Jai giroko keinua arrantzaleei

Jai giroko keinua arrantzaleei

Unai Zubeldia

“Mutrikuko arrantzaleei, herrian arrantza sektorean lanean ari direnei, laguntzeko modu bat da hau”. Berdel Egunari buruz hizketan ari da Marta Amonarriz Mutrikuko Udaleko Turismo teknikaria. “Mutrikuk azken 29 urteotan Berdel Egunarekin bultzatu izan du arrantzaleentzat hain garrantzitsua den kanpaina hau”. Urte batzuk atzera eginda, berdela ez zela oso arrain preziatua azaldu du Amonarrizek. “Garai batean, askok baztertu egiten zuten berdela, ez zen oso arrain maitea; txitxarroa zen askoz ezagunagoa. Baina konturatu ziren itsasoan berdel asko egoten dela garai jakin batzuetan, eta, jateko goxoa izateaz gain, ikusi zuten osagai osasuntsu asko dauzkala; Omega 3a, esaterako”. Amonarrizen hitzetan, arrantzaleen kofradietatik “ahalegin berezia” egin zuten berdelaren kanpaina bultzatzeko, “kontsumitzaileengana gerturatzen saiatzeko” —hainbat sukaldari ospetsuk ere parte hartu zuten kanpaina horretan—, eta testuinguru horretan sortu zuten Mutrikuko Berdel Eguna ere, 1993an. “Sekulako arrakasta izan zuen”. Pandemiaren eraginez azken bi urteetan kale egin ondoren, 25. ekitaldia izango du bihar.

Lanbide baten aldeko aldarria eta jaia. Bi mutur horiek uztartzen ditu Mutrikuko Berdel Egunak. Arrantzaleen “eguneroko gogorra” dagoelako, batetik. “Beste hainbat lanbidetan gertatzen den bezala, arrantzaleak ere ez daude momenturik onenean. Garraiolarien greba, gasolinaren prezioa… Baina lehengo astean jada ontzi txikiagoak hasi ziren berdela arrantzatzen”. Alde horretatik, Mutrikun “zortea” daukatela uste du Amonarrizek. “Azken batean, guk portua hemen ondoan daukagulako. Horregatik, agian, ez daukagu beste sektore batzuen hainbesteko mendekotasunik”.

Malen jaien pare ia-ia

Berdel Eguna, ezer bada, ordea, jai handi bat da. “Jai egun honetan hasieratik lan egin zutenek eurena sentitzen dute festa hau, euren bizitzaren parte izan da betidanik. Gazteentzat, berriz, herriko jai baten antzekoa bihurtu da jada, Malen jaien parekoa ia-ia, urteko lehenengo jai garrantzitsua. Berdel Egunarekin hasten da udaberri-udetako giroa”. Biharko ez dute aurreikusi udaberri-udetako girorik, euria eta hotza daudelako iragarrita. “Baina iritsi da behingoz”, hori da mutrikuar gehienen sentimendua. “Urtero bezala, karpa handi bat egongo da portuan, eta, euria egingo balu, jendeak aukera edukiko luke karparen barruan egoteko”, zehaztu du udaleko Turismo teknikariak.

MUTRIKUKO_BERDEL_EGUNA(1)

Jaia 10:00etan hasiko da, portuan, Izan arrantzale haurrentzako tailerrarekin, eta segidan iritsiko dira artisauen eta sortzaileen azoka, belaontzien arteko txapelketa, zesta puntako partidak, herriko abesbatzen kontzertua… eta berdel pintxoen dastaketa. Amonarrizek bereziki azpimarratu nahi izan du azken ekitaldi hori. “Jatetxeek dezenteko lana egiten dute Berdel Egunerako; bakoitzak 1.000-2.000 pintxo egiten ditu”. Horrez gain, marmitakoa egiten dute elkarte batzuek, piperrada ere bai beste batzuek… “Lan asko dago egun handiaren atzean eta aste guztian egin behar izaten da lan hori”.

Datu gisa, Berdel Egunerako “tona bat berdel fresko inguru” erabiltzen dutela azaldu du Turismo teknikariak. 25.000 errazio inguru saltzen dituzte urtero, eta, zifra zehatzik ez daukaten arren, “4.000 lagun inguru” izaten direla jakinarazi du Amonarrizek, “horietako asko, Mutrikutik kanpokoak”. Hainbeste jende pilatuta, larrialdi plan bat ere prest daukatela aurreratu du Turismo teknikariak. Jan-edanaren ondoren, arratsalde-iluntzean Errietan eta Gozategi taldeen kontzertuak izango dira, portuan.

Zilarrezko ezteiak izango ditu aurten Mutrikuko Berdel Egunak. “Eta herritar asko deseatzen zeuden egun hau iristeko”. Adineko emakumezko baten adibidea jarri du Amonarrizek: “Joan den ostiralean Berdel Aipamenaren ekitaldia egin genuen, eta herriko emakume bat gerturatu zitzaidan, jator askoa, beti portuan bizi izandakoa, 80 urtetik gorakoa. Esan zidan aurten lagunduko duela, 25. aldia dela eta baietz, baina ondoren jada erretiroa hartuko duela”.

Urteurrena baliatuta, bi aldaketa nagusi izango dira aurten Mutrikuko Berdel Egunean: batetik, arratsaldetik eguerdira pasatuko dute ohiko pintxo dastaketa 13:00etan hasiko da—. “Adineko asko daude boluntarioen artean, eta gazteak portura lanera etortzeko ere egokiagoa da eguerdia, ondoren festan jarraitzeko aukera daukatelako horrela”, esan du Amonarrizek.

Aste osoa berdelaren jiran

Beste berritasuna aste osoko lanketa izan da. “Urtero izaten da zerbait Berdel Egunaren aurreko astean, baina aurten bereziki indartu nahi izan dugu egitaraua”. Besteak beste, Berdel Eguneko orain arteko 24 ekitaldietako argazkiekin erakusketa bat inauguratu zuten joan den ostiralean, eta etzi arte egongo da ikusgai, Zabiel kultur etxean —bihar, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; etzi, 12:00etatik 14:00etara—; joan den larunbatean berdel errea jan zuten Beheko plazan, Mutrikuko arraun taldearen eskutik; Itsasoiko. Itsasotik sasoikoa dokumentala eskaini zuten astelehenean eta Euskal Herriko arrainen gida ere aurkeztu zuten; Belaunaldi erreleboa baxurako arrantzan mahai ingurua egin zuten asteartean; berdelaren eta txakolinaren maridaje eguna ospatu zuten herenegun; eta berdel pintxo-potea egin zuten atzo. Gaur ere berdel pintxo-potea izango da herriko hainbat tabernatan, 19:00etatik aurrera, eta 22:00etan hasiko da III. Berdel Txapelketaren finala, Miruaitz pilotalekuan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.