Zerga aitorpena eta Elizaren dirua

Berriro ere iritsi da apirila, zerga aitorpena egiteko garaia. Abiatu da kanpaina, eta hasi zaigu Eliza eskatzen bere laukitxoan X jartzeko, ezinbesteko lan soziala egiten dutela adieraziz. Urtero izaten dira zerga aitorpena lehen aldiz egin behar izaten dutenak, eta bereziki haiei aipatu nahiko genizkieke zenbait kontu, gauzak argitze aldera.

Askok uste dute fededunek bakarrik ematen diotela euren dirua Elizari. Zergekin gertatzen dena da, ordea, batzuek erabakitzen dutela denon artean bete dugun kutxako diruarekin zer gertatuko den. Beste herrialde batzuetan, Alemanian adibidez, zertxobait gehiago ordaintzen dute fededunek, eta estatuak Elizari (edo sektei, ordaintzailearen arabera) ematen dio; baina Espainian eta Euskal Herrian ez.

Kasu horietan fededunek ez dute besteek baino xentimo bat gehiago ordaintzen, baina X jartzen dute. Kutxa betetzen denean, denon artean betetzen dugunean, Espainiako Estatuak X horiek zenbatu eta %0,7 Elizari ematen dio, sos horiek osasun bideetan, hezkuntzan edo errepideak mantentzeko erabili nahi ditugunei inolako kasurik egin gabe. Baten batek esango du beste laukitxo bat ere badagoela eta bakoitzak nahi duen horretara bidera dezakeela bere dirua; horrek aurreko erabakia zuritzen du, baina ez du konpontzen. Bai, bakoitzak bere dirua nahi duenean gasta dezake, baina ez gara horretaz ari, denon diruaz baizik; batzuek erabakitzen dute horrekin zer egin, eta baliteke guztiak ados ez egotea. Arazo hori konpontzeko, laukitxoak kentzea da gure proposamena.

Ideia bat egiteko, iaz gipuzkoarrek Eliza Katolikoari egindako ekarpena 3,46 milioi eurokoa izan zen —295 milioi eurokoa Espainiako Estatuan—. Kontsolamendu bat geratzen zaigu: Gipuzkoan dago Eliza Katolikoaren laukitxoa X batez markatzen duen pertsona gutxien (%15,36).

Horri lotuta, okerreko beste ideia bat, Elizak berak sustatua: diru horrekin Caritas, Manos Unidas edo Elizaren antzeko GKEak mantentzen direla. Elizak sekula ez ditu argitaratzen bere kontuak, baina Caritasek bai, eta horri esker badakigu GKE horren aurrekontuaren %2,3 baino gutxiago ematen diola Elizak. 387 milioi eurokoa da Caritasen aurrekontua, eta 6,7 milioi euro ematen dizkio Elizak. Benetan horrelako erakundeei dirua eman nahi badiozue, zuzenean eman —zerga aitorpena arintzen du horrek—, edo gizarte helburuetarako laukitxoan jarri X hori. Elizak ia sosik ez badie ematen, GKE horiek ez dute nabarituko desberdintasun handirik.

Badira Elizaren laukitxoa markatzen dutenak artea atsegin dutelako, besteren artean Donostiako Artzain Onaren katedrala ondo mantentzea nahi dutelako. Okerreko ustea, berriro ere. Eraikin horiek edo Elizak dituen eskultura, margo eta liburuak konpondu behar dituztenean, denon artean ordaintzen ditugu konponketa horiek, Espainiako Kultura Ministerioaren bidez; eta konpontzen dituztenen kasua da hori, denok gogoratuko ditugulako ermita txikiak apain-apain, auzoarenak ziren bitartean. Edozein herri txikitako museo xumeena ere behartuta dago zerga aitorpena egitera, sarrerak salduz dirua biltzen duelako, baina Eliza ez. Donostiako Andre Mariaren eliza ikusteko ez da sarrerarik ordaindu behar; limosna eskatzen dute. Geure borondatez gutxiengo hori eman ezean, sartu gabe geratuko gara.

Pentsa genezake dirua apaizen soldatak ordaintzeko erabiltzen dutela, baina, esan bezala, Elizak ez ditu kontuak argitaratzen, eta, apaizek zerga aitorpenik ez dutenez egiten, zaila da jakitea. Krisia hasi zenetik, gora egin du Elizaren laukitxoen kopuruak, eta horregatik idatzi dugu artikulu hau. Berriz diogu: Caritasi dirua eman diozuenek ez markatu Elizaren laukitxoa.

Espainiako Alderdi Sozialistak aspaldi agindu zuen konkordatua deuseztatu egingo zuela eta Elizaren dirua ezerezean geldituko zela, baina Zapateroren garaikoa da orain arteko aldaketa bakarra: Elizari ematen zitzaion ehunekoa 0,52tik 0,7ra igo zuen!

Laukitxorik gabeko zerga aitorpena eskatzen dugu guk, denon artean bete dugun kutxa denon onerako erabil dezagun. Kontzertu ekonomikoa dugu Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Nafarroan, eta, gure batzar nagusiek nahi badute, lor daiteke errenta aitorpenean laukitxorik ez izatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.