Lotsak

Leire Narbaiza
Izan nuen irakasle bat askotan esaten ziguna beldurrak euskaraz lau gradu zituela: ikara, lotsa, beldurra eta izua. Laborriaz ez zigun ezer esan.

Leire Narbaiza

Euskara ikasten dabiltzan askok lotsa izaten dute klasean euskaraz hitz egiteko. Esango nuke nagusitan bigarren hizkuntzaren bat ikasten dabilen ugariri gertatzen zaiola. Baina emozio horrek ez du batere laguntzen helburua lotzen, ezinbesteko delako hizkuntza berri hori ahotan hartzea, berbak ahoskatzea, esan nahi dena adierazten ahalegintzea, hanka sartzea, buruan sekulako korapiloa egitea… Nahi eta nahi ez praktikatu behar da. Horregatik, arazoa orokortuta badago talderen baten, Kirmen Uriberen poema-kantu hau jartzen diet: Lagun bat (haur kanta).

“Bada gorroto dudan lagun bat. / Zuhaitzean gora egin nahi dudanean / ‘ez, ez, ez, hobeto ez’, esaten dit, / ‘laprast eroriko zara lurrera’. (…) Bada gorroto dudan lagun bat. / Lagun horren izena Lotsa da. / ‘Ez, ez, ez, inola ez’ esaten diot gauero / ‘bihar ez dizut kasurik egingo bada'”.

Hori eskatzen diet, hurrengo klasean jaramonik ez egiteko lotsari, enbarazua baino ez delako euren ikasprozesuan.

Erraza da esatea, baina ez dago norberararengan sarritan. Izaera kontua ere bada. Batzuk lotsati eta herabeak dira izatez, beste batzuk lotsabakoagoak. Baina lotsorra ez denak ere badu zerbait lotsa-emagarria zaiona. Inor ez dago salbu, zoritxarrez. Dena den, adinean aurrera joan ahala, esango nuke denok galtzen dugula, pixka bat behintzat, ahalkea. Agian gehiago ezagutzen dugulako geure burua, beharbada edadeak ziurtasuna ematen digulako. Ikasketa da, besteek gutaz zer pentsatuko duten gero eta gutxiago arduratzen gaituenean egiten dena.

Lotsa beldurra da, oso intimoa eta azaltzeko gaitza, kasu askotan. Beldurra. Izan nuen irakasle bat askotan esaten ziguna beldurrak euskaraz lau gradu zituela: ikara, lotsa, beldurra eta izua. Laborriaz ez zigun ezer esan. Hiztegi Batuak diosku lotsa elea beldurra izendatzeko erabiltzen dutela Iparraldean. Begirune eta errespetu esanahia ere badu, pudorea ere bada. Hala dio akademiak. Beldurretik errespetura bide bakarra ikusten dut nik: zigorra eta errepresioa. Ikara eragiten dit prozesua imajinatzeak.

Euskaltzaindiak oraindik ez du auzo-lotsa berba jaso bere hiztegian. Hitz hori ikasi nuenean ikaragarri gustatu zitzaidan, bikain azaltzen duelako sentitzen dugun ahalke esplikaezin hori, pareko norbaiten jarrerak edo jokaerak eragiten diguna. Ez da gure barne mamuek sortzen digutena. Lotsagarri geratzen diren horiek, erridikulua egiten dutenek, pizten dute gugan inoren lotsa hori. Nerabezaroan denak lotsatzen gaitu, eta batez ere gurasoek, familiakoek eragiten digute lotsaria. Denborak osatzen du senideek emandako lotsaizuna. Gerora ahohandi ezjakinek, batez ere, sortzen digute auzo-lotsa handia.

Gure herrian lotsagabe asko egon arren, segitzen dugu herabe eta motz izaten, nerabezaroan lez. Gure diskrezio legendarioak kikildu egiten gaitu beste batzuen lotsa galtzearen aurrean, arautik kanpo dauden horiek egiten dituzten kontu imajinatiboak mespretxatzeraino. Nabarmentasun horiek atentzioa emateko egiten dituztelakoan gaude, gure mediokritatearen erakusgarri. Ez gaitezen irten gure beixtasunetik, ez gaitezen lotsagorritu. Lotsa onekoak izan gaitezen; hau da, moduzkoak eta apalak, eratsuak. Euskaldun apal eta jatorrak.

Zerk lotsatzen zaituzte zuek? Askatu zarete lotsaren morrontzatik?