Mapa bidelagun hartuta

Mapa bidelagun hartuta

Unai Zubeldia

Oporraldi txiki bat batzuentzat, luzexeagoa beste batzuentzat… Gehienentzat Aste Santuarekin iristen da lan munduko urteko lehen geldialdi serioa, eta egun horietan ugaritu egiten da turistei begirako eskaintza; atzerrikoei begirakoa eta bertakoei eskainitakoa. COVID-19ak eragindako pandemia baretze bidean dela, azken bizpahiru urteotako Aste Santurik normalena izango dela adierazi dute eskualdez eskualdeko turismo arloko arduradun gehienek. Erakusketak, museoak, bisita gidatuak, mendi irteerak eta txangoak, gastronomia, abentura kirolak, erlijio kutsuko ekitaldiak… Tokian-tokian zehaztuta daukate jada Aste Santurako eskaintza; Gipuzkoa osoko printza txiki batzuk baizik ez dira hauek.

DEBAGOIENA

Arantzazu baino askoz gehiago

“Erreserbetan, oraindik, ez dugu nabaritu igoera handirik”, hasi du azalpena Leire Parra Debagoieneko Mankomunitateko Turismo teknikariak. “Beste urte batzuetan talde gehiago izan ditugu agian, baina, tira, norbanakoen erreserbak ari dira iristen pixkanaka”. Debagoiena aipatu, eta Arantzazu parketxeari buruz hizketan hasi da Parra: zehaztu du zabalik egongo dela apirilaren 15etik 18ra eta 20tik 24ra, 10:00etatik 14:00etara. Hala nahi dutenek familian egiteko orientazio jolasa ere izango dute etzi.

Elgetan, Elgeta 1936-1937. Intxortako ibilbide gidatua egingo dute gaur euskaraz, eta etzi gaztelaniaz. 10:00etan abiatuko dira, plazatik. Apirilaren 24an, berriz, 1937an frankistek Elgeta hartu zutenekoa gogoratuko dute, eta omenaldia egingo diete bertan hil zirenei. “Ekitaldi berezi bat izango da; kontzertu txiki bat, pare bat hitzaldi, lore eskaintza…”.

Bergaran zabalik egongo da Laboratorium museoa, eta erakusketa ikusteko aukera izango da. “Bisita gidatuetan parte hartzeko, ordea, izena eman beharko da aurrez, museora bertara deituta”. Egunero egingo dituzte bisita gidatu horiek: Bergara monumentala, lorategi historikoak eta Laboratorium museoa bera. Arrasaten ere hainbat bisita egiteko aukera egongo da. “Historikoak, batetik, eta mendi ibilbideak, bestetik. Egunero bi eskainiko dituzte, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz”.

Debagoienean turista asko erakartzen duen beste gune bat Leintz Gatzagako Gatz Museoa izaten da urtero, eta bisita gidatuak antolatu dituzte hor ere gaurko, biharko eta etziko, 12:00etan euskaraz eta 13:00etan gaztelaniaz. “Eta herria bisitatzeko aukera ere izaten da, xarma berezia baitauka. Merezi du”.

Oñatin ere elkartzen da jendea normalean, eta eskaintza zabala daukate han ere: herrigunean bisitak batetik, baina baita Oñatiko altxorrak —13:00etan eta 17:00etan— eta Oñati txokolatearen herria —11:30ean— bisita gidatuak ere, egunero. Arrikrutz kobetarako bisita gidatuak ere antolatu dituzte, 6 urtetik aurrerako umeentzat eta haien familientzat, biharko eta etziko, 15:00etan. Helduentzat ere zehaztu dute egun bat: astelehenean, 15:00etan.

Kultur eskaintzaren ondoan, Debagoieneko ibilbide sarea ere goratu du Parrak: “Eguraldia lagun, PR, GR, SL eta beste hainbat ibilbide daude gure eskualdean”.

GOIERRI

Natura, gastronomia eta kultura

“Toki txikian gauza asko dauzkagu Goierrin”. Niko Osinalde Gurrutxaga Goitur Goierriko Turismo Agentziako zuzendariak azaldu duenez, hiru zutabe dauzka Goierriko turismo eskaintzak: natura, gastronomia eta kultura. Naturari dagokionez, mendi ibilaldiak aipatu ditu Osinaldek. “Baita Zegamako eta Segurako orientazio jokoak ere, familian edo gazteen artean egiteko”. Mutiloa-Ormaiztegi bide berdea ere eskura dauka hala nahi duenak, “eta familientzako orientazio joko bat dago hor ere”. GR-283 ibilbidean, berriz, Aralar eta parke naturalak batuta, ehun kilometro egin daitezke sei egunetan. Zalditegiak, txangoak, bidegorriak… Naturarekin harremanetan, “aukera asko” daudela azpimarratu du Osinaldek. “Lizarrustitik Lareoko urtegirainoko bidea, edo Aizkorrin San Adriango tunelerainoko bidea, adibidez”.

Gastronomiari dagokionez, sagardotegiek ateak zabalik dauzkatela gogoratu du Osinaldek. “Gaztandegiak ere badaude, bisita gidatuekin; dastatze saioak ere antolatzen dituzte museo gastronomikoetan; Beasainen, Igartzan, talo tailerrak egiten dituzte; Lazkaon, artisau garagardoa; Olaberrian, txakolin bodega dago…

Kulturan hamar museo eta interpretazio zentro daude Goierrin: Ataunen, Barandiaran museoa eta Lizarrusti; Ordizian, D’elikatuz interpretazio zentroa; Beasainen, Igartzako multzo arkitektonikoa; Ormaiztegin, Zumalakarregi museoa; Idiazabalen, gaztaren interpretazio zentroa; Seguran, Erdi Aroko interpretazio zentroa; Zegaman, Aizkorriko interpretazio zentroa, Anduetza baserrian; eta Zerainen museo etnografikoa eta minetako bisita. “Jende asko elkartuko denez, kasurik gehienetan bisita gidatuak antolatu dituzte”.

Osinaldek gogoratu du Goierrik bereizgarri bat ere izaten duela Aste Santuan: Segurako prozesioa, ostegun eta ostiral arratsaldean. “Bisitatzeko modukoa da herria bera ere”. Apirilaren 20an, berriz, asteazkenean, Ordiziako Artzain Eguna berreskuratuko dute aurten. “2020an ez zuten egin, eta iaz ekintza txiki bat bakarrik egin zuten, maiatzean, Oiangun: gazta mozketa. Besteak beste, 10:45ean 2.000 ardi pasatuko dira erdiko kaleetan barrena, azoka berezia ere izango da, gazta mozketa, pilota partidak…”.

DONOSTIA-BETERRI

Museoek erakarrita

2021-07-02, Donostia Kontxa badia02-07-2021, San Sebastián. Bahia La Concha

Donostiara inguratzen direnei “kulturaz jositako txoko eta jarduerak erakustea”: Eider Calderon Donostia Turismoko zuzendariordearen hitzetan, horixe da helburua. “Bisitariak gure auzoetan ibiltzera animatu nahi ditugu, denda eta tabernetan barrena. Eta era askotako bisita gidatuak eta proposamen gastronomikoak ere badauzkagu: pintxoak jatea, Parte Zaharra ezagutzea, Haizearen Orrazia, Paseo Berria, hiriko parkeak, erosketak…”.

Bertakoek, bereziki, museoak eta aisialdiko jarduerak dituztela gustukoen esan du Calderonek. “Aurten gora egin dute museoetarako sarreren salmentek; arrakastatsuena Aquariuma izan da, eta baita Eureka zientzia museoa ere”. San Telmo museoak eta Euskal Itsas Museoak ere zabalik izango dituzte ateak. Antzerki, dantza eta musika programazioa ere prest daukate Donostian.

Gipuzkoako hiriburutik kilometro gutxira, Hernanin, Txillida Lekuk erakartzen du turista asko. Gaurtik astelehenera irekita egongo da, 10:00etatik 18:00etara. Bisita gidatuak egingo dituzte egunero, eta 9, 15 edo 18 euro ordainduta. Etzi, berriz, 12:30ean, familia umedunentzako bisita egingo dute (6 euro). Gehienez, bost laguneko taldean egin ahal izango da bisita, 100 euroren truke.

TOLOSALDEA

Naturarekin harremanetan

Historia, ondarea, gastronomia, natura… denetik aurkitu ahal izango dute Aste Santuko oporraldirako Tolosaldea aukeratzen dutenek. Bisita gidatuak antolatu dituzte Tolosako alde zaharrean, Andre Maria elizan eta azokan, eta Tolofolk jaialdia egingo dute apirilaren 20tik 24ra. Topic txotxongiloen museoa eta Txokolatearen museoa ere eskura izango dituzte bertaratzen direnek. Amezketan, berriz, Pello Zabala gunea bisitatu ahal izango da etzi eta apirilaren 24an, 12:00etan. Familian egiteko, zuhaitz parkea prest dute Larraitzen, Abaltzisketan, baita astoekin egiteko Astotrek ibilbideak ere. Eskualdeko sagardotegiek eta Alkizako Urmara museoak ere zabalik izango dituzte ateak.

UROLA KOSTA

Itsasoaren xarma

ZUMAIAKO_FLYSCHA

Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia… Kostaldea bera jada erakargarri du Urola Kostak, eta itsasoarekin lotutako hainbat jarduerarekin gozatzeko aukera izango da bertan: surf ikastaroak, txangoak, bisita gidatuak flyschera… Zenbait museo ere badaude eskualde horretan, Balentziaga museoa esaterako, Getarian, eta Elkanoren Getaria bisita gidatua ere egin ahal izango da herri horretan. Azpeitian, besteak beste, ateak zabalik izango dituzte Burdinbidearen Euskal Museoak eta lurrun trenak.

BESTELAKOAK

Prozesioak

5504002

Seguran bezala, Hondarribian eta Pasaian ere izango dira prozesioak gaur. Hondarribian, 17:00etan: Isiltasunaren prozesioa; eta Pasaian, 19:00etan: Ehorzketa Santuaren prozesioa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.