Itzuleraren hasiera bat

Itzuleraren hasiera bat

Unai Zubeldia

“Behar dugu normaltasun pixka bat”. Mikel Arce Aretxabaletako Leizarra musika eskolako dantza irakaslearen hitzak dira, baina izan zitezkeen beste edonorenak ere. COVID-19aren pandemiarekin bi urteko geldialdia izan da gizarteko esparru askotan. “Eta dantza taldeok ere asko sufritu dugu, ezin izan dugulako entseatu ia-ia. Helduen talde batzuk hainbestean moldatu gara, baina, haurrentzat, oso gogorra izan da egoera”. Gasteiztarra da Arce, eta Arabako hiriburuko Indar dantza taldeko kidea. Pausoka-pausoka, eta duela bi urteko nolabaiteko normaltasunera gerturatzeko asmoz, Debagoieneko Dantzari Eguna egingo dute bihar, Aretxabaletan. 27. aldia izango da aurten.

Bost dantza talde elkartzen dira urtero ibarreko herri batean: Arrasateko Lore Gaztea eta Arrostaitz dantza taldeak, Oñatiko Oñatz dantza taldea, Antzuolako Oinarin dantza taldea eta Aretxabaletako Leizarra musika eskolako dantza taldea. Txandan-txandan, azken horri tokatu zaio aurten antolaketa lanak egitea. “Pandemiaren aurretik, egun osoko egitaraua prestatzen genuen urtero”, zehaztu du Arcek. “Goizean dantzaren batzuk izaten ziren, bazkaria gero, dantza taldeen arteko harremana estutzeko zenbait ekintza arratsaldean, txistu poteoa ere bai…”.

Pandemiak “pixka bat hobera” egin duela ikusita, “zerbait” berreskuratzen saiatu dira aurten. “Baina dantza ekitaldiak bakarrik egingo ditugu, printzipioz”. Bost dantza taldeei harrera egingo diete 10:00etan, kalejira egingo dute 11:00etan, eta herriko plazan dantza emanaldia izango da 11:30etik 13:30era. Euria egiten badu, pilotalekuan egingo dute jaialdia, “nahiz eta tristeagoa izaten den horrelakoetan”, zehaztu du Aretxabaletako Leizarra musika eskolako dantza irakasleak.

DEBAGOIENEKO DANTZARI EGUNA

Normalean “hiruzpalau bilera eta entsegu” egiten dituzte dantza talde guztiak koordinatzeko, “dena antolatzeko”, baina aurten “entsegu eta bilera bakarra” egin dituztela jakinarazi du Arcek. Dena den, saiatu dira urteroko ikuskizunaren berezko izaerari eusten. “Mutil dantzak eskainiko ditugu, neska dantzak ere bai; dantza mistoak ere izango dira, eta, ondoren, talde bakoitzak bere saio berezia emango du. Azkenik, larrain dantza dantzatuz amaituko dugu ikuskizuna, denok elkarrekin”. Arcek zehaztu du “dantza tradizionalak errespetatzen” saiatzen direla Debagoieneko bost dantza talde horiek. Dantzariak eta musikariak kontuan hartuta, “berrehun bat lagun” elkartuko dira bihar Aretxabaletan.

Bazkaldu ondorengo giroa

Hori da egitarau ofiziala, goizean hasi eta eguerdira artekoa. “Baina gero bazkaltzen geldituko gara denok, ziur”, esan du Arcek. “Eta giro aparta sortuko da arratsaldean ere, trikiti-txistu-poteoren bat antolatuko dugulako herrian barrena”. Bi urteren ondoren, guztiak “oso gogotsu” daudela azpimarratu du Leizarra musika eskolako dantza irakasleak. “Egun hauetan oso giro ona sortzen da beti, bost dantza taldeak oso ondo moldatzen gara geure artean, eta normaltasunera itzultzeko hasiera bat izango da aurtengoa. Jendeak kalera atera nahi du, ondo pasatu nahi du, dantza egin nahi du…”.

Aretxabaletan, musika eskolaren egituraren barruan dago dantza taldea. Arcek jakinarazi du bederatzi dantza talde dauzkatela Leizarra musika eskolaren barruan. “Hasi 5 urteko neska-mutikoetatik, eta gurasoetaraino”. Bihar 17-18 urtetik 27 urte arterako “neskek” parte hartuko dutela zehaztu du irakasleak. “Helduena delako eguna, eta, helduen artean, Aretxabaletan behintzat, mutilik ez daukagulako. 7-8 urterekin bai, animatzen dira mutikoak, baina, futbolean hasten direnean, denek utzi egiten dute dantza. Ez dakit zer gertatzen den!”.

Arceren hitzetan, Dantzari Eguna izaten da Debagoieneko urteko dantza ekitaldi nagusietako bat, baina ez bakarra. “Izan ere, Aretxabaletan oso garrantzitsuak izaten dira, adibidez, inauteriak, eta aurten berreskuratu egin dugu inauterietako ikuskizuna. Horrez gain, garrantzitsua da Aste Santua baino lehen egiten dugun Dantza Astea ere”. Musika eskola gisa, berriz, bi ekitaldi nagusi izaten dituzte Aretxabaletan: Gabonetan eta ikasturte amaieran, ekainean.

Haurren Egunak ere bai

Horien ondoan, Debagoienean bereziak izaten dira Haurren Egunak ere. “Bost izaten dira: Aretxabaletan, maiatzeko azken igandean; Soraluzen, ekaineko lehen igandean; Arrasaten, ekaineko hirugarren igandean; Oñatin, irailean; eta Antzuolan, bi urtez behin, urrian”. Haurren Egunean, herri bakoitzak, “bere azpiegituraren arabera”, beste hainbat herri gonbidatzen dituela zehaztu du Arcek. “Oñatin eta Arrasaten, batez ere; Bizkaiko dantza talderen bat, Arabakoren bat, Iparraldekoren bat… Egun horietan ere kalejira izaten da goizetan, herrian barrena hiruzpalau geldialdi eginez eta hainbat dantza emanez. Eta, bazkaldu ondoren, beste saio bat egiten dugu”. Pandemiaren eraginez, Aretxabaletan aurten Haurren Eguna “herrikoek bakarrik” egingo dutela aurreratu du Arcek. “Normaltasuna berreskuratu arte”.

Dantza talde gisa “ekintza gehiago” egitea gustatuko litzaiekeela onartu du Arcek. “Baina horrela moldatzen ari gara oraingoz. Hori bai, urtean zehar beste aukera batzuk sortzen badira, ez diegu uko egiten, nahiz eta zailagoa izaten den dena lotzea”.

Pandemiaren eragina apaldu den honetan, “berriz altxatzeko” deia egin du irakasleak. “Beste dinamika batean sartu gara jada, eta garrantzitsua da kalea hartzea, hori delako gure plaza. Azken batean, ez bagaituzte kalean ikusten, zaila da gero umeak dantzara erakartzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.