Javier Buces: “Izen-abizenak jarri nahi dizkiogu biolentzia guztiari”

Javier Buces: “Izen-abizenak jarri nahi dizkiogu biolentzia guztiari”

Miren Garate

Oroimena eta giza eskubideak Bergaran programaren barruan, oroimenaren bulegoa ireki zuten joan den astean herrian, eta maiatzeko asteazken guztietan egongo da zabalik. Udalarekin batera, Aranzadi zientzia elkartea ari da proiektua garatzen, eta Javier Buces (Sevilla, Espainia, 1982) elkarteko historialariak lekukotzak ematera animatu ditu herritarrak: “Errepresio edo biolentzia batzuk ez daude dokumentatuta oraindik”.

Oroimena eta giza eskubideak Bergaran programaren barruan, oroimenaren bulego bat jarri duzue. Zertarako izango da?

Aranzadik herri batean ikerketa bat hasten duenean, alde batetik, hainbat artxibo —tokikoa, militarra…— kontrastatzen ditugu; bestetik, lekukotzak biltzen ditugu, eta, horretarako, oroimenaren bulegoa jartzen dugu. Bulego horretan, lehen kontaktua egiten dugu jendearekin, elkarrizketak-eta lotzeko. Jendea informazioa ematera eta jasotzera etor daiteke.

Zer motako informazioa lortu nahi izaten duzue?

Guk oroimen historikoa eta gertuko oroimena ikertzen ditugu; 1936tik gaur egunera arteko aldi osoa, motibazio politikoko biolentzia asko eta giza eskubideen urraketa asko egon baitira gerra hasi zenetik orain arte. Helburu nagusia biktimak lokalizatzea eta identifikatzea izaten da: gerrako, frankismoko eta motibazio politikoko biktimak. Izan ere, errepresio edo biolentzia batzuk ez daude dokumentatuta oraindik.

Zer falta da artxiboetan?

Esate baterako, normalean ez da egoten emakumeek jasandako errepresioari edo estigmatizazio sozialari buruzko dokumenturik. Azken hamarkadetako biolentziari dagokionez, hilketak dokumentatuta egon ohi dira, baina tortura kasuak, estortsio ekonomikoak eta beste gertaera asko, ez; edo polizia txostenak egoten dira, eta ezin ditugu begiratu. Historia orokorra gutxi gorabehera ezagutzen dugu, baina izen-abizenak jarri nahi dizkiogu indarkeria horri guztiari. Beti hitz egiten da egiari, justiziari eta erreparazioari buruz, eta, historialari gisa, gu lehen printzipio horretan gaude, egia jakiteko lanean, ondoren beste batzuek justizia eta erreparazioa egin dezaten.

Zer-nolako kasuak kontatu ohi ditu jendeak?

Frankismo hasierako garaian hilketak, epaiketa militarrak, ordena publikoko auzitegiaren sententziak, erbesteratuak, emakumeen aurkako errepresioa eta abar egon ziren; frankismoko azken garaian, trantsizioan eta demokrazian, ETA sartu zen, eta handik aurrera beste urraketa batzuk ere aurkitzen ditugu: tortura kasu asko daude, hilketak, ustez enfrentamenduak diren hilketak —seguru enfrentamenduak izan ote ziren ere ikertzen dugu—, estortsio ekonomikoa, mehatxu larriak, erbesteratze behartuak… Eskubideen urraketa batzuk bi garaietan ageri dira, eta beste batzuk, ez.

Lekukotzak jaso ostean, zein izaten dira eman beharreko hurrengo urratsak?

Lekukotza horiek kontrastatzen ditugu informazio historikoarekin, eta ikerketa amaitzen dugunean —bai artxiboetakoa, bai lekukotzen zatia—, emaitzak webgune batean argitaratzen ditugu. Han izen-abizenekin bila daitezke biktimak, eta urraketa mota eta frogaren elementua ere agertzen dira; hau da, lekukotza bat dagoen, dokumentu bat, biak… Webguneko informazioa ikusita, hutsen bat badago, zuzentzeko eskatzeko aukera du jendeak, edo informazio gehiago izatekoa.

Bergaran, orain ireki duzue oroimenaren bulegoa, baina beste herri askotan dagoeneko amaituak dituzue ikerketak. Zerbaitek harritu al zaituzte?

Askotan hilketen planoan geratzen gara, baina atzean biktima asko daude, askotariko profiletakoak. Indarkeria eta sufrimendu asko dago, eta gauza asko daude oraindik jakiteko. Bizi izan dutena kontatzeko oraindik prest ez daudenak ere badaude, edo batzuetan esaten digute lekukotzak ez argitaratzeko haiek hil arte, eta errespetatu egiten dugu. Tortura testigantza batzuk ere oso gogorrak izaten dira.

Bulegoan, informazioa eman ez ezik, jaso ere egin daiteke. Zer informazio eska daiteke?

Adibidez, batzuetan etortzen dira esanez aitona gerran hil zitzaiela eta hari buruz ezer ez dakitela, eta guk informaziorik badaukagun galdetzen digute. Izen-abizenak jakinda, artxiboetara ere jo dezakegu. Aranzadik ia hogei urte daramatza frankismo garaiko gauzak dokumentatzen, eta datu base bat ere badaukagu.

Erraza izan ohi da jendea testigantzak ematera animatzea?

Kostatu egiten da; herri guztietan daude giltzarri diren pertsonak, eta horien laguntza oso garrantzitsua izaten da; era berean, gertuko oroimenari lotuta, oso inportantea izaten da alderdi politikoak edo inplikazio politikoa duten pertsonak mugitzea. Ondo ateratzeko, inplikazio hori behar dugu.

Bergaran, udaleko talde politiko guztien babesa du proiektuak. Ohikoa da hori?

Bai, herri guztietan izaten da horrela: alderdi politikoen arteko kontsentsu bat egoten da, eta guztien artean erabakitzen dute Aranzadi elkarteak ikerketa lan hau egitea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.