Pilota bezain ospakizun biribila

Urtebete geroago, baina Villabona-Amasako Behar Zana pilota elkartea 75. urteurrena ospatzen ari da. Pilota izango da egunotan antolatuko dituzten ekitaldien protagonista.

Imanol Garcia Landa

Behar Zana pilota elkartea 1946. urtean sortu zuten, izenak dioen moduan, garai hartako pilotariek behar bat sentitu zutelako. “Villabonan, erremintarekin jokatzen zuten pilotari asko zeuden garai hartan, eta, ordura arte Villabona izenarekin jokatzen zituzten partidak, errebotean eta zestan, batez ere”, esan du Iñaki Otaegi Behar Zana elkarteko kideak. “Udalak plazaren erdian agertoki bat jarri nahi omen zuen, eta herriko pilotariak horren aurka altxatu ziren. Pilota munduko jendea antolatzen hasi zen pixkanaka, eta Behar Zana sortu zuten”.

Errebotea da elkartearen ezaugarri berezietako bat, Villabona-Amasaz gain Hego Euskal Herrian beste bi lekutan bakarrik jokatzen baita joko zuzeneko modalitate horretan; bi kasuetan, Gipuzkoan: Zubietan (Donostia) eta Oiartzunen. Errebote izena du Villabona-Amasako herriko plazak, udaletxearen aurrekoak. “Zalantzarik gabe, garrantzi ikaragarria du frontoia edo errebotea herriaren erdian egoteak eta bazterrean ez ezkutatzeak. Bizirik irauteko, herrigunean egon behar du pilotak”, esan du Iñaki Lizaso Behar Zana elkarteko kideak.

Errebote plazaren aldaketa

Villabona-Amasako Errebote plazak izan du bilakaerarik. Plazaren alde batean frontoia zegoen lehen, eta erreboteko frontisetako bat ezker pareta bezala erabiltzen zuten. Frontoi hura bota, eta, plazatik oso gertu, kiroldegiaren atzean, Bearzana frontoia eraiki zuten. Gaur egun, joko zuzenerako erabiltzen dute plaza hori, eta beste jokamoldeentzako Amasako frontoia eta Villabonako Bearzana frontoia. 2009an izan ziren aldaketa horiek, eta elkartearen egoitza ere lekualdatu zuten orduan; plazaren eta Bearzana frontoiaren artean dago gaur egun.

Laxoan, pala luzean, erremontean eta zesta puntan izan ezik, euskal pilotako beste modalitate guztietan aritzen dira Behar Zanako pilotariak. “120 bat kide gara guztira eta Villabona bezalako herri batentzat ez da kopuru txikia”, esan du Lizasok. Modalitate kopuruari dagokionez, “garai batean bezala”, gaur egun ere erreferentziazko elkartea da Villabona-Amasako Behar Zana.

BEHAR ZANA PILOTA ELKARTEA

Behar Zanak, berez, iaz bete zuen 75. urteurrena, baina pandemia dela eta, bertan behera geratu ziren ospakizunak, eta aurten ari dira ekitaldiak egiten. Berdel Pilota Festa egin zuten martxoan, eta bertsopilota izango dute bihar, 17:30ean, Bearzanan. Bi partida jokatuko dituzte, eta Amaia Agirre eta Unai Mendizabal bertsolariak ariko dira botilero lanetan. Lehen partidan, Jon Urbieta eta Julen Aizpuru, Eneko Maiz eta Julen Urruzolaren aurka lehiatuko dira; eta, bigarrenean, Iñaki Lizasok eta Jon Erasunek, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Goñi izango dituzte aurkari. Lehen sei pilotariak Behar Zanakoak dira edo elkartearekin harreman zuzena dute. Sarrerak oso azkar agortu ziren.

Laster, ekitaldi gehiago

Maiatzaren 28rako mus txapelketa bat antolatu dute, eta gauean Musutruk taldearen emanaldia. Asteburu horretan, larunbatean eta igandean, argazki erakusketa bat jarriko dute Gurea aretoan. Ekainaren 3tik 4ra, Pilota Maratoi Solidarioa egingo dute Bearzana frontoian: 25 orduz jarraian pilotan ariko dira, hainbat modalitatetan eta adin guztietako pilotariekin. Kutxa bat jarriko dute diru ekarpena egiteko; Aspanogi elkartearentzat izango da bildutako dirua. Ekainaren 4an, elkarteko bazkideen afaria eta danborrada izango dituzte, eta, hurrengo egunean, Behar Zana eta Txost elkarteen arteko errebote partida.

Erreboteak protagonismo berezia izango du ekainaren 25ean, Errebotea Sutan txapelketa azkarrarekin. Lau talde osatuko dituzte egungo eta aurreko jokalariekin. Azken ekitaldia, berriz, uztailaren 31ko errebote partida klasikoa izango da. 93. aldiz jokatuko dute Villabona-Amasaren eta Hazparneren (Lapurdi) arteko partida.