte honetan ere jarraipena ematea”.

Gurrutxagak esan du adimen artifiziala “urrun” ikusten dela eta “lanketa handia” eskatzen duela. “Baina irakaskuntzan datu bilketa handia egiten da, bai ikasleen ebaluazioan, bai enpresa gisa. Beraz, aberasgarria izan daiteke datu horien guztien kudeaketa egiteko”.

Monte Albertia ikastetxeak Estetikako eta Ile Apainketako heziketa zikloak eskaintzen ditu, eta zentroko zuzendari Nora Amorenak argi utzi du beren sektorean ez dela batere ohikoa berrikuntza teknologikoa garatzea, industria arloarekin konparatuta. “Hitzarmen honekin lortzen duguna da adimen artifizialaren kultura hori gure ikastetxean txertatu ahal izatea, eta esparru horretako ezagutzak garatu ahal izatea. Guk, lanbide heziketako ikastetxeak garen heinean, gure sektorearen motor izan behar dugu”.

Amorenak onartu du batzuetan adimen artifiziala “konturatu gabe” erabiltzen dutela: “Big data-ren inguruko proiektu batean ari gara lanean, eta datuen inguruan lanketa bat egitea, ondoren onura izateko, bada, hori ere bada adimen artifiziala. Edo, gure sektorean, irudiaren azterketa software edo euskarri digital baten bidez garatzea, ondoren nola gera daitekeen ikusteko: esaterako, irudi aldaketa bat”. Monte Albertiako zuzendariaren ustez, lankidetza honekin “asko” ikasiko dute denek: “Ziur nago. Ezjakintasunak bultzarazi gaitu pixka bat lankidetza honetara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.