Ohiko trabak, eta beste batzuk

Ezin da orokortu emakume musulman langileen lan egoera; batzuek Atzerritarren Legea dute traba nagusi, baina badira sortzez gipuzkoarrak direnak ere. Negozio propioa irekitzea hautatzen dute batzuek; ikasi duten horretan ari dira beste batzuk, eta bada sektore jakin batzuetatik atera ezinda dabilenik ere. Beloa da segituan aipatzen dituzten gaietako bat.

Miren Garate

Islamiar egutegiaren bederatzigarren hilabetean ospatu ohi dute ramadana musulmanek. Urtez urtez aldatzen da, eta aurten hilabete sakratu horren azken eguna maiatzaren 1ean egokitu da; alegia, Langileen Nazioarteko Egunean. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren arabera, 2020an 89.487 musulman bizi ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horietako hiru dira Chaimae Nakari, Djamila Zereiby eta Romaesa Benslaiman. Abiapuntu ezberdinak izan dituzte lan merkatuan: Marokotik eta Aljeriatik etorri ziren lehen biak, eta sortzez da euskal herritarra hirugarrena. Musulman izatea Gipuzkoako lan merkatuan zenbateraino den oztopo galdetuta, Atzerritarren Legeaz, belaunaldi berrien egoeraz, beloaz eta abarrez mintzo dira.

CHAIMAE NAKARI

Adineko baten zaintzailea Tolosan

“Badirudi erabakita dagoela zer lan mota egin behar ditugun”

Marokotik etorri zen Tolosara Chaimae Nakari, duela bost urte inguru. “Oso familia itxi batean jaio nintzen; neskok oso kontrolatuta izaten gaituzte, eta adin batera iristean, zelatatu egiten gaituzte eskola atarian, lagunekin gaudenean…”. Ez zuen ikasten luzaro jarraitzerik izan, DBHko 1. maila amaitu, eta atera egin baitzuten eskolatik.

“Bizitza berri baten bila” etorri zen Euskal Herrira. “Ondo egon nahi dut”, dio. Eta, batez ere, alaba ondo egotea nahi du, berak umetan bizi izandako mugarik gabe. “Nahiz eta ni musulmana izan, erlijioagatik gauza asko eginarazten dizkigute, eta familiak ere asko kontrolatzen gaitu. Ez nuen hori nahi alabarentzat. Alabak asko ikastea nahi dut, eta izan dadila ni baino hobea, noski. Uste dut bide onetik doala”, esan du Nakarik.

Tolosara iritsi zenean, ezagun batzuen bidez, haur batzuk zaintzeko lan proposamena egin zioten, baina umeen amak jakin zuenean beloa erabiltzen zuela, ez zuen lanerako hartu. Emakume musulmanen kasuan zapia oztopo izan daitekeela onartuta ere, uste du migratzaile izatea bera dela trabarik handiena, musulmana izatea baino gehiago. Argi dio: “Atzerritarren Legeak akabatu egiten gaitu”.

Lege horren arabera, egoera legeztatu ahal izateko, hiru urtean egon behar da erroldatuta, eta, ondoren, lanaldi osoko urtebeteko lan kontratua erakutsi behar da. Gainera, azaldu du lanpostu jakin batzuetara mugatu ohi direla migratzaileentzako eskaintzak. “Badirudi erabakita dagoela zer lan mota egin behar ditugun”.

Adinekoak zaintzeko ikastaro bat egin zuen Nakarik, eta ikastaro hartan, bera ez beste guztiak emakume latinoamerikarrak ziren. “Oso baldintza txarretan daude; agian, etxe batean egoiliar, bi adineko zaintzen, eta etxeko lan guztiak egiten, eta 300 euro kobratzen”. Gizonezkoek ere hainbat bidegabekeria jasaten dituztela gaineratu du. “Egoera legeztatzeko behar zuen urtebeteko kontratua eskaini zioten ezagun bati, eta sukaldari laguntzaile kontratua egin zioten. Baina sukaldari lana egiten zuen, amaitzean dena garbitu behar izaten zuen, eta orduak ez zenbatzeko esaten zioten”.

