Milurteko biztanle berriak Kortazarren

Milurteko biztanle berriak Kortazarren

Maria Ortega Zubiate

Soraluzek bi biztanle berri ditu: Gortazar eta Otsoaldasoro. Hala ere, berriak izateak ez du esan nahi herrira heldu berriak direnik; 4.000 urtetik gora daramatzate Kortazar mendilerroan, Bizkaiko itsasoari eta herriari begira. Izan ere, Aranzadi zientzia elkarteak aurkitu berri dituen bi monumentu megalitiko dira; zistak, zehazki. Testuingurua ulertuta, garrantzitsua da bi monumentu megalitiko horien aurkikuntza: mendi berean aurretik aurkitutako hemeretzi dolmenei gehituta, 21 monumentu megalitiko daude jada Soraluzen; herriko ondarea nabarmen aberasten duen Dolmenen ibilbiderako gehigarri garrantzitsuak izango dira azken bi aurkikuntzak.

Lur azpian balioa zuen “zerbait” aurkitzeko aukerak bazeudela uste zuten bertakoek. “Susmoa bagenuen, Karakate gainetik lehen dolmeneraino oraindik ez zegoelako aurkikuntzarik eginda”, esan du Iker Aranzabal Soraluzeko alkateak. Iritzi bera du Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoak eta bi monumentu berri horien indusketa lanetako zuzendariak: “Mendi lepoetan eta tontorretan zeuden orain arte aurkitutako dolmen guztiak, eta hutsune handia zegoen Karakateren eta lehen dolmenaren artean. Harrigarria zen toki horretan ezer ez egotea”.

KARAKATE

Azken bultzada, ordea, “kasualitatez bezala” heldu zen arkeologoengana: Hilharriak taldeko kideek eman dute lehen elementuaren berri, eta bigarrenarena Julian Ezenarro soraluzetarrak. Susmoari tiraka mendia zulatzen hasi, eta hantxe aurkitu dituzte bi zistak. Hain zuzen ere, Kortazarreko nekropolia osatzen duten bi elementu direla ondorioztatu dute arkeologoek. “Dolmenetan, ezagutzen dugunez, hilobi kolektiboak izaten dira, gizatalde bateko gorpuak gordetzeko kamerak. Gizataldeek eraikitzen zituzten monumentuak, familia edo klan horretako hildakoak gordetzeko”, azaldu du Tapiak.

Aurkitutako bi elementu berriak, oraindik guztiz zehaztuta ez badaude ere, Brontze Arokoak direla ondorioztatu dute Tapiak eta haren lankideek; 4.000 urte inguru dituztela, alegia. Aitortu dieten adin horrek adierazten du mendilerroan dauden gainontzeko monumentuak baino gaztexeagoak direla. “Ez dira bi dolmen klasiko. Neolitoan hasi ziren eraikitzen dolmenak, duela 6.000 urte inguru. Brontze Aroan, berriz, txikiagoak izaten ziren eskultura horiek: ordura arte, hilobia estaltzeko harriak 12-16 metrokoak ziren, eta, handik aurrera, 6-7 metrokoak izan ziren”, adierazi du Tapiak. Neurri txikiagoa izate horrek ematen dio, hain justu, beste izen bat egiturari: “Horregatik deitzen zaie zista. Dolmenak handiagoak dira”.

Balio arkeologikoa

Bada mende bat Kortazarren balio arkeologikoaz konturatu zirela, artean Telesforo Aranzadi antropologo bergararra lur hura ikertzen ari zela. Harekin batera ibili ziren Joxe Migel Barandiaran eta Jesus Elosegi adituak ere. Berez, Kortazarreko ondarea ez da salbuespena Gipuzkoan eta, oro har, Euskal Herrian. “Horrelako egiturak ezagutzen ditugu gure lurraldean”, dio Tapiak. Baina, agian, kasu hau bada bakana bere osotasunagatik: “Karakatek duen balioa mendilerro osoarena da, horrelako eraikuntzekin beteta dago”. Multzo moduan “nahiko konpaktua” dela gaineratu du arkeologoak. “Eta ondo antolatuta dago: mendilerroa zorrotza eta zabala da, baina erritmikoki daude banatuta egiturak, zenbait metro pasatuta ageri dira”.

Aurkikuntza horiek guztiek erakusten dute nekropoli handi bat zegoela Deba haranaren bihotzean. “Mendilerro guztiak balio izan du nekropoli gisa. Eta ez talde bakarrarentzat; ziur aski, mendilerroaren inguruko gizatalde guztientzako izan zuen funtzio hori”, laburbildu du Aranzadi zientzia elkarteko kideak.

Udalaren aldetik, bi elementu berriak “albiste onak” izan dira, “herriko ondarea indartu” baitute. Dolmenen ibilbidean gehituko dute laster, bi arrazoirengatik. Batetik, aurretik zeuden monumentuei beste bi gehituko zaizkielako. Udalaren helburua da bi horiek jada dagoen ibilbidera gehitzea, herritarrei beren aisialdirako eskaintzeko. Bestetik, lege kontuei dagokienez, horrelako ondarea aurkitzeak “babesa zabaltzea” dakar berekin. Ondorioz, babestuta egongo da mendiko eremu guztia, eta ezingo da garatu “ezein proiektu inbasibo”.

Errotak dolmen artean

Aurkikuntzaren alde positiboetako bat ere juridikoa da, Tapiaren ustez. Izan ere, mendi horretan proiektu bat garatu nahi du Capital Energy enpresa pribatuak. Proiektu horrek proposatzen du Kortazar mendi tontorreko antenaren eta lehen dolmenaren artean bi haize errota jartzea, energia ekoizteko. “Capital Energyk eman zigun bere asmoen berri, eta proiektuaren aurka azaldu ginen gu, udala eta alderdi politiko guztiak”, esan du Soraluzeko alkateak. Erabaki irmoa hartu zuten udalean, eta Elgoibarko Morkaiko mendi taldeak ere sinadura bilketa bat abiatu du.

Ezezko horrek arrazoi ugari ditu, Aldazabalen hitzetan: “Urte asko daramatzagu Elgoibarko eta Bergarako udalekin lanketa bat egiten, ibilbidea sustatzeko, bultzatzeko. Bisita gidatuak ere egiten ditugu. Hiru udalok egiten ari garen lanketarekin ez da bateragarria bi haize errota horiek jartzea”. Balio arkeologikoa soilik ez, Soraluzeko Udalak “balio paisajistikoa eta historikoa” ere aitortu dizkio Kortazar mendian duten ibilbide horri, eta bi errotek hori suntsituko luketela uste du.

Monumentu gehiago?

Iritzi berekoa da Tapia. “Horrelako plan bat egitekotan, alde guztiak hartu beharko dira kontuan, eta uste dut egongo dela errota horiek jartzeko beste tokiren bat”. Aranzadiko arkeologoak onartu du ondarea babesteko legeak eurak behartzen dituela hainbat neurri hartzera. “Baita administrazioa ere. Argi dago mendilerroa monumentuz beteta dagoela, eta, arakatzen jarraituz gero, agertuko dira beste batzuk”. Haren ustez, “azkeneraino” gauzatu beharko litzateke eremu megalitikoek duten babesa. “Horrek, noski, ez luke baimenduko haize erroten proiektu hori bertan egitea”.

Soraluze inguruan espero zuten zer edo zer agertzea, eta proiektua martxan jartzekoak ziren eremuan bertan azaldu dira, hain justu, Gortazar eta Otsoaldasoro. Aurkikuntzak itxaropena piztu die udalari zein Aranzadi zientzia elkarteari, ondareak proiektu hori oztopatuko duela sinetsita daudelako. Hala gertatzen ez bada, eta Eusko Jaurlaritzak azkenean proiektuari babesa ematen badio, Soraluzeko Udala prest azaldu da kontrako jarrerari eusteko. “Espero dugu oinarrizko babes hori emanda Eusko Jaurlaritzak ere kontuan izango duela”, adierazi du Aldazabal alkateak. “Baina, aurrera eginez gero, udalaren izenean alegazioak aurkeztuko ditugu proiektu horren aurka”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.