Mahaitik altxatuta, kalera

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileak hiru eguneko greba egiten ari dira atzotik. Sindikatuen hitzetan, "blokeatuta" dago negoziazio mahaia.

Unai Zubeldia

Greba egitea erabaki dute, “guztiz blokeatuta” dagoelako negoziazio mahaia. Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileak “nekatuta eta frustratuta” daudela ohartarazi du Naiara Carvajal LAB sindikatuaren Gipuzkoako garbiketa sektoreko arduradunak. Patronalek batetik, eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bestetik, 43. bilera egin dute aste honetan, asteartean. “Baina inolako edukirik gabeko bilerak izan dira guztiak; ez dute eman nahi aurrerapausorik”, salatu du Ane Alberdi ELA sindikatuko ordezkariak. “Enpresa pribatuak eta administrazio publikoa —Osakidetza, kasu honetan— pilota elkarri pasatzen ari dira etengabe, eta inork ez die aurre egiten langileen eskaerei”. Horregatik ekin zioten atzo hiru eguneko greba deialdiari, “zerbitzuen duintasuna aldarrikatzeko”.

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileak kalera aterako dira gaur eta bihar ere, protestan. Ospitaleak, erresidentziak, anbulatorioak eta osasun mentaleko zentroak kontuan hartuta, Gipuzkoan 2.000 langile ingururi ari zaio eragiten greba deialdi hori; ELAk eta LABek emandako datuen arabera, emakumezkoak dira langile horien gehien-gehienak.

Gaur-gaurkoz, bi plataforma daude negoziazio mahaian. ELA sindikatuarena, batetik. “Soldata arrakalari aurre egin nahi diogu guk, kale garbitzaileekin alderatuta soldata arrakala handia daukalako gure kolektiboak”, jakinarazi du Alberdik. Bestetik, LAB, CCOO eta UGTk osatutako plataforma dago. “Gainerako eskaerei uko egin gabe, homologazioa da gure lehentasuna, Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek Osakidetzako langileen baldintza berberak izan ditzatela eskatzen dugu”, esan du Carvajalek. ESK sindikatuak ez dauka ordezkaririk negoziazio mahaian, baina hark ere bat egin du hiru eguneko greba deialdiarekin. Sindikatuek uste dute mobilizazioak egitea dela “blokeo egoera” gainditzeko modu bakarra. “Izan ere, Osakidetza eta enpresa pribatuak oso eroso daude testuinguru honetan. Nolabait behartu behar ditugu pausoak ematera”, ondorioztatu du ELAko ordezkariak.

Eskaera zehatzetara jota, hainbat zerrendatu ditu Alberdik: “Langileen karrera profesionala kontuan hartzea eta kobratzea; lanaldi partzialak bertan behera uztea, prekaritateari aurre egiteko; bete gabeko lanpostuen sistema aldatzea; gehiegizko lan kargak murriztea, guztiz abusuzkoak direlako; anbulatorioetan ere sari gehigarriak jasotzea; errelebo kontratuei lotutako erretiro partzialak eskuratzea…”. Sindikatuak etengabe ari dira eskaera horiek mahai gainean jartzen, baina gaurdaino ez dute erantzun zuzenik jaso. Carvajalek argitu duenez, Osakidetza ez dago negoziazio mahai horretan, “enpresa pribatu nagusiak baizik”: Garbialdi eta ISS, esaterako. Bi enpresa horietako ordezkariek ez dute adierazpenik egin nahi izan negoziazio mahaiaren eta greba deialdiaren inguruan.

Pandemian, lehen lerroan

LABeko ordezkari Carvajalek zehaztu du aurreko lan hitzarmena 2010etik 2017ra artekoa izan zela. “Eta, horregatik, 2018tik ari gara hitzarmena berritu nahian. 2015ean akordioa lortu genuen homologazioari dagokionez, baina 2017an aurreko lan hitzarmena amaitu ondoren, ez dute errespetatu 2015ean sinatutakoa. Esparru hori puskatu egin dute, eta arriskuan daude langileen lan baldintzak”. Gogor salatu du Osakidetzaren jarrera. “Ez du bilerarik egin nahi, ez dugu jasotzen erantzunik; hautsita dago komunikazioa”.

NAIARA CARVAJAL

COVID-19ak eragindako pandemia garaian Osakidetzak azpikontratatutako langileak “lehen lerroan” egon zirela gogoratu du Alberdi ELAko ordezkariak. “Baina egoera hori bukatu edo normalizatu ondoren ere, erabat ahaztuta dauzkate garbitzaileak, bai Osakidetzak berak eta baita enpresa pribatuek ere”. Carvajalek bat egin du Alberdiren salaketa horrekin. “Txalo zaparradetatik harago joan gaitezen nahi dugu, hitzetatik ekintzetara pasatu daitezen nahi dugu. Ez da nahikoa langile horiek ezinbestekoak direla esatea; benetako aitortza nahi dute, hala sentitzen dute”.

ANE ALBERDI

Egoeraren “gordintasuna” azaltzeko, pandemiaren hasierako argazki bat ere atera du ELAko ordezkariak: “Zakar poltsekin EPIak egiten aritu behar izan zuten garbitzaile horiek, Osakidetzak eta enpresak ez zizkietelako eman nahi. Oso garai gogorrak izan ziren, lehen lerroan iraun zuten, baina ez du balio izan ezertarako. Lehen baino egoera are okerragoan daude orain”. Aldarrikapen argia daukate sindikatuek: “Funtsezkoak bagara, lan baldintza duinak izatea eskatzen dugu”.

Enpresekin ere, arazoak

Carvajalen hitzetan, garbitzaileentzat ez da samurra hiru egunez greba egitea eta kalera ateratzea. “Baina mobilizazio dezente egin ditugu azken urtebetean, eta langileak tinko mantendu dira, oso nekatuta dauden arren”. Neke horren atzean “langile bakoitzak bere enpresa jakinarekin dauzkan arazoak” ere hor daudela gaineratu du LABeko ordezkariak. “Eguneroko lanaren kudeaketa arlokoak eta gainerakoak; hori guztia ere gehitu behar zaio langileen nekeari”.

Carvajalek txalotu egin du azken urtebeteko protestetan ELA sindikatuak eurekin bat egin ez badu ere, oraingoan denak bat eginda joan izana. “Denok aterako gara kalera”.