Jakitun da migratzaileei buruzko hainbat aurreiritzi daudela gizartean. “Ikusten gaituzte lana kentzera gatozen norbait bezala, edo laguntzetatik bizitzera bagentoz bezala, eta inondik inora ez da hala”. Kontatu du etxe batean erroldatzea ere zaila bihurtzen zaiela askotan, jabeak etxean bizi ez diren beste batzuei ematen dielako erroldatzeko aukera, kobratuz. “Ez dut ulertzen nolatan ez dagoen kontrolik”.

Jatorkin Al-Nahda elkartearen bidez jakin zuen Nakarik Helduen Hezkuntzan jarrai zezakeela ikasketekin, eta DBHko 3. eta 4. mailak atera zituen. Unibertsitaterako sarbidea prestatzen ere aritu zen, baina konfinamendua etorri zen. “9 urteko alaba daukat, eta hark ere online ikasi behar zuen. Interneterako konexiorik ez nuen etxean, eta zailtasunak hasi ziren… Balkoirik gabeko etxe batean, oso estresatuta eta gaizki nengoen, gurasoen etxean geundenean bezala, eta utzi egin nituen ikasketak”.

Hala ere, azterketa nolakoa zen ikusi egin nahi zuen, eta aurkeztu egin zen; ikasgai batzuetan nota ona atera zuen arren, ez zuen gainditu. “Hiru urteko epe hori igaro nuen, eta orain lana aurkitu dut. Adineko bat zaintzen eskaini didate urtebeteko kontratua, eta ikasketak utzi ditut, baina badut gogoa jarraitzeko, eta euskara ere ikasi nahi dut, lanpostu duin bat lortzeko. Gora egin nahi dut”. Kontatu du, orain arte, gaztelania jakiteak salbatu duela. Maroko iparraldekoa denez, etxean Espainiako kateak ikus zitzaketen telebistan, eta horrela ikasi zuen. Senarrarekin batera etorri zen Tolosara, eta sukaldaritzan aritzen da gizona. “Lau urte behar izan zituen paperak lortzeko”. Pixkanaka-pixkanaka, aurrera egiteko “borrokan” ari direla azaldu du Nakarik.

DJAMILA ZEREIBY

Kafetegi baten jabea Arrasaten

“Sinbolizatu nahi nuen ez dugula ekintzaile izateko beldurrik izan behar”

Saharan jaio arren, aljeriartzat ere badu bere burua Djamila Zereibyk. Han egin zituen Zuzenbide ikasketak. Arrasatera etortzean, ordea, titulu hark ez zion balio. “Logikoa da, azken batean; legeak eta horien erroak ikasten ditugu karreran, eta herrialde batetik bestera oso ezberdinak dira horiek guztiak. Frantzian ikasi duen batek ere arazo berbera du”. Esan du dituen ezagutzak baliatu dituela lan merkatuan aurrera egiteko. “Hizkuntzak ezagutzen ditudanez, itzultzaile lanak egin ditut”.

Euskal Gizartean Emakume Musulmanak Integratzeko IMME elkartea ere sortu zuen 2013an. Orain urte eta erdi, berriz, kafetegi bat zabaldu zuen Arrasaten bertan. Elkartean emakumeei gaztelania klaseak ematen hasi zenean sortu zen proiektua. “Ikusten nuen haien gaitasunak aprobetxatu egin behar direla. Inklusio soziolaborala nahi dugu, emakume musulmanak zapalduta daudela kexatzen gara; bada, eman diezaiegun aukera bat”.

Kooperatiba bat sortzea zen hasierako asmoa, baina beldurra zuten emakumeek, eta azkenean Zereibyk berak ireki zuen kafetegia. “Sinbolizatu nahi nuen emakumeok ez dugula ekintzaile izateko beldurrik izan behar, eta ezin dugula zain egon”. Egunen batean gozogintza lantegi bat jartzeko ametsa ere badu, emakume gehiagori lana eman ahal izateko.

Uste du Atzerritarren Legeak migratzaileen eboluziorako aukerarik ez duela ematen. “Lan egin ahal izateko hiru urte egotea erroldatuta eskatzen dizu, eta horrek bultzatzen zaitu beltzean lan egitera, eta gero asko kexatzen gara beltzean egiten den lanaz”. Hala ere, baikorra dela dio, eta, legeak lege, beti dagoela norbere gaitasunak erakusteko borroka egiteko aukera. “Sukaldeetan ari dira emakume asko, baina ez du esan nahi horiek ere ez dutenik beste gaitasunik”.

