Mila Elortza: “Gutxieneko biztanle muga aldatzeko eskatzen dugu”

Asteotan, udal barrutiak erregulatzen dituen araua berrikusten ari dira Batzar Nagusietan. Angiozarren, Bergaran, galdeketa baten bidez, tokiko erakunde txiki izan nahi dutela berretsi dute. Mila Elortza da Angiozarko alkatea.

Miren Garate

Bi galderaren bueltan, herri galdeketa egin zuten igandean Angiozarren (Bergara): “Angiozar bailarako batzarrak hasi duen Bergarako Udalarekiko deszentralizazio prozesuarekin jarraitzeko asmoarekin bat egiten duzu?”, zioen lehen galderak. Bigarrenak, berriz: “Zapatarikua, Garitano familiak dohaintzan eman nahi duen etxea, Angiozar Jorratzen Garapen Elkartearen bidez, angiozartarrok jabetzan hartzea ondo ikusten duzu?”. Baiezko botoak gailendu ziren bietan. Mila Elortza Angiozarko alkatearen (Angiozar, Bergara, 1963) esanetan, “oso pozik” daude galdeketak izandako erantzunarekin.

Bergarako Udaletik deszentralizatzeko prozesua jarraitu edo ez galdetu zenieten herritarrei igandean. %70eko partaidetza izan zen, eta 145 botoetatik 130 prozesua jarraitzearen aldekoak izan ziren. Zer balorazio egiten duzue?

Oso pozik gaude. Aurretik Siadeco ikerketa elkarteari txosten bat eskatu genion, eta hainbat alor aztertu ditu hark: Angiozarko ondarea, elkarteak, egoera ekonomikoa… 106 herritarri ere egin die inkesta bat. Hau ez da orain asmatu dugun zerbait: 1920ko hamarkadan ere egin zuten bereizteko ahalegin bat, eta ez zen ondo atera, baina beti egon da nahi bat horren inguruan. Siadecoren emaitzak iritsitakoan, galdeketa bat egitea erabaki genuen, eta hemen erroldatuta dauden gehienek hartu dute parte.

Zer dio Siadecoren txosten horrek?

Adibidez, argi ikusten da, antzeko biztanle kopurua izan arren, alde handia eragiten duela udala izateak edo ez izateak. Azken 30 urteetan, biztanleriaren erdia galdu dugu guk, eta gure moduko auzoak ere larri dabiltza. Aldiz, udala dutenek mantendu egin dute biztanleria, edo pixka bat hazi egin dira. Zerbaiten laguntza behar dugu guk ere.

Tokiko erakunde txiki izatea eskatzen duzue. Zer abantaila ekarriko lizkioke horrek Angiozarri?

Lehenengo eta behin, geure buruaren ardura geuk hartuko genuke tokiko erakunde txiki izanda. Gipuzkoako Diputazioko, Eusko Jaurlaritzako eta Europako diru laguntzak gure izenean aurkezteko aukera ere izango genuke; gaur egun, berriz, Bergarako Udalaren bitartekaritza behar izaten dugu horretarako. Gauza askoz arduratu ahal izango ginateke: pistak, baso kudeaketa, baserriak, ondarea…

Zer premia nagusi ikusten dituzue?

Adibidez, Debagoiena oso eskualde industriala da, eta nekazaritzako politikak ahaztuta geratzen dira. Era berean, AHTa, tentsio handiko lineak, gasbideak, Epelde konpostaje planta eta halako azpiegituretarako bai, baina beste gauzetarako inor ez da akordatzen gurekin. Angiozarri buruz hitz egiten dugunean ere, bertako erdiguneaz berba egiten dugu, baina Angiozar bederatzi auzok osatzen dute, eta auzoak bereziki ari dira jendez husten. Denetik urrun daude, eta auzo horietako bitan errepide zati bat falta da Angiozarko erdigunearekin lotzeko ere. Errepide hori behingoz gauzatzeko ametsa dugu.

Gaur-gaurkoz, biztanleria da tokiko erakunde txiki izateko duzuen muga. Araudiaren arabera, bostehun biztanle behar dira horretarako.

Gutxieneko biztanle muga hori aldatzeko eskatzen dugu guk, 250 biztanlera. Angiozarren 280 inguru gaude erroldatuta, nahiz eta, gure kalkuluen arabera, hirurehun biztanle pasatxo bizi garen. Etxe batzuetan, bikoteko bakarra dago hemen erroldatuta. Ikusten dugu badaudela beste batzuk 250 biztanlerekin zerbait egiteko gogoz, gu bezala.

Batzar Nagusietan, aste hauetan ari dira egiten Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzen dituen foru arauaren berrikuspenari buruz eztabaidatzeko lantaldea. Aldaketarik espero duzue muga horren inguruan?

Uste dugu baietz. Esperantza horrekin ari gara lanean. Lantalde horretan gu izan ginen parte hartzen lehenak, eta Bergarako Udalak ere hitz egin zuen, eta babestu egin zuen gure eskaera. Ondoren, beste auzo batzuek ere hartu dute parte: Itsasok, EreƱotzuk, Itziarrek, Igeldok, Zubietak… Herri askok baino biztanle gehiago ditugu guk, baina beste herri baten auzoak bakarrik izatera kondenatuta egon gara. Amaitzear dago batzordea, baina ez dakigu noiz etorriko den aldundiaren proposamena.

Joan den igandeko galdeketan, Zapatarikua etxea hartzea ondo ikusten zutela ere esan zuten herritarrek. Zehazki, 145 botoetatik 116 izan ziren baiezkoak. Zer egiteko asmoa duzue etxe horretan?

Erabilera anitzeko lokal bat genuen, baina, COVID-19aren kontuarekin, eskolak erabiltzen du orain. Gaur egun, ez dugu ezer. Bilerak ere elizan egiten ditugu. Bergarako Udalak ez zuen aurrerapausorik ematen, eta etxe horren jabeek pentsatu dute herriari uztea. Etxe handia da Zapatarikua, lau solairukoa. Bakardadean dauden adinekoentzako eguneko zentroa, gazteentzako topalekua, musika entzuteko tokia, emakumeentzako txokoa… Denentzat dago espazioa. Lanerako bizipoza eman digu etxe horrek.