Entzun diezaietela eskatu dute

Entzun diezaietela eskatu dute

U. Zubeldia

Izen-abizenak dauzkate, iragan bat, eguneroko bat, etorkizun bat, familia bat… eta zalantzak. Zalantza asko. Greba hitzak barrua mugitu die Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileei. “Baina ez daukagu beste erremediorik”, esan du Alva Paredesek (Cisneros, Espainia, 1965). 30 urte baino gehiago daramatza Donostia ospitaleko Gipuzkoa eraikinean lanean, eta garbitzailea eta LAB sindikatuko ordezkaria da ospitale horretan bertan.

ALVA PAREDES

“Ez dugu ulertzen berrogei bilera baino gehiago behar izatea 2017an amaitu zen lan hitzarmena berritzeko”, salatu du Paredesek. “Interes falta handia daukate patronalek, eta zerbait egin beharko luke Osakidetzak berak ere”. Negoziazio mahaiaren jarrera “sinestezina” dela uste du LABeko ordezkariak. “Joan, eseri, eta ez dute ezer egiten. Erabat blokeatuta dago dena”.

Eurentzat greba egitea “gogorra” den arren, irtenbide bakarra “kalera ateratzea” dela uste du Paredesek. “Ekintza serioren bat egin beharra daukagu ikus eta entzun gaitzaten, ospitalearen atarian hamar edo hogei minutuko protestak egiteak ez duelako ezer askorako balio; gu geu nekatzen gara azkenean horrelako protestekin”. Beste muturrean, ordea, badaki garbitzaile asko lanean asteburuetan aritzen direla. “Eta horientzat, adibidez, galera handia da larunbateko soldata galtzea”.

Babesik gabe

Rosi Hernandez (Caceres, Espainia, 1977) ere Donostia ospitalean aritzen da garbitzaile lanetan —1995etik ari da bertan lanean—, eta ELAko ordezkaria da bertan. “Enpresa pribatuek ez dute errespetatzen adostuta daukagun ezer, eta hori da gaur-gaurkoz daukagun arazorik handiena”. Adibide moduan, Hernandezek salatu du langile guztiak ez dituztela ordezkatzen. “Eta gogoan dut, era berean, pandemiaren hasieran EPIekin zer-nolako arazoak izan genituen. Momentu bakar batean ere ez dugu sentitu arduradunen babesik”.

ROSI HERNANDEZ

Greba egunetarako gutxieneko zerbitzuekin ere kexu da Paredes. “%100eko zerbitzuak jartzen dituzte, eta ezin izaten dugu hutsik egin”. Pandemia betean, herritarrei eskertu zizkieten txaloak eta babes keinuak; hala aitortu dute biek. “Baina jada ez dugu behar txalorik; langile gehiago behar ditugu, gainezka gabiltzalako”. LAB sindikatuko ordezkaria jabetu da kalean jendea asko lasaitu dela. “Maskarak kendu eta oso polit jartzen ari dira dena, baina ospitaleetan egoera ez zaigu hainbeste aldatu”. COVID-19ak “isolamendu egoera” esan nahi duela adierazi du Paredesek. “Lan bikoitza esan nahi du guretzat; babes neurriak zorroztu behar izaten ditugu, dena ondo garbitu… Muga-mugan gabiltza, eta kalitatea ez da lehengo berbera, baina Osakidetzari ez dio axola horrek”.

Langileen artean “saturazioa” nabari dela aitortu du Hernandezek. “43 bilera egin ditugu, eta eskaera bakar bat ere ez dute aintzat hartu oraindik. Ez gaude trabatuta gai batean edo bestean, geldirik jarraitzen dute guretzat garrantzitsuak diren gai askok”. Ezkortasunak gaina hartu gabe, hori bai, baikor amaitu nahiko luke Paredesek. “Ea pixkanaka-pixkanaka hobekuntzak lortzen hasten garen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.