Azaldu du elkarteek-eta lan handia egiten dutela arrazakeria eta klasismoa gutxitu eta gizarte eta lan integrazioa sustatzeko. Dena den, nabarmendu du Gipuzkoan immigrazioa fenomeno berria dela jendearentzat. “Ezezagutza handia dago, eta, adibidez, beloa erabiltzeak galdera eta kezka asko sortzen ditu: terrorismoaren sinbolotzat hartzen da, uste da emakume zapalduak direla, ez direla gai edozer lan egiteko, eta beste hainbat estereotipo eta estigma daude”. Erlijioa zerbait pertsonala dela dio, eta uste du inor ezin dela behartu fededun ez izatera; Espainiako Konstituzioak ere jasotzen duelako erlijio askatasuna.

33 urterekin etorri zen Zereiby Euskal Herrira, Arrasatera; haren alabak, ordea, Arrasatekoak dira. “Ezin ditugu ikusi immigrante bezala, ez direlako. Immigranteak direla esatea bai dela diskriminatzea. Gazteak bereizten hasten bagara, egiten ari garen lan guztia alferrik izango da, eta nik egiten dudan lan guztia seme-alabei bidea errazteko da”. Nabarmendu du ezkutatu ezin den errealitate bat dela dibertsitatea. “Ni neu onartua sentitzen naiz, ez maila pertsonalean bakarrik, baita gaitasunei dagokienez ere. Azken batean, jendeak ikusten badu ideia berritzaileak dakartzazula, eta errespetuan eta ekintzailetzan oinarritutako gizarte berri bat sortzeko lanean ari zarela, norbait horrekin ados ez badago, uste dut arazo bat duela”.

ROMAESA BENSLAIMAN

Irakaslea Eibarren

“Garaia da gure arazoa: gazte gehienok gaude egoera prekarioan”

Irakaslea da Romaesa Benslaiman eibartarra, eta Gazte Safa elkarteko lehendakaria ere bai. Gipuzkoan emakume musulmanek sortutako lehenengo elkartea izan zen Safa, eta emakume batzuen urte askoko lanaren ostean, gazteek hartu zuten elkartearen gidaritza orain urte batzuk. Eibarren bertan jaiotakoak dira elkarteko gehienak. “Lan munduan, gure gurasoak hona etorri zirenean, aukera gehiago zeuden, adibidez, industrian eta fabriketan. Ez zituzten eskatzen gaur adina titulu eta hizkuntza”.

Alde horretatik, gazte musulmanek ere gainerako gazte guztien antzeko arazoak dituztela kontatu du Benslaimanek. “Guk dokumentazio arazorik ez dugu. Garaia da arazoa, gazte gehienok gaude egoera prekarioan, eta horri gehitu behar diozu enpresa batzuek ez gaituztela hartzen izenagatik, janzkeragatik edo koloreagatik”. Kontatu du beloa erabili ohi duten batzuek, adibidez, zalantza izaten dutela curriculumean argazkia jarri edo ez.

Gazte Safa elkartean gorputz adierazpeneko proiektu bat ere badute, konfiantza, ahalduntzea, autoestimua eta abar lantzeko, eta hango begiralea ere bada Benslaiman. “Aukerarik ez baduzu enpresekin lan egiteko, zeuk sortu behar duzu aukera hori. Norabait heldu nahi baduzu, helduko zara. Hori lantzen dugu ikasleekin. Askotan geuk jartzen dizkiogu oztopoak geure buruari”.

Ikasten jarraitzeko ere aholkatzen die, eta, oro har, horretarako gogoa ikusten die ikasleei. Hark ere, irakasle izateko ikasketak amaitu ostean, graduondoko bat egin zuen, bigarren hizkuntza gisa gaztelania irakatsi ahal izateko. “Hemen aukerarik ez izanez gero, Ingalaterrara joatea nuen buruan. Aukerak bilatu behar dira”. Beste batzuek fruta dendak, harategiak edo bestelako negozioak ireki dituztela dio. “Komunikabideetan-eta aipatu ohi da atzerritarrak diru laguntzetatik bizi direla, baina jendea ez da geldirik egoten”. Azken pare bat urteetan, adibidez, Frantziara eta Alemaniara joan direla familia batzuk esan du, gurasoentzat, beraientzat edo beren seme-alabentzat aukera hobeak izango dituztela iritzita.