“Garrantzitsua da nola sentitzen garen zaintzea”

Informazio eta eduki asko dago sarean, eta hori dena ondo kudeatzeko, txiki-txikitatik egin behar dela lanketa bat uste du Zalduegik; urduri edo triste sentitzea zerbaiten "pista" izan daitekeela azaldu du.

Miren Garate

Autodefentsa ziberfeministari buruzko saioa emango du ostegunean Jone Zalduegi (Bilbo, 1987) Emokiko kideak OƱatin, jabetze eskolen barruan. Bereziki 16 eta 25 urte arteko gazteei zuzendutako prestakuntza izango da. Gazteek nahiz haur eta nerabeek sareetan sentitzen dutena partekatu ahal izateko, espazioak behar direla uste du. Gurasoei, berriz, seme-alabek erabiltzen dituzten sareak eta bideo jokoak ezagutzeko aholkatu die. Esan du erronka zaila dutela haiek aurrean, “erraldoi baten aurkako borroka egitea” delako.

Autodefentsa ziberfeministari buruzko saioa emango duzu ostegunean. Zer landuko duzue?

Indarkeria matxista aztertuko dugu, testuinguru fisiko eta digitalean; horretarako, hainbat egoera eta faktore jarriko ditugu agerian, autozaintza eta ahalduntzea sustatzeko, eta bakoitzak horren guztiaren irakurketa propioa egiteko.

Aipa ditzakezu indarkeria digitalaren adibide batzuk?

Adibidez, kontrola ezartzea: mezuen bidez, uneoro argazkiak eskatuz, whatsapp-en kokalekua denbora errealean erakutsiz… Uneoro harremanetan gaudenez, indarkeria matxistarako bidea asko zabaltzen da.

Nola aurre egin dakioke indarkeria digitalari?

Askotan, sareetan ibiltzen garenean, eduki askotaz eta iritzi askotaz elikatzen gara. Garrantzitsua da horien nolabaiteko errebisio bat egitea eta nola sentitzen garen zaintzea: urduri edo triste sentitzen bagara, jada pistak ditugu gertatzen zaiguna identifikatzen hasteko eta zerbait egiteko. Mundu birtualaz, pertsona birtualez eta abar hitz egiten da, baina beharrezkoa da birtualaren ideia hori kentzea, guk sentitzen dugun momentutik, sentitzen dugun hori egiazkoa delako.

Zein dira zaurgarrienak sareko indarkeriaren aurrean?

Nortasuna oraindik garatu gabe dutenak. Gazteek batez ere sare sozialen bidez kontsumitzen dute informazioa, eta zaila izan daiteke zenbait diskurtso zalantzan edo kolokan jartzea, batik bat oso gazteak baldin bagara edo feminismoa bizi izan ez badugu. Beste adar asko ere baditu gaiak: sare sozialetan eta bideo jokoetan dagoen aniztasun falta, nor dabilen sareetan, nork ematen dituen iritziak, profil baten atzean nor dagoen ere ez dugu jakiten…

Eduki asko aurki daitezke Interneten. Nola lagun dakioke gazte bati hori guztia kudeatzen edo aukeraketa egoki bat egiten?

Txiki-txikitatik egin behar zaie akonpainamendua. Azken ikerketen arabera, 10,6 urte da eskuko telefonoa eskuratzeko batez besteko adina; tabletak are lehenago izaten dituzte eskura, eta senideen telefonoak ere bai. Eta ez dugu jakiten zer informazio ikusiko duten eta nola erabiliko duten informazio hori. Medio horiei begirako ikasketa prozesu bat behar-beharrezkoa da: zer harreman ari naiz edukitzen hor, zer eduki, zer erreferente, eta nolako ideiak ari naiz garatzen, esate baterako, sinesmenei dagokienez. Koherentziarik eta akonpainamendurik ez badute inguruan, izugarrizko nahasmena izan dezakete.

Zer iritzi duzu eskuko telefonoa izateko batez besteko adin horri buruz?

Oso adin goiztiarra da, eta 10-11 urteko umeak ari dira ikusten eduki batzuk eta garatzen ideia batzuk ez direnak haientzat modukoak. Demagun orain dela 15 urte beldurrezko pelikula bat ikusten zenuela telebistan; ez zen egokia izango zure adinerako, baina bazenekien pelikula bat zela. Orain, Interneteko hainbeste informazioaren artean, oso zaila da hainbeste gauza kokatzea: zer den egia, zer gezurra, zer antzerkia… Haur batek ezin du hainbeste informaziorekin, bere burua hiperestimulatu egiten da, eta horren aurrean gakoa da zer baliabide eta laguntza dituen, haren erreferenteak zein diren… Era berean, adinari lotuta, ari gara ikusten gauerditik aurrera ere gero eta gehiago konektatzen direla gazteak, eta horrek loaren kalitatean izugarrizko eragina du, eta kontuan hartu behar da haien garuna hazten ari dela oraindik. Hor daude pantailen beste ondorio batzuk ere: begietan eta bizkarrean duten eragina, bizitza sedentarioa bultzatzen dutela…

Testuinguru horretan, zein da gurasoen rola?

Askotan ez dituzte ezagutzen seme-alabek erabiltzen dituzten sareak eta bideo jokoak. Apur bat urrun geratzen zaizkie,eta garrantzitsua da hurbiltzea: noizbait haiekin jolastea, ikustea nola sentitzen diren, ikustea sare eta joko horietan harremantzeko moduak eta gurekin harremantzeko moduak ezberdinak diren… Nola eragiten dieten jakiteko pistak izango ditugu modu horretan.

Sare sozialen, bideo jokoen eta abarren erabilerari lotuta, adituok zein eragin ikusten dituzue?

Inbidia da asko ikusten dugun emozioetako bat, eta bideo jokoetan haserre eta amorru handia ere sentitzen dituzte. Hori gestionatzen ez badute, emozioa aterakoa da beste momentu batean, eta indartuago. Adi egon behar gara: adibidez, bideo jokoekin jolasten badira, eta haien erreferenteek indarkeria handiko jarrerak baldin badituzte, jarrera horiek egokitzat eta naturaltzat hartzeko arrisku handia dago. Naturaltasunez hartzea ez da normalizatu behar, hori da garrantzitsua. Eta hainbeste orduz entzuten dituzte diskurtso horiek… Espazioak sortu eta sustatu behar ditugu, bai gazteen artean, bai haur eta nerabeen artean, sentitzen dutena partekatu ahal izateko.

Digitalki etengabe elkarrekin harremanetan daude gazteak. Horrek nola eragiten du?

Jendarteak ere eramaten gaitu horrelako espazioetan harremantzera gure berdinekin, eta espazio horietan ez badaude, bakarrik sentitzen dira gazteak; baina, era berean, beste askotan ere bakarrik sentitzen dira, lagunak ez direlako konektatu edo espazio horietan lagunekin egon arren, bakarrik daudelako logelan jolasean. Gurasoek esaten digute: ‘ez du irten nahi’. Baina gu ere nolako aisialdia ari gara sustatzen? Horrek ere eskatzen du hausnarketa bat.

Gurasoentzat ere nahiko berria da hau guztia. Nola asmatu kudeatzen?

Guraso asko daude gainean, eta gura dute modu osasuntsuan esku hartu, baina erronka zaila da, erraldoi baten aurka borroka egitea delako. Gurasoei dagokiena da informazioa izatea, ahalik eta ondoen erabiltzen jakiteko.