“Rol dramatikoak antzezteko gai naizela erakutsi nahi nuke”

Errenteriako aktoreak nostalgiaz gogoratu ditu antzezle gisa emandako lehenengo pausoak. Uste du euskara gehiago bultzatu behar dela gaur egungo telebistako eskaintzan.

Erik Salazar

Bereziki, ETB2ko Vaya semanita saioari esker egin zen ezagun Andoni Agirregomezkorta (Errenteria, 1971), baina azken urteotan bestelako lan batzuk ere egin ditu telebistatik kanpo. Pandemia gorabehera, adierazi du aktoreak krisian bizi direla etengabe.

Noiz erabaki zenuen aktore izan nahi zenuela?

Betidanik izan dut antzezpenerako grina. Oso txikia nintzela izan nuen lehen harremana aktore lanarekin. Arrebak antzerki obra bat egin behar zuen ikastolan, eta hara eraman ninduten, etxean bakarrik ez gelditzeko. Txoratzen bueltatu nintzen handik, lanaren esaldi dezente buruan hartuta nituela. Oraindik ere gogoan ditut obra horretako esaldiak. Aktore izateko erabakia geroago hartu nuen, baina antzerki horrek piztu zidan grina.

Etxean horretaz jabetu al ziren momentu horretan? Zer esan zizuten?

Ama berehala jabetu zen, bai; arrebaren antzerki lana ikustera joan ginenean konturatu zen. Bere buruari galdetu omen zion: “Honi ez al zaio hau gustatuko?”. Eta arrazoi zuen. Hala ere, gurasoentzat ez zen erraza izan. Kontuan izan behar da nire gurasoak beste belaunaldi batekoak direla, eta haientzat helburu nagusia zela kontratu mugagabe bat eta lan egonkor bat lortzea. Antzerki ikasketak hasi aurretik kontratu mugagabea eta soldata ona nituen, baina ezin zaio uko egin amets bat egia bihurtzeari. Gurasoei esan nien eszedentzia eskatu nuela aurreko lanean, eta antzeztearena gaizki ateraz gero atzera egin nezakeela. Ez ziren kontent geratu, baina lasai, behintzat, bai.

Erabakia hartuta, nola lortu zenuen zure lehenengo lana?

Ainhoa Aierbe aktorearekin taberna batean nintzela, hark esan zidan Goenkale-rako hartu zutela. Aspaldi hitz eginda genuen niri ere antzerkia gustatzen zitzaidala eta probatu behar nuela. Gau hartan hartu nuen erabakia. Etxera bueltan ikastaro baterako deialdia ikusi nuen kartel batean; horra deitu, eta egun batzuetara martxan nengoen. Ikastaroak egiten hasi nintzen agentzia batean, eta figurazio lanak egiteko jendea eskatzen hasi ziren. Zorte handia izan nuen, gauzatxoak egiten nituenean beti zegoelako norbait nire lana ondo baloratzeko. Esan daiteke hura izan zela nire lehen esperientzia. Hori, noski, umea nintzenean eta lagunekin nengoenean egiten nituen txorakeriak alde batera utzita. Eskolan nengoenean ere irakasleen imitazioak egiten nituen askotan, baina aipatu dudan telefono zenbaki hori eskuratu nuenean hasi zen dena. Hasierak zailak izaten dira, baina aitortu behar dut zortea izan nuela. Esan daiteke lana etorri egin zitzaidala, ez nuela haren bila joan beharrik izan.

Nola oroitzen duzu hasiera hura?

Oso polita izan zen. Orain nostalgia handiz gogoratzen dut dena. Ikastaroak etxabe batean izaten ziren, eta oraindik ere gogoan dut hango hezetasun usaina. Baina, batez ere, sormenerako grina dut gogoan. Gauzak sortzeko izugarrizko nahia nuen. Telebistan bazaude eta gidoilaria edo zuzendaria ez bazara, dena egina ematen dizute, eta agintzen dizutena egitera mugatu behar duzu. Baina antzerkigintzan, hasieratik, hor ari zara zu, zure kideekin gauzak sortzen, denak elkarrekin, eta ilusio berarekin.

Lan ugari egin dituzu, baina, agian, ETB2ko Vaya semanita saiokoa izan da orain arteko ezagunena. Hainbeste urteren ostean, beldurra zenion etengabe rol horri lotuta egoteari?

Azkenean onartu egin behar duzu hori horrela izan daitekeela. Jendeak komedia egiteagatik ezagutzen nau, baina niri rol dramatikoak antzeztea ere gustatuko litzaidake. Vaya semanita saioan urtebetez aritu ondoren, rol dramatiko bat antzeztea egokitu zitzaidan Zeru horiek Aizpea Goenagaren filmean. ETAko kide bat nintzen, eta rola oso gogorra zen. Bernardo Atxagaren liburu batean oinarrituta zegoen lana, eta idazlea aurrestreinaldira joan zen. Proiekzioa amaitu ostean, Atxaga niregana etorri zen, eta aipatu zidan arraroa egin zitzaiola ni pertsonaia horren rolean ikustea. Hor ohartu nintzen estilo batean sailkatua izaten hasia nintzela; berehala esan nuen: erne!

ANDONI AGIRREGOMEZKORTA

Drama aipatu duzu. Ba al dago oraindik egin ez duzun eta egitea gustatuko litzaizukeen zerbait?

Esan bezala, drama egitea asko gustatuko litzaidake. Oso pertsonaia zigortua edo gaiztoa izatea gustatuko litzaidake, edo biak batera. Horrelako rolak antzeztea ez da batere erraza, eta horretarako gaitasuna eduki behar da. Oso rol dramatiko gutxi eskaini dizkidate, baina lan hori egiteko gai naizela erakutsi nahiko nuke.

Antzerkia, umorea, telebista… Non sentitzen zara erosoen?

Egia esan, berdin zait. Adibidez, telebistak eta zinemak ez daukate antzerkiak duen xarmarik, publikoarekin harreman zuzenik. Baina telebistarekin eta zinemarekin jende gehiagorengana heltzen zara, eta ekonomikoki onura handiagoa ematen dute. Hala ere, uste dut ezin diodala ezeri uko egin. Orain, antzerkian nabil, eta ez daukat hau uzteko asmorik telebista egin ahal izateko. Ahal dudan neurrian, dena uztartzea gustatuko litzaidake.

Zer sentitzen duzu antzezten duzunean?

Antzerkian sartu egiten zara, eta hutsik dauden butaka guztiak ikusten dituzu, eszenatokia goian dagoela. Hara igo, eta nahiz eta hutsik egon, zerbait berezia sentitzen duzu. Barruan daukazuna erakutsi behar duzula sentitzen duzu. Oholtza gainean zaudenean, jendearen aurpegia ikus dezakezu. Berdin dio berrogei edo 1.200 pertsona dauden; sentsazioa berbera da. Zuri begira daude denak, zure lana nola egingo duzun ikusteko prest daude denak. Egiten ari zaren horrek euren aurpegietan eragina duela ikusteak ez du preziorik.

Euskaraz eta gaztelaniaz aritu zara. Nola sentitzen zara hobeto? Ba al dago alderik hizkuntza batetik bestera?

Eroso sentitzen naiz bietan. Hala ere, batzuetan nire liskarrak izan ditut gai horrekin, oso kaletarra den pertsonaia baten rola eman eta gidoian hizkuntza oso akademikoa duelako. Kaletarra naiz, eta nire euskalkiak erabiltzera ohituta nago. Zerbait euskara zuzenean modu batean edo bestean esaten dela esaten didatenean, beti berdina erantzuten dut: “Bai, baina pertsonaia hau bizi den tokian horrela hitz egiten al dute?”. Nire pertsonaien sinesgarritasuna defendatu behar dut, eta, horretarako, pertsonaia horrek etxeko euskaran hitz egin behar du, eta ez Euskaltzaindiarenean. Horregatik, batzuetan kostatu egiten zait pertsonaia batzuk egitea, sarritan “euskaraz hau modu zuzenean horrela esaten da” esaten didatelako. Hori ez da nire hizkuntza, eta antzeztu behar dudan pertsonaiarena ere ez, ziurrenik.

Zaila al da, orduan, euskaraz umorea egitea?

Umorea unibertsala dela esan genezake, baina hizkuntzari lotutako lokalismoak daude, gainontzeko arloetan ere bestelako lokalismoak dauden bezala; hori nabaritu egiten da. Gaur egun, antzezlan bat egiten ari naiz, euskaraz zein gaztelaniaz, eta onartu behar dut txiste batzuek euskaraz ondo funtzionatzen badute ere gaztelaniaz ez dutela emaitza bera lortzen. Alderantziz ere berdina gertatzen da.

Aktore lanetan, beraz, badago zer eginik euskararen ikuspegitik begiratuta? Edo mundu globalizatu honetan etengabe gaina hartzen dio gaztelaniak?

Lanean jarraitu behar da euskararen alorrean. Gaztelaniak zabaltzeko baliabide gehiago ditu, eta eskaintza ere handiagoa da. Baliabideen ezberdintasun hori konpentsatzeko, igo egin behar da euskarazko produkzioa. Jendeari eskaintza zabalagoa eman behar zaio euskaraz, eta kalitateak ere ona behar du izan. Baina kalitatea ona izateko, eskaintza handia behar da, eta jendeak ere bere ekarpenak egin behar ditu. Nire belaunaldikoak eta pixka bat gazteagoak direnak ETB1eko euskarazko eskaintza oso onarekin hazi ginen. Eskaintza hori, batzuetan, Euskal Herrian bertan sortua zen, eta, beste batzuetan, kanpotik ekarritakoa, baina bi kasuetan euskaraz egindako produktuei buruz hizketan ari gara. Uste dut gaur egungo gazteek hori galdu egin dutela. Egia da Goazen! telesaila dagoela eta hura kontsumitzen dutela, baina gisa horretako telesailek edo produktuek jarraitutasuna izan behar dute. Egun 10 urte dituen gaztetxo batek 12 edo 14 urte betetzen dituenean bere adinerako egokia den eskaintza izan behar du ETB1en. Bestela, baliteke etenaldi bat egotea hor. Horregatik eman behar zaio jarraitutasuna, gazte horiek kultura euskalduna kontsumitzeko ohitura har dezaten. Adin guztietarako eskaintza baldin badago, heldu bihurtzen diren heinean askoz errazagoa egingo zaie saio batetik besterako igarobide hori egitea, trantsizioa lasaia izango baita.

Gaur egun zer egoeratan dago aktore ogibidea?

Beti dago krisian. Jendeak beti pentsatzen du telebistan edo antzerkian lan egiten dugunok ondo bizi garela, baina ez da horrela. Nik denboraldi luzeak egin izan ditut lanik gabe. Pandemiaren kontuarekin, gainera, esan genezake krisia areagotu egin dela. Hala ere, pandemia alde batera utzita, geure ogibidean beti krisian egongo garela esango nuke. Kontuan hartu behar da aktore pila bat daudela telebistan ateratzeko aukerarik izan ez dutenak. Gogorra da, baina uste dut gure onena ematen dugula beti, egiten duguna benetan gustatzen zaigulako. Hasieran nabarmendu dut aktore ikasketak hasi aurretik kontratu mugagabe bat nuela lanean, soldata onarekin eta ordutegi finko batekin. Hala ere, gaur egun, pasatu ditudanak pasatuta ere, ez nintzateke atzera bueltatuko. Nahiko argi daukat hori, eta ez dut uste pentsaera hori aldatuko dudanik.

Zer esango zenioke aktore lanetan hasi berria den bati? Zer gomendio emango zenioke?

Pazientzia eta umiltasuna izan ditzala. Eta zauden tokian zaudela, edo jartzen zaituzten tokian jartzen zaituztela ere, beti izango duzula ikasteko aukera. Ogibidea gogorra dela, eta ez amesteko hasieratik telebistan edo zineman lan egingo dutela, edo Goya edo Oscar sari bat irabaziko dutela. Lana edukitzea izan behar dute amets. Badago jendea loteria irabaztearekin amesten duena, eta niretzat gustatzen zaidan honetaz bizitzea izango litzateke nire benetako ametsa. Ez dut saririk edo osperik espero. Benetan uste dut aktore lanean hasi behar duenak horrekin amestu behar duela. Horretan saia dadila, eta garai txarrak etortzen direnean ez dezala atzera egin.