Zaindu beharreko gorakada

Zaindu beharreko gorakada

Erik Salazar

Historikoki diskriminatuta egon izan diren kolektiboen aurkako gorroto diskurtsoa gero eta leku handiagoa hartzen ari da mundu guztian, eta, halabeharrez, baita Gipuzkoan ere. Herritar batzuek aniztasuna onartzen ez dutenen erasoak jasan behar izaten dituzte sarri. Tolerantziarik erakusten ez dutenek, gainera, euren gorrotoa plazaratzeko bide berriak topatu dituzte XXI. mendean: muturreko alderdi politiko batzuen diskurtsoari esker, inoiz baino babestuago sentitzen ari dira gorrotoa bultzatzen duten pertsona horiek.

LGTBI kolektiboa da azken hilabeteetan erasoak jasan dituztenetako bat. Oraindik ez da urtebete ere pasatu Gipuzkoako mugetatik gertu bikote homosexual batek Basaurin (Bizkaia) irainak eta kolpeak jasan behar izan zituenetik; herritarrak kalera atera ziren gertatutakoa gogor salatzeko. Adibide bat besterik ez da Basauriko eraso hori.

Gipuzkoako hainbat erakunde eta eragile gorroto diskurtsoari aurre egiteko borrokan ari dira; argi dute euren lana ezinbestekoa bihurtzen ari dela gizartean konfrontazioa saihesteko. Errenteriako Udalean LGTBI politiken arduradun Iñaki Queralt EH Bilduko zinegotziak kezka adierazi du azken hilabeteetan LGTBI komunitatean izan diren erasoengatik. Eraso eta salaketen hazkundea “alderdi politiko batzuen jarrerari” leporatu die hark: “Diskurtso batzuek eraso horiek areagotzen dituzte”, esan du. Adi egoteko eskatu du Queraltek: “Ezin dugu esan diskurtso homofoboa Gipuzkoan hain txertatuta dagoenik, baina zirimiria bezala heltzen ari da”.

Errenterian, diagnostikoa

Konfrontazio egoera horiek saihesteko “aspalditik” lanean ari direla azpimarratu du Errenteriako Udaleko LGTBI politiken arduradunak. Errenterian orain dela bizpahiru urte amaitu zuten LGTBI kolektiboaren egoeraren diagnostikoa, eta “hurrengo asteetan” aurkeztu nahi dute ekintza plana. Planaren nondik norakoak “zehaztuta” dauzkatela azpimarratu du Queraltek, eta, beste gauza batzuen artean, “gorroto diskurtsoak neutralizatzea” duela helburu. Horretarako, “aldez aurretiko sentsibilizazioa” erabiliko dute. Erasoen aurka egin beharrekoa argi edukitzeko protokoloa ere aurreikusi du planak, baina, udalei dagokienez, “oso mugatuta” daudela uste du Queraltek: “Gure esku dagoena egiten dugu, baina eskumenak oso urriak dira”.

PASAI ANTXOKO IBAIONDO PILOTALEKUKO HARMAILA

Eraso fisikoez eta irainez gain, badira beste mota batzuetako diskriminazioak ere, homofobia kasuekin oso lotuta daudenak. Salaketen faltan, sarritan, gizarteak ez du izaten horien berri, baina Gipuzkoako Foru Aldundian badakite errealitatea zein den. Horregatik, Gipuzkoako hainbat elkarte eta eragilerekin elkarlanean aritzen dira egunerokoan. Ion Gambra da aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendaria; gorroto delitu asko zenbatzen ez dituzten arren, uste du zenbakiak “engainagarriak” izan daitezkeela: “Sarritan ez da salaketarik jartzen epaitegietan, baina horrek ez du esan nahi diskriminazio kasuak edo erasoak izaten ez direnik”.

Zazpi ikastetxerekin lanean

Errenterian bezala, aldundian ere aspaldi hasi ziren homofobiaren aurkako lanean. Azken pauso gisa, Gipuzkoa osoaren diagnostikoa egin eta herrialdeko zazpi ikastetxerekin proiektu pilotu bat jarri dute martxan. Gaztetxo eta nerabeekin egin beharreko prebentzio lana “behar-beharrezkoa” dela uste du Gambrak, eta, bide horretan, ikasleek LGTBI kolektiboko hainbat kideren testigantzak klasean bertan entzuteko aukera izango dutela jakinarazi du. Bestetik, Gipuzkoako herririk txikienetan gai hori “modu sakonean” jorratzeko ahaleginetan ari direla azpimarratu du aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendariak. Izan ere, aldundiaren txostenaren arabera, kolektibo horretako hainbat pertsonak oso herri txikietatik hiri ertain edo handietara alde egiten dute askotan. Egoera hori herri txikientzat onena ez den arren, “azken urteotako bilakaera positiboa” nabarmendu nahi izan du Gambrak: “Gipuzkoarrak, orokorrean, nahiko toleranteak eta aurrerakoiak dira, baina horrek ez du esan nahi adi egon behar ez dugunik”. Gambraren ustez, ezinbestekoa da “etengabe lanean jarraitzea”.

Baina, erakundeetatik harago, gizarte eragileen eta elkarteen hamarkadatako borroka eta lana ere badaude azken hilabete eta urteotako pausoen atzean. Gehitu da Gipuzkoako LGTBI kolektiboko elkarterik handiena, eta bertako kide Olga Alarcon errenteriarrak azkenaldian berdintasunean “aurrerapauso handiak” eman direla azpimarratu badu ere, “arlo guztiak” kontuan hartzeko eskatu du: “Legediaz gain, badira jorratu beharreko beste arlo batzuk ere; lan arloa eta gizarte arloa, esaterako”.

KABARET GAUA

Alarcon kezkatuta dago azken hilabeteetan LGTBI kolektiboaren aurka izaten ari diren erasoengatik: “Kolektibo horretako pertsonen aurkakoek indartuta ikusi dute euren diskurtsoa, Espainiako Estatuko hainbat lekutan gorroto diskurtso hori zabaldu dutelako”. Euskal Herria “aurrerakoitzat” du Gehituko kideak, eta, horregatik, uste du “LGTBI kolektiboko pertsonen eskubideak defendatuko dituen lege integral bat garatzea” ezinbestekoa dela.

Prebentzioaren indarra

Hala ere, oztopoak oztopo, gaur egungo errealitatearen azterketa baikorra egitea nahiago du Alarconek: “Gehiengo soziala gurekin dagoela esango nuke, azken 30 urteotako lanak eragina izan duelako gizartean”. Uste hori berresteko, LGTBI kolektiboaren aurkako erasoak izan direnean gizartearen erantzuna “masiboa” izan dela azpimarratu du aktibistak. Gehituko kideak argi du prebentzioari indarra eman behar zaiola, eta hezkuntza aipatu du bide egoki gisa: “Gaur ereindakoa bihar jasoko dugu. Gazteek bizkar zorroa LGTBI kolektiboaren aurkako gorrotoz betetzen badute, hori hustu egin beharra dago gero, berdintasunez betetzeko”.

Alarconen gisa berean, errenteriarra da Imanol Miner bertako LGTBI Mahaiko kidea ere, eta ohituta dago udalarekin lan egitera. “Udal politikak garatzeko garaian, udalari laguntza ematea da gure helburuetako bat”, esan du. Horrez gain, hainbat ekintza antolatzen dituzte urte guztian, eta interesa daukaten beste elkarte batzuei ere laguntza eskaintzen dietela argitu du Minerrek, “antzeko ekintzak antolatzeko”.

Hala ere, LGTBI Mahaiaren helburu nagusia kolektiboko pertsonentzat “estalpea edo topagunea” izatea da. Alde horretatik, LGTBI kolektiboaren “aniztasuna” kontuan hartzea ezinbestekotzat du Minerrek: “Adinak, generoak, jaioterriak, intersexualitateak… Aldagai askok baldintzatzen dute unean uneko egoera”.

Gorroto diskurtsoaren gorakadarekin oso larrituta dago Miner. Haren ustez, diskurtso hori “betidanik” egon izan da gizartean presente. “Baina modu ezkutuan. Orain, ordea, toki askotan eskuin muturra indartu den hein berean, gorroto diskurtso hori gero eta esplizituagoa bihurtu da”. Aktibistaren ustez, “azken urteotako atzeraldi ekonomikoak eta bestelako kontu batzuek” elikatu dute gorroto diskurtsoa. Horregatik, Errenteriako LGTBI Mahaian “arduraz eta kezkaz” bizi dute egungo egoera.

Minerrek zehaztu du egoerari aurre egiteko “erne” egon beharra dagoela, “eta kolektiboa indartu”. Errenteriako LGTBI Mahaiko kidearen ustez, argi utzi behar da zeintzuk diren zeharkatu ezin diren marra gorriak: “Ultraeskuina ezin dugu tratatu beste alderdi bat izango balitz bezala; joko politikoan ez dira bat gehiago”. Minerren esanetan, eskuin muturrak errealitatearen interpretazio “interesatua eta murriztua” egiten du beti, eta, horregatik, eskuin muturraren jarrera hori “jendaurrean agerian uztea” ezinbestekoa dela uste du.

Errenterian badute gorroto diskurtsoa neutralizatzeko beste tresna bat ere. Izan ere, Vicente Vadillo Santamaria Francis-en erailketak —1979an Espainiako Poliziako kide batek Errenterian tiroz erail zuen trabestia— sexu askapenerako borroka bultzatu zuen udalerrian. Minerren arabera, mugimendu horren aldeko borroka “herriko idiosinkrasiaren parte” da gaur egun. “Pozik” dago Errenteriako LGTBI Mahaiko kidea, euren udalerrian bakarrik ez, Gipuzkoako beste hainbat udaletan ere berdintasun zerbitzuak eta LGTBI politikak garatu dituztelako azkenaldian: “Hauxe da bidea. Tokian tokiko LGTBI politika propio eta publikoak garatu behar ditugu aurrera egiteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.