Hitzezko erraldoia

Juan Luis Zabala

Gaur zortzi hil zen Iñaki Segurola idazle, hiztegigile, irrati eta egunkarietako zutabegile, euskaltzain urgazle eta adiskidea. Hainbat oroitzapen berritu zitzaizkidan haren heriotzaren albistea jaso ondoko goibelaldian, batzuk pertsonalak, besteak ez hainbeste.

Lehena Nemesio Etxanizen Izotz-kandelak nobelaren edizioaren aurkezpena da, berak apailatua, Iñaki Segurolak, euskal literaturaren munduan lehen agerpena eginez, 1992an. Lagunarte antiklerikalean zebilen gaztea apaiz baten nobela berreskuratzen eta promozionatzen. Ez nolanahiko apaiza, ez nolanahiko nobela, jakina.

Aurrerago, 1994 edo 1995 inguruan, Iñaki, Euskaldunon Egunkaria-ko zutabegile ordurako, aholku eske hurreratu zitzaidan argitaletxe bat sortu nahi zuelako. Samurtasunez oroitzen dut orduan zeukan ezinegon hura. Ez zuen argitaletxea sortu baina Ostiela! aldizkarian parte hartu zuen 1995 eta 2006 artean, aldizkariaren sortzaile eta zuzendari Jon Aranorekin eta beste kide batzuekin batera.

Gu bion arteko adiskidetasuna asko estutu zen, eta aldi berean zabaldu, 2005 eta 2006 inguruan, biok Goraño izeneko mendi-talde sui generis bateko kide izan ginenean, berak sortu, abian jarri eta dinamizatua, bera (aproposko) “presidente” zela. Askotariko jendea batu eta ezagutu genuen talde heterogeneo, eklektiko eta ektoplasmatiko samar hartan.

Gorañori esker ezagutu zuen Segurolak, beste batzuen artean, berarentzat izen mitikoa zeukan leku bat, etxetik gertu izan arren aurretik egundo ikusi gabea: Larraskanda. Izen horrekin, ezin ba leku zatarra izan!

Azken urteetan gutxitan ikusi nuen, baina leitu dut idatzi duena, entzun ere bai, sarri samar, irratiko haren jarduna, hala irrati ofizialekoa nola bestekoa. Euskara batuari buruzko debate batean ere elkartu gintuzten behin, Azkoitian. Ez geunden ados, baina ezta mutur banatan ere.

Koldo Mitxelenaren biloba intelektuala izatera deitua zegoen —Ibon Sarasola tartean zutela—, baina bai zera! Zorioneko h-aren aurka ere mintzatu zen barren ez oso aspaldi! Batetik, zintzotasuna gogotik estimatu eta praktikatu arren, txintxoa izatea nahita ere ezinezkoa zitzaion. Bestetik, batuari estandarra ere esaten zaio, eta estandarizazio orok min ematen zion, hartaz pentsatze hutsarekin, haren gogo bihoztunegi, erraietakoegi, akaso erromantikoegiari.

Uste dut —eta nahiago nuke berak kargu hartu ahal izango balit ados egon ezean— euskaltzulotasun erradikal batek bizi zuela Iñaki, euskara zerbait organikoa zela haren gorputz-gogoetan, eta horrek eragozten ziola ontzat ematea —zilegi izan bekit metafora— euskarari biziko bada derrigor egin beharreko sendaketa eta ebakuntza mingarri batzuk.

Beti esan izan dut eta berriz ere esango dut: estandarrarekiko zeuzkan kritikak eta errezeloak gorabehera, Iñaki Segurolaren prosak beste inorenak ez bezala erakusten du euskara batua zein aberats, indartsu eta bizia izan daitekeen; eta den, azken batean.

Prosa hori, ordea, ezer gutxi litzateke, prosa horrekin idatzitako testuetan ez balego pentsamendu bizi, bakan eta libre bat, kate guztietatik askatu nahian dabilena etengabe, batzuetan askatu nahia bera lotura bihurtzeraino, gero lotura horretatik ere askatu nahi izateko.

Fisikoki handia, Iñaki Segurola Ogrue erraldoi bihurtzen zen hizketan eta idazketan. Hitzezko erraldoia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.