“Niretzat oso zaila da zuzendaria eta egilea bereiztea; biak bat dira”

“Niretzat oso zaila da zuzendaria eta egilea bereiztea; biak bat dira”

Maria Ortega Zubiate

Istorioak kontatzearen grinak eraman zuen kazetaritzara Jokin Oregi antzerkigilea (Soraluze, 1970), eta kontakizunak fikzioaren talaiatik egin nahiak antzerkigintzara. Azkeneko ia 30 urteetan lanbidearen zirrikitu guztiak ezagutu ditu, ertz guztietatik; taula gainean, parean zein atzean. Eta, are, zuzendari eta idazle lanetan aritu eta gero, bere burua “ikuskizunen idazletzat” du orain. Denborak emandako esperientziarekin ondorioztatu du pasioa soilik ez, gaitasuna ere behar dela norberaren arloan ekarpena egin nahi bada.

Zure curriculuma begiratzen hasita, liburu laburragoak ere egongo dira. Bizi oso bat antzerkiari emana…

Bitxia da, ni Kazetaritza ikasten hasi nintzelako. Bukatu ere egin nuen; hirugarren mailan eman genuen izena Ana Meabe nire bikotekideak eta biok Basauriko antzerki eskolan [Bizkaia]. Bagenekien gustukoa genuela, nahiz eta ez izan lotura handirik antzerkiarekin. Baina guztiz harrapatu gintuen; ez genuen galtzen eskola bat bera ere.

Unibertsitatean piper gehixeago egingo zenuten orduan…

Bai, azkenerako hutsune nabarmenak izan genituen. Baina hirugarren ikasturtean geunden, eta oso argi geneukan bi ikasketak bukatu nahi genituela; hala egin genuen. Artean beste bi urte geratzen zitzaizkigun antzerki eskolan, han ere bost urte izan baitziren.

Nola egin zenuen salto ikasketetatik eszenatokira?

Azken urte horretan ginela, Maskarada antzerki taldeko Carlos Panera etorri zen eskolara, obra bat prestatzen ari baitzen: Ernesto izatearen garrantzia. Bi aktore hartu gintuzten: Eneritz Artetxe eta biok. Horrela sartu nintzen Maskaradan.

Kazetaritza ikasketak egin bai, baina segituan jo zenuen antzerkigintzara. Kazetari lanik egin duzu inoiz?

Lan gutxi egin ditut, egia esan. Lehen obran hartu nindutenerako, hasia nintzen idazten eta moldaketak egiten; Nerudaren postaria egin genuen Maskaradarekin. 26-27 urte nituen, eta ezkondu berri nintzen Anarekin; oso goiz ezkondu ginen, zazpi urte generamatzalako elkarrekin. Aurrez ere egin nituen praktikak EITBn, egin nuen lanik han, baina nik antzerkia nuen gustuko, eta EITBtik berriz deitu zidatenean, ezezkoa eman nien. Hurrengoan jada ez ninduten deitu…. Hautu hori egin nuen; nire ustez, guztion onerako. Banuen grina gauzak kontatzeko, idazteko; eta horretara lotu nuen kazetaritza. Baina fikzioa nahiago nuen nik; horregatik harrapatu ninduen antzerkiak.

Baita harrapatu ere! Antzerkigintzaren ertz guztiak landutakoa izango zara, ziurrenik.

Denetik egin dut, bai, eta fikziotik aparte ere bai, baina antzerkia sekula utzi barik. Tartean Teatroa sortu genuen, eta Gorakadan ere hasi nintzen haur eta gazteentzako antzerkigintza probatzen. Anarekin, emaztearekin, ere sortu nuen Marie de Jongh antzerki taldea. Mikel Martinezek utzitako hautsez betetako garaje batean hasi ginen; barkatuko dit Mikelek! 38 urte genituen, eta bi ume. Obra bat sortu genuen, eta Feten Gijongo Arte Eszenikoen Europako Azokan [Espainia], umeentzako arte eszenikoen ferian, obrarik onenaren saria irabazi genuen; horrek bultzatu gintuen jarraitzera. Oso konpainia gaztea gara, nahiz eta gu gazteak ez izan. Gaur egun, Tartean Teatroan jarduten dut, normalean zuzentzen, eta baita Marie de Jonghen ere; noizean behin, gainera, kanpotik datozen proposamenei ere baiezkoren bat ematen diet.

Diozunez, ia ausazkoa izan zen zu antzerkigintzan aritzea, baina umetan nabarituko zenuen horretarako grina, ala?

Nik badakit zerbait banuela barruan, baina ez neukan aukerarik; Soraluzen ez zegoen horrelakorik. Gogoan dut Elgoibarko institututik joan ginela Bilboko Arriaga antzokira, eta institutuan bertan bazegoela antzerki talde bat. Sekulako inbidiaz jasotzen nituen euren berriak, baina sekula pausoa ematera ausartu gabe. Garai hartan irakasleak esan zigun bazegoela lehiaketa bat Eibarren, idazteko helburuarekin, eta antzerkia zen gaia. Aurkeztu nintzen, eta irabazi egin nuen, baina ez nuen loturarik egin. Atzera begiratuta, gogoratzen naiz txikitan erabat harrapatuta nindutela telebistan agertzen ziren antzerki obrek.

Lanak eta ikasketek eraman zaituzte Bilbora; Soraluze duzu jaioterri, ordea. Herriminik nabaritzen al duzu?

Nik Soraluzen egin ditudan urteak baino gehiago daramatzat Bilbon, baina Soraluzen daude nire jatorria eta sustraiak. Familia eta kuadrilla han daude; Bilbon ere baditut lagunak, baina umetako lagunak han daude. Egia da kostatuta joaten naizela Soraluzera, asteburu askotan izaten dugulako lana. Azkenaldian, hiletetara joaten naiz batez ere, tamalez. Hala ere, gustura joaten naiz herrira, urte asko pasatu arren, jendearen beroa sentitzen duzulako. Bilbon kalera atera zaitezke, eta askatasun bat dago; zure bizitza egiten duzu, eta zoragarria da hori. Baina Soraluzen autotik atera eta bospasei aldiz gelditzea diosal egin dizutelako edo bizkarretik heldu dizutelako… Hori ikaragarria da. Eta esaten duzu: ‘Hau da nire etxea!’. Dena den, dagoeneko, ni edonon naiz arrotza: Bilbon, gipuzkoarra naiz; Soraluzen, bilbotarra. Udan, gainera, Lekeitiora [Bizkaia] joaten gara, emaztea hangoa baita; eta han ere kanpotarra naiz. Gainera, gipuzkoarra bai, baina bizkaieraz egiten dut berba. Ez dugu asmatzen.

Konpainia askotan aritu zara, eta, aipatu duzun moduan, zeurea ere sortu zenuen, Marie de Jongh. Hori da zure lan kutuna?

Baietz esango nuke. Baina beste batzuk ere baditut kutunak. Egia da Marie de Jonghen izan dudala aukera egile moduan. Izan ere, askotan esaten didate zuzendaria naizela, baina nik neure burua egile edo autore bezala ikusten dut; neronek asmatutako istorioak gehiago dira besteenen moldaketak baino. Niretzat oso zaila da zuzendaria eta egilea bereiztea. Joel Pomeradek ikuskizunen idazle gisa deskribatzen du bere burua, eta nik ere horrela ikusten dut neure burua. Niretzat, zuzentzea eta idaztea; biak bat dira.

Orain dela gutxi aurkeztu berri duzu Ama antzezlana. Amei eta haiek zaintzan duten garrantziari omenaldi bat egin nahi diozu?

Aitortza bat da, bai, eta obrak balioa eman nahi dio funtzio horri. Oso lan beharrezkoa dela uste dut; Ama deitu diot, baina esan nahi nuen etxea, edo oinarrizko kanpamentu bat. Behar dugu leku bat non maitatuak sentitzen garen eta oreka emozional bat daukagun bizitzak ematen dizkigun zaplaztekoei aurre egiteko. Horrekin ez dut idealizatu nahi amaren egitekoa, oso zaila da hori, norberaren identitatean ere talka sor dezakeelako. Baina susmoa daukat balio txikia ematen diogula, eta gero eta gehiago egiten diegula uko horrelako lanei, gizonek batez ere. Orain gertatzen ari da, emakumeak plazara atera diren honetan, gizonak ez direla etxean sartzen; orduan, etxeak ez ote diren hutsik geratu… Esango nuke gizarte moduan ihes egin nahi diogula gai horri.

Umeentzako eta helduentzako antzerkia egin izan duzu. Zein duzu nahiago?

Berdin jardun dut batean zein bestean, dedikazio bera eskaini diet biei. Orain gauzak aldatu egin dira, baina susmoa daukat garai batean ez ote zegoen errazkeria moduko bat haurrentzako antzerkigintzan. Gutxi ordaintzen zuten aitzakiarekin, ahalegin txikia egiten zen. Hori minbizia bezala txertatzen da gizartean, eta pobretu egiten gaitu. Gure exijentziak erabatekoa izan behar du, horren ardura dugulako. Gure betebeharra da ahalik eta obrarik onenak egitea, eta geure buruari ahalik eta gehien exijitzea. Gaur egun, Euskal Herrian, oso maila altua dago haur antzerkigintzan, baina egia da aurrekontuak ez direla berdinak, eta ez dela apustu bera egiten.

Sarritan esaten da aktore onak antzerkia egiten dutenak direla. Zuri dagokizunez, hori bete-betean asmatu dute; apenas egin duzun telebistako lanik.

Bai. Fikzioa egin eta zuzendutakoa naiz, baina egia da ez naizela saiatzen telebistara jotzen. Gustatzen zait zinema ona, baina ni antzerkian nago zentratuta. Hala ere, ez dut sinisten baieztapen horretan; lengoaia ezberdinak dira, eta batean funtziona dezakeenak bestean ez du funtzionatuko agian, eta alderantziz.

Hala ere, garai batean telebistan ibili zinen.

Bai, izan nuen EITBn sartzeko beste aukera bat. Diru premiak sortzen dira, eta bizimodua aurrera atera beharra ere bai. Horregatik, lana eskaini zidaten Pausoka ekoiztetxean, eta baiezkoa eman nien, biak egingo nituelakoan, antzerkigintza eta telebista. Baina, azkenean, telebistak jan zidan denbora guztia, eta antzerkia asteburuetan eta udan bakarrik egiten nuen. Neure burua ez nuen ikusten antzezle moduan, beldur handia nion eszenaratzeari, eta ez nuen ondo pasatzen. Eskerrak banituen beste grina batzuk antzerkiaren munduan, eta gauzak idaztea eta kontatzea gustatzen zitzaidan. Pausokan lanaldi erdia eskatu nuen ondoren, gero eta proiektu gehiago nituelako. Horrela jardun nuen 11 urtean; 45 urterekin hasi nintzen antzerkian bete-betean.

Askotan esan ohi da artearekin lotura duten lanek ezegonkortasun handia daukatela. Lasaitua hartu zenuen telebistan lan finkoa izatean?

Bai, bai. Hain zuzen ere, horregatik aritu izan naiz 45 urteak bete arte telebistan, egonkortasuna behar nuelako. Gazte izan genituen umeak, eta horri aurre egin behar zaio. Antzerkigintza ezegonkorra da, jakin egin behar da pazientziaz bizitzen. Gero, behin martxa hartuta, proiektu batetik bestera mugitzen zara, eta badakizu lan guztiak uztartzen. Sortzen dira aukerak, baina ibilbidetxo bat egina izan behar duzu aurretik. Hala ere, gaur egun ba al dago lan egonkorrik? Badakit hau ideala dela, baina, nire ustez, ez da bakarrik gustuko lana izatea, baizik eta gizarteari ekarpena egitea; onena zaren arlo horretan, ziurrenik, pasioz egingo duzulako lan, barruan duzun guztia emango duzulako. Nork ez ditu gogoratzen pasioz irakasten zuten irakasleak?

Non ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Obraz obra saltoka ibiliko naiz ziurrenik. Batzuetan amets egiten duzu obra batek arrakasta izan dezan eta urte askoan horrekin lanean aritu zaitezen, baina ez dakit… Sorgin gurpilean sartuta gabiltza, eta uste dut proiektuz proiektu egingo dugula aurrera. Eroso zauden tokian geratzen baldin bazara, dekadentziara zoaz; arrakasta izan baduzu, hurrengoan maila bera exijituko dizute, interesa galtzen delako bestela. Polita da erronkak aurkitzea, pizgarriak, bizipoza ematen dutenak. Agian, ez dizu balioko une horretako proiekturako, baina hurrengoan kontuan izango duzu, ziur.

Leave a Reply

Your email address will not be published.