Elkartasuna, sasi guztien gainetik

Elkartasuna, sasi guztien gainetik

Erik Salazar

Errusia Ukrainan egiten ari den erasoa gogor astintzen ari da herrialde hura eta Europa guztia, oro har. Milaka pertsona atera dira dagoeneko Ukrainatik. Han gelditu direnak, berriz, bonben eta tiro hotsen artean bizi dira azken asteotan. Ukrainako gerra horrek Europako txoko askotako elkartasun uholdea eragin du azken aldian, eta Gipuzkoan ere ia erabatekoa ari da izaten ukrainarrekiko elkartasuna.

Gipuzkoan, Trintxerpen dago ukrainarren elkarterik handiena, Pasaian —Donostiako Altza auzora lekualdatzekotan dira orain, lokal handiago batera—. Hain zuzen ere, gerra izaten ari den eragina ikusita, Eusko Jaurlaritzak eskaini dio lokal berria elkarteari.

Pasaiako ukrainarren elkarteko kidea da Olga Timostxuk, egun Gipuzkoan dauden 1.500 ukrainarretako bat —2.700 inguru bizi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan—. Herritarren aldetik “elkartasun handia” izaten ari direla nabarmendu du Timostxukek, eta esker oneko hitzak besterik ez dauzka. Azken asteotan “denetik” jaso dutela jakinarazi du, eta “babesa” sentitzen dutela: “30 pertsona inguru gaude elkartean, baina, boluntarioak zenbatuta, berrehun-hirurehun laguneko sarea sortu dugu”.

Elkartean jasotzen ari diren materiala sailkatu ostean, kartoizko kaxetan sartzen dute dena, eta Ukrainako mugaraino garraiatzen dute segidan, autoetan edo kamioietan. Hango boluntarioei ematen diete bildutako material guztia, haiek ondoren herrialde guztian banaketa egin dezaten.

Momentuz, behar-beharrezko materiala biltzen ari dira Pasaian: pixoihalak, kozinatu behar ez den janaria, latak, txokolatea, garbiketarako tresnak, lo zakuak, esterak… Oraingoz, ez dituzte onartzen kristalezko objektuak eta arropak. Farmaziei ere eskerrak eman dizkie Timostxukek, botikak eman dizkietelako haiek. Ukrainarrak argi utzi du elikagaiak eta bestelakoak jasoko dituztela aurrerantzean ere, Donostiako Altza auzoko lokal berrian jada, Herrera kaleko 72. zenbakian. Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 15:00etara jasoko dituzte ekarpen guztiak.

Timostxuken ezinegona erabatekoa da. Ia familia osoa du Kieven, Ukrainako hiriburuan. Azaldu du zaila dela herrialdeko beste gune batzuetako jendearekin harremanetan jartzea: “Senideek une oro esaten didate hango egoera telebistan azaltzen diren irudietatik harago doala”. Pasaian bizi den ukrainarrak “itxaropentsu” begiratzen dio etorkizunari. Uste du bere herrialdea “indartsu eta inoiz baino batuago” dagoela. Bera orain dela bederatzi urte heldu zen Gipuzkoara, seme txikiarekin. Bere jatorrizko herrialdeko herritarrak lagundu nahi ditu orain.

Taxisten laguntza ere bai

UKRAINARRAK EUSKAL HERRIAN

Pasaiako ukrainarren elkarteko kideek taxisten laguntza ere izan dute bildutako objektu guztiak garraiatzeko eta hainbat ukrainar Gipuzkoara ekartzeko. Aitor Ibarzabal getariarra da laguntza eskaini duten taxi gidarietako bat. Telebistan ikusitakoak “ezinegona” sortu zion, eta, lagun duen Luis Rochas Zumaiako taxi gidariari deitu ondoren, Poloniara abiatu ziren biak, bakoitza bere autoan.

Timostxuken bitartez, bi taxi gidariak Ukrainako hainbat familiarekin harremanetan jarri ziren hara joan aurretik. Ibarzabalek Varsoviako tren geltokian hartu zituen lau pertsona, Polonian: bi ama, bakoitza ume batekin. Bide batez, elkartetik hartuta eramandako elikagaien kutxak bertan utzi ahal izan zituen. Hitzez argazkia aterata, Ibarzabalek zehaztu du Varsoviako tren geltokiko egoera ez zela ona: “Jende pila bat zegoen han. Nondik gentozen ohartzen zirenean, berehala adierazten zuten autora igo nahi zutela”.

Bi taxi gidariek 6.000 kilometro inguru egin dituzte joan-etorrian, bost egunean; adibide gisa, Varsoviara heltzeko 26 ordu behar izan zituzten. Hala ere, argi dute berriro egingo luketela, haientzat “dezenteko diru gastua” izan arren. Izan ere, biek ala biek euren poltsikotik ordaindu dituzte bidaiaren gastu guztiak.

Getariarrak eskerrak eman nahi izan dizkie Zarauzko eta Zumaiako taxi gidariei ere: “Gu Poloniara joan ginen, baina hemen gelditu zirenek guk utzitako hutsunea bete zuten bost egunez”. Bere txikian, Ukrainako gerraren ondorioz Gipuzkoan sortu diren elkartasun keinuen artean adibide bat besterik ez da Pasaiakoